Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
KARRAMARROA
Karramarroa 2016ko azaroaren 19an estreinatu zen Gernikako Lizeo Antzokian.
Lantaldea
Testua: Dxusturi Teatroa, Antton Lukuren ideia batetik abiatuta. Tartean Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Marcela Iacub-en testu zatiak erabili dira.
Zuzendaria: Pablo Ibarluzea.
Aktorea: Eneritz Artetxe.
Eszenografia: Atx Teatroa.
Jantziak: Azegiñe Urigoitia.
Kartela: Ionan Berasaluze.
Diseinu grafikoa: Roberto Quintana.
Argiaren diseinua: Zigor Gorostiola.
Argi teknikaria: Amaia Iurrebaso.
Musika: Malatu (Mikel García).
Ekoizpena: Dxusturi Teatroa.
Antzezlan honetan aktore bakar bat agertuko zaigu oholtza gainean. Testuak aipatzen dituen beste pertsonaia guztiek ere eszenatokian lekua izango duten arren, ez ditugu fisikoki ikusiko. Antzezle bakarraren lana izango da, beraz, ikusten ez ditugun pertsonaia horien presentzia bere antzezpenaren bidez iradokitzen duena.
Pertsonaiak
Idoia: 45 urteko emakumea. Liburuzain izateko oposizioak prestatzen ari den irakasle eta bulegari ohia.
Zeharka azaltzen direnak
Mikel: Idoiaren senargaia (edo).
Markel: Idoiaren nagusi ohia (edo).
Aita: Idoiaren aita.
Mon Lapin familia: hondartzan, Idoiaren kokalekutik metro batzuetara dagoen familia eredugarri frantsesa. Mutil koskor bat eta bere gurasoak.
Txokolate eta banillazko bikotea: bikote multi-arraziala.
Tiburon-tiburon: Itsasertzean, olatuekin jolasean dabilen surflaria.
Futbol jokalariak: hondartzara footing egiten joan diren jokalariak.
Roko: metro batzuetara kokatuko den nudista sofistikatu eta kulturista.
(Oholtza gaina ilun dago. Itsasoaren soinua, kalatxoriak, haizea eta txakurren zaunkak entzuten dira. Argia pizten doan heinean muino txiki bat agertuko zaigu begien aurrera. Eremu murritz hori hondartzaren atzeko espazioan kokatzen da eta irla txiki isolatu bat ematen du. Mamarro itxurako emakume bitxi bat sartzen ikusiko dugu oholtzak irudikatzen duen hareatzan. Zalapartari azaltzen zaigu emakume-mamarroa, jendearen artetik bidea egiten ari dela irudikatuz eta hauen gorputzak saihesten dituela jokatuz.)
idoia: Barkatu, pardonnez-moi... Merçi beaucoup, merçi madame. Bonjour, monsieur! Eguraldi ederra daukagu, ezta? Oihal horia, gainera. Oui, oui... izugarri polita gure hondartza! Hego haizea... Bonjour, madame! Aizu, txurfista, kontuz marrazoarekin! (Kantatuz) El tiburón, el tiburón…
(Muino txikia idoiaren eremua izango da, bere gotorlekua. Espazio berezitu horretan sartu bezain laster gainean dakartzan tramankulu guztiak utziko ditu brau. Hondartzako kartel batean “C’est un espace naturiste” irakur daiteke. Antzezlanean zehar, emakumeak, muinotik metro batzuetara dabilen jendeari hitz egingo dio haiengandik sekula erantzunik espero gabe. Hasteko, bere burua aurkeztuko du afektazio handiz.)
Egun on! Bonjour! Good morniiiiing! Attenzione! Zuekin: hondartzako mamarroa. (Hondartzako jendearen ahotsak imitatuz) “Kanpora! Ez genuen horixe besterik behar! Nondik atera dute ipurdi handi hori?” (idoiak zeremonia handiz antzeztuz eta gehiegikeriaz betetako erreberentzia bat eginez erantzuten du) A, eskerrik asko zuen arretagatik.
(Inolako arretarik jartzen ez dieten hondartzakideei agurrak eskaini ondoren, idoiak gotorlekua bere erara atontzen du. Kantatzen hasten da.)
Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora, naramate eta ez dakit nora...
(Kontzentrazio esparruetako alanbrea ateratzen du poltsatik, honen bidez bere eremua mugatuz.)
Muga-muga. Biriatu-Biriatu. Danger-danger. Muga-muga, Biriatu-Biriatu, danger-danger... (Hondartzako jendeari erantzuten diola antzezten du) Ez, ez nago mozorrotuta, badakit ez gaudela inauteri garaian. (Zerura begiratuz) Non dago euria, Ana Urrutia? Ez du sekula asmatzen... Muga-muga, Biriatu-Biriatu, danger-danger... Euskalmetek uuuuuhhhhh!
(Harresia hedatu ondoren, idoiak hondartza zabalari begiratzen dio eta bertan ikusten duen jendea aztertzen du.)
Ze zirku da hau?
Hemen ere bazterrak kolonizatuta dituzte nudista berriek, moda berrikoek... ba, leku guztietan daude moda berrikoak.
Gorrotatzen ditut aberats berriak eta metrosexual berri horiek. Olatuaren gandorrean bizitzeak eskubide guziak emango balizkiete bezala beraien sasi pasioak bulegoko kide guziei inposatzeko. Adibidez, bulegoa erakustoki bihurtzea edo lantokia beraien jenialtasunen erakustoki bezala erabiltzea. Markelek, nagusia denez, erraz dauka, argumentu futuristez jantzi lezake. Baina kontratatzerakoan esan beharko ligukete. Jakin beharko genuke alboan gordeko gaituzten egaren erreforma antolatzeko, edo landare-denda enplegatu gisa utziko gaituzten bulegoan, adarrak mozteko guraizeak esku batean eta ureztatzekoa bestean. Eta ezin ezer esan, irekitasuna da epai-neurria gizarte berri honetan, (hondartzako jendeari oihuka) ipurdi biribil eta beltzatuen herrian!
(Bere buruarekin haserre) Baina zergatik dun Markel alua gogoan? Hemen gaitun, hain zuzen ere, sekula gehiago kontakturik ez izateko harroputz gangar horrekin.
Gogoratu itzan oposizioak, Idoia, azterketa. Zertara etorri haiz hondartzara? Ikastera.
(Begirada luzea eskaintzen dio hondartzari eta honek iradokitzen dion testu bat errezitatzen du afektazio handiz.)
“Hendaiako hondartza egunez sentimendu bat da. Ezer ez den, inon ez dagoen, inor ez direnen herri hau. Aireportuak, ospitaleak, kontzentrazio esparruak eta Hendaiako hondartza. Argia eta itsas marruma, zoko honetako mikromundua da gure bazka. Gure herriaren ezkerretik zentrora bitarteko joera guztien mausoleo biziduna”.
Eider Rodriguez
(Eserlekuan jarri eta ikasteko asmoa dauka, baina harako bidean karramarro andanarekin egiten du topo.)
Are, karramarroen inbasioa! Hau mordoa. Inurriak ematen diten, eguna diten, pertsegitzen naiten. Goizean horoskopoa: “Cancer: Ahaztu itzazu arazoak une batez eta momentuaz gozatu”. Kaka zaharra, arazoak horrela ahaztuko balira bezala. Hauek, hasteko hona datoz, beraien burua niri gogorarazten: Cancer... Gaixoak, sekulako sustoa sortu diet neuk ere. (Karramarroak ikaratzera jolasten da, ume txikiei mamuekin egiten zaien bezala) Cancer! Cancer! U-uuuuhhh! Cancer!
(“C'est un espace naturiste” jartzen duen kartela begiratzen du, eta poltsatik “Oposizioak” idatzita duen beste bat ateratzen du. Bigarrenarekin estaliko du lehenengoa. Hondartzan dabilen jendeari hitz egiten hasten da.)
Aizue, isiltasuna, mesedez. Oposizioak, oposizioak dira, ikusten duzue? Kontzentratu beharra daukat. S’il vous plait, madame, s’il vous plait, monsieur. Regardez, mesedez. Oposizioak, oposakete, oposakete.
(Bere asmo trinkoak hondartza osoari adierazi ondoren, idoia eserlekurantz abiatzen da. Dagoen lekutik metro batzuetara, ordea, mutil koskor bat ikusten du. Mutila baloiarekin jolasean ari da bere gurasoek eguzkia hartzen duten bitartean.)
Ei, txikito! Oso azterketa garrantzitsua diat bihar. Kontzentratu beharra zeukaat; beraz, hire baloiak buruan ematen badit, zulatu egingo diat. Entzun duk? Ton balon pum. Ton balon pum pum. Ton balon pim pam pum.
(Urrunago kokatzen diren guraso frantses eredugarriei hitz egiten die.)
Bonjour, madame, bonjour! Zer? Ez dut zure alboan ondo ematen, ezta? Ea. Ba esaiozu zure Mon Lapin txiki horri ez dezala muga hau zeharkatu (kontzentrazio esparruetako burdinak erakusten dizkio) ze hau elefanteentzat erreserbatuta dago. Jarrai dezala baloiarekin hor, pirañen putzu horretan. (Mon Lapinen ama imitatuz) “Oh, la plage de Hendaye tres jolie, tres jolie. Je ne comprends pas. Ne comprends pas. Café au lait, croissant, La tour Eiffel… Je ne comprends rien, rien de rien, rien de rien...”.
(Mon Lapin familiaren kontura barre egin ondoren emakume mamarroak berriz ere eserlekurako bidea hartzen du abesten duen bitartean.)
Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora, naramate eta...
(Sasiak begiratzen ditu.)
Ze, ze, ze demontre dira horiek? Tamarizak? Sasia edo sastraka deituko diegu. Guretzat berdin. Hor ditin Markelek laneko lagun eta subalterno guztiak kaka eginarazi gabe. Han bonsaiak eta hemen tamarizak. Harritzekoa da bulegoko arbolatxo tzar haiek ematen diguten lana. Batean adarrak kendu, bestean puntak makurtu, jaten eman edo berdin kendu sufri dezaten, baina ez sikatzen utzi, e! Niri bost. Eta hemen, ditxosozko forma lortzeko, nahikoa ditizten txakurren kakak eta mutiko horiek hondartzara goitik behera sartzerakoan adarretatik tiraka aritzea. Efektu bera du. Balio du. Baina, hara, ez dira arraza noblekoak. Ez dira Japoniako zedroak, edo... zer demontre dira horiek? Tamarizak. Markel igorri behar nuen hona, naturaz baliatzen ikas dezan, baina hark ez ditu euroak zurrupatzen ez dituzten landareak gogoko.
(Liburu erraldoi bat eta eguzkitako krema ateratzen ditu poltsatik. Bi objektu hauek zeremonia handiz aurkezten ditu erritual baterako irudi sakratuak bailiran. Bien artetik bat aukeratu behar du.)
Ooooo... “Oposizioak gainditzeko ezinbestekoa den liburu bilduma gogoangarria” edo, aaaaaaaa... “Izpi ultramoreak ekiditeko ukendu bio-mega-ekologikoa”. Nondik hasiko naiz? Dona dona katona, sutondoan amona, lepotik behera kuttuna... bahhh!
(Liburua saskian sartzen du eta kremarekin geratzen da.)
Indizea: Turbo 250.
(Krema bere gorputzean hedatzen duen bitartean Mon Lapin-i begiratzen dio.)
Zer du niri begira egoteko babo horrek? Ari hadi hor futbolean, hire belaunaldian integratzeko! Ez duk ezer baloiaz kanpo horren adineko okilentzat. Bestela ez haiz profesionala izatera iritsiko! Bere aita bezala. Hor. Bai, ikusten dut hura ere, bere betaurreko beltzekin, bere begirada okerrarekin. Bonjour, monsieur!
(Krema aurpegian hedatzen duen bitartean hondartza zabalari begiratuko dio.)
Bai, bai, bai, bai... Markelen lagun metrosexualen espazioan sartu naizela ematen du. Azalpenik ez da behar. Ipurdi biribil horiek, larru leunduak... dena biologiko, ekologiko eta naturala. Bai, beste bati konta.
(Krema ematea bukatu du.)
Uf! Ze haragi pilaketa! Oesteko nobela batean gaudela ematen du.
(Ameriketako indioen dantza antzezten du.)
Bisonte ehizaren ondotik, indio emakumeek haragi hori guztia eguzkitan lehortzen utzi dutelarik. Haien Pemicam errituala egiteko eguna, edo gure txerri hiltzea berdin.
(Sommelierraren rola jokatzen du.)
Baina ez da usain bera. Erreki usaina sentitu beharko nuke baina ez. Arrandegi batena da, krema edo erremedioekin nahasten da, holako bafada artifizialak heltzen zaizkit. Kontserba usaina du jende garaikideak, homo beltzatisak, ontzi sotoko giroa, kontserbatzaile eta kautxu zapore...
(Hondartzakoei, asmo txarrez.)
Berdin du hori dena minbiziak eramango badu berarekin upeletan, ontzietan destilaturik... Cancer! Cancer!
(Berriz ere ume txikiak beldurtzen ariko balitz bezala zuzentzen zaio hondartzako jendeari, haien beldurrarekin jolastuz eta haien kontura barre eginez. Telefonoaren txirrina entzuten da. Mikelen whatsapp-a irakurtzen du. idoiaren telefonoak karramarro baten itxura du.)
“Josebak deitu nain, kontatuko dinat, gogoan haut”.
(Telefonoari hitz egiten.)
Gogoan nau, bai, gogoan nau, beste mila gauzaren artean, noski. Gero oso berea da ordenagailuko pantailan bost fitxategi batera irekita aritzea. Beti multilan izan da, eta ni, lan bakarreko. Horixe da arazoa.
(Telefonoa aztertuz.)
Ondo heltzen zaien batzuei tresna honen asmaketa. Ubikuitatea irabazi diten, Josebarekin han, eta ni gogoan. Han ibiltzea eta hemen egotea. Izan ere, neronek esan nionan lana nuela eta bakea emateko baina... Ui, Idoia, Idoia! Harira, harira! Gogoratu ezan azterketa, azterketa! Tira, neska, ez utzi gogoari eskapatzen, bonsaien tiraniara kondenatua izango haiz bestela. Edo leihotik puenting ariketa bat egitera. (Bere jauzi suizida irudikatzen du) Fiuuuuuuuuu... Bum!
Zeren oraingo honetan Markelek ezin din hi bezalakorik bere begi ninien aurrean sufri. Bere performancearen estetika izorratzen dion.
(Ikasteko erritualari ekiten dio. Horretarako saskian utzitako liburu erraldoia ateratzen du lehenagoko zeremonia bera errepikatuz.)
Ooooooooo! “Errusiar literatura eta bere eragina euskal idazleengan. 5. atala, Lev Tolstoi...”.
(Liburua aurkeztu arren hondartzako giroari begiratzen dio berriz ere.)
Ze egun ederra behar duen egin... Ondo! (Militar keinua) Metodikoki joka dezagun! Timing. Lehendabizi ez gehiegi sufritu, eta batez ere ez jalgi kiskalita hemendik. Ahozko azterketara ez haiz aurkeztuko karramarro egosia bezain gorria, marra zuri batekin bizkarraren erditik...
(idoiak muinotxo isolatua begiratzen du eta zerbaitek huts egiten duela iruditzen zaio.)
Aterkia, aterkia behar dut.
(Muinoan ikus dezakegun sasi oker horietako bat eskuetan hartu eta hura eguzkitako aterki bat balitz bezala aurkezten du.)
“Sunfuck aterkia. Arriskurik gabe beltzatzen laguntzen zaituen tresna. Bere oihal iraultzaileak izpi beltzatzaileak uzten ditu igarotzen eta erretzaileak berriz geratzen”.
(Bere eserlekuari itzal egiteko moduan jartzen du sasia.)
Ez du gaizki ematen honek, ezta? Egia balitz! Ze egun ederra behar dudan pasatu... (Urrunagotik bere eserlekua begiratuz) Estiloa ematen dit, Guggenheim style, eskultura bat ematen du, eskultura metafisikoa. (Eskua adarren azpian jarrita) Ez dit larrua markekin beltzatuko, ezta? Bihar azterketara hurbiltzen banaiz izterrak untxien kaiola batetik aterata bezala...
(Bere azken txisteari barre egiten dion bitartean, telefonoaren txirrina entzuten da. Aitaren deia da. Sakelakoa hartu, itzali eta berehala jaurtitzen du saskira.)
Ez da posible. Hondartzara heldu baino ez naiz egin eta! Etxetik atera berri naiz! Baina zer du oraingoan?
Hau ez da aita bat. Hau zigor bat da. Lakasta. (Aurrean duen aitari hitz egingo balio bezala) Esan nion: aita, bihar lana dut, behar baduzu zapaldu ezazu zure eskumuturreko botoi berdea eta Marilu berehala etorriko zaizu. Auzoan bizi da, horixe da bere lana. Baina ez, ez, ez, ez...
(Aitaren burugogortasuna irudikatzen du. Ondoren arnasa sakon hartu eta bere burua lasaitzen saiatzen da. Hondartzari bere hedadura osoan begiratzen dion bitartean idoiak arreta bere arazoetatik desbideratzen du.)
Bitxia da nola lotzen dugun hondartza naturari. Hemen ibiltzea izate naturalari, ongi izateari, erlaxatzeari, egiatasunari, egun ederrei, lasterregi pasatzen direnei. Haurrekin jolastea, zorion garbia.
(Hondartza guztira begirada zabalduz.)
Jendea ez da jolasten ari. Jolasten ari dela erakusten du. Bere zoriona zabaltzen du, inguruko jende guztia publiko gisa bahituz. Hondartza erakutsi nahi dugun familiaren erakustokia da. Emakume mota hori... J’adore... Ordu erdian tripa leundu, larrua txurruskatu, hortzak bider bi eskalan jarri eta irri. Pozik, alai, uros, alegera, zoriontsu... Beste planeta batean dindilizka dabil. Edenaren erdi erdian. Han ez da gaixotasunik, krisirik ez konfliktorik. Haren edertasunaren ospatze permanentea baizik.
Haurrak ere edertasun hori apaintzeko dituzte hor. Atrezzoak dira. Amatxok hautatutako lookaren pieza bat. Moda aldatzen delarik ordezkatzen dituzte umeak ere. Badu andana bat baino gehiago dressing-ean.
(Txakurrekin batera footing egiten duten korrikalariak ikusten ditu itsasertzetik hurbil.)
Footing egiten duten friki horien txakurrak bezala; erraldoiak, arriskutsuak eta arraza berezikoak izan behar dute. Haurrak berdin. Frantsesak, of course, eta izen suitzarrekin. Gizonak ere hor daude hondartzan, beraien arrakastaren kontu korrontean hori guzia kapitalizatzen: holako emakumea baldin badut, akzioak eros ditzaket hondartza honetako edozein gorputz hedatutan.
Hondartza irudiaren totalitarismoaren erakusleiho bilakatu da. Erdi Aro analfabeto berria da. Nobelak erakusten zigun Jainkoaren egia bakarra, ehunka egia erlatibotan disolbatzen zela. Globalizazioaren laborategi honetan, berriz, gorputz kontsumistek inguratzen gaituzte, egia bakarra dagoela aitortu arte. Norbaitek izan behar du arrazoia, ezin gaitezke irakurketaren konpasean soilki flotatzen egon. Juzgatu egin behar dugu, Anna Kareninak bere buruaz beste egiten badu ondorioztatu behar dugu erruduna dela eta hondartza honetako emakumerik ederrena plastikozko Barbie hori dela. Egia biblikoa balitz bezala onartu behar dugu...
(Erretzen ari dela konturatzen da. Liburuarekin babestu nahi du bere burua eguzkiaren izpietatik baina ez du lortzen. Ondoren, sasiekin egindako aterkia erabiliko du helburu berberarekin.)
Errea naiz! Errea naiz! Errea naiz! (Sasi aterkiari begiratuz) Baina ez du ezer egiten honek! Babesten du gutxienez? Zer egun ederra...
(Minbiziaren beldurrez, bere gorputzeko oreztak zenbatzen hasten da.)
Bat, bi, hiru...
(Nonbait irakurritako iragarki baten leloa gogoratzen du.)
“Larruaren minbizitik babestu zaitez: gorputz atal bakoitzean hamar peka baino gehiago badituzu hamaikagarrena melanoma bilaka daiteke”.
Hamaika? (Berriz ere oreztak zenbatzen ditu) Bat, bi, hiru, lau... Hamaika zer? Hamaika mila izango dira... bat, bi, hiru, lau... aspaldi lurperatuta egon beharko nuke nik bestela... bost, sei, zazpi, zortzi...
Beltzak bakarrik zenbatuko ditut, beltz-beltzak bakarrik. Bat, bi, hiru, lau, bost... Hori ez da besoa, gorputz atal bakoitzean hamaika esan du eta hori ez da besoa, hori lepoa da... lau, bost, sei, zazpi, zortzi... hamaika esan du?
(Lur jota.)
Eguzkia koladorearekin hartzen dudala ematen du. Ondo zegoen duela mende pare bat, inpresionismoaren garaian. Eta ez da hori okerrena, ukitzen direlarik baizik: erliebea. Peka batzuek hartzen duten bolumena. Alienak ematen dute. (Berriz ere bere burua eta ingurukoak ikaratzera jolastuko da) Aaaaaa!
(Itsasertzean mugitzen den zerbaitek bere arreta hartzen du.)
Are! Ez genituen horiek besterik behar: futbolariak! Zertara datoz horiek naturismo leku batera beraien plastikozko gorputz perfektuekin? Show bat ematera? Ez dute inolako interesik gure gorputz akasdunetan. Espazio naturista batera datoz hormona sintetikoek puztutako gihar horiek erakustera?
Dena lehertzen dute beraien ibilbidean. Eta, are! Elastikoak kentzen dituzte orain galopa txikian. Izerdia botatzeko ari badira, ze interes du larru gorritan jartzeak? Ez?
Beraien soinak begiratzen dituzte lasterka dabiltzala, beraien buruak miresteko. Ez diote sekula haur izateari utzi. Soinketa klaseetan Lopez Ufarte edo Arkonadaren izenak bizkarrean idatzita zeramatzatenean bezala. Orain berriz Llorentek Llorenteri begiratzen dio.
(Footing egiten ari direnei oihukatuz.)
Aizu, Llorentente, goooooooool!!! Athletic! Athletic! (Abestuz) Athletic gorri eta zuria, denontzat zara zu geuria… barkatu... Erreala!! Erreala!!!
(idoiak zalaparta itzela ateratzen du jokalarien kontura. Hauei oihuka ari dela liburua ikusiko du eserleku gainean eta hark bere egin beharra ekarriko dio gogora. Ikasteko asmoz eserlekurantz abiatuko da orduan. Bide horretan, bere burua lasaitzen eta kontzentrazio apur bat biltzen saiatzen da.)
Aupa, Idoia! Aupa! Gogoratu ezan bihar azterketa garrantzitsu bat dunala. Lasai, lasai, primeran egingo dun eta. Primeran. Ezin hobeto aterako zain, ikusiko dun. Aupa Idoia! Aupa! Kontzentrazio apur batekin erraz gaindituko ditun oposizioak, neska. Oposizioak, oposizioak.
(Bere burua kontzientziatu ondoren liburu erraldoia hartzen du ikasten hasteko.)
“Errusiar literaturaren historia eta bere eragina euskal idazleengan. 5. atala: Lev Tolstoi”.
(Futbolariekin gogoratzen da eta berriz ere begiratzen die hondartza zabalean hara eta hona dabiltzan pertsonei.)
Izan ere, onartezina da. Onartezina da edozein lanpostutarako beltzatua eta liraina izan behar hori. (Liburutegiko bezero bat imitatuz) “Egun on anderea: Victor Hugoren Hernani nahi nuke. Baina ez zuk emana, nire amonaren pixontzia baino zuriagoa zara! Gaixotzen ari naiz zuri begira. Nondik atera dute emakume hori?”.
Modeloa izan behar da liburuak zaintzeko ere? Eskuetatik ihes egingo digute bestela? Bernardo Atxaga ez da modeloa, Sarrionandia ezta ere, Bilintx? Eta nik modeloa izan behar dut liburuak zaintzeko ere. Berdin du, ez gaitu inork begiratuko, ez du inork irakurtzen. Liburutegiak kultur aniztasunaren aitzakia dira. Haurrak idiota bihurtu ditugu. Frantsesek beraien erara kontatutako euskal legendak sinisten dituzte. Rrrrrrroland! Edo planta egiten, ume horiek ez baititut sekula arreta jartzen ikusi. Arreta jartzen dutela antzezten bai. Irakaslea nintzen. Mesedez...
(Antzezpenak aurrera egin ahala, hondartzako jendeaz gain gero eta gehiagotan zuzenduko da aurrez aurre publikoari. Eta konfesio azkar bat egingo dio publikoari une honetan.)
Onartezina da, onartezina da... Bila etorri zitzaizkidan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Batzordetik, nire bila, egaren erreforma diseinatzeko. Otoi, esan zidaten, nire irakasle lanpostua utz nezan eta ez dakit nik zer, beno, egia esan kokoteraino nengoen buru huts mordo horrekin nire inguruan bueltaka... eta orain hor nago, bonsaiak ureztatzen. Zeren Markelek “bere bizimolde pertsonalaren boladek bultzaturik” dakarkigu Bartzelonatik “proiektu-buru oso zaildua, izugarrizko esperientziarekin gauza horietan, zeren Katalunian... eta, batez ere, kreatibitate bat”...!!! Pfffff! Nahikoa dut ikustea nola depilatua den.
(Arnasa apur bat hartzen du.)
Bestalde, Euskal Herrian ezin da ezer egin Kataluniatik ez datorrenik? Dena da Katalunia. Sastarrak batzeko ere, nire auzoan, bi katalan kontratatu dituzte, hizkuntza bultza dezaten lan eremuan. Euskara ez dakite, ez dute oraindik ikasi. Lehendabizi katalanez arituko dira, eta gero euskara barneratuko dute naturalki, modu alternatiboan, kontzientziatu ondoren.
Kataluniak independentzia lortu baitu, edo hori esan digute, lortu gabe. Hori baita euskaldunon helburua; diskurtsoetan galtzea, ezer egin gabe. Markel bezalako proiektu-buruen abertzaletasuna da hori. “Idoia, ez zaitugu kanporatzen, e, hau zure etxea da, badakizu”. Eta hori esan ondoren ureztatzekoa eskaini zidan eskuekin eta kokotsarekin bonsaiak erakutsi.
Txistua jaurti nuen ontzian, eta esaten dizuet, liztor asiatikoek ere ez dutela holako pozoirik ematen. “Nor naizela uste duk, Markel? Nahi badut irakasle itzul naitekek”. Ez zitzaidan batere gustatu bota zidan kabroi irria.
Ez da posible irakasle itzultzea. Hor harrapatu nau. Alde batetik kretinoen begirada lingirdatsua. Gainera euskara irakasle. Ingelesekoa edo frantsesekoa balitz behintzat, baina euskara irakasle? Inor ez da horretan interesatua Euskal Herrian. Denen erruki begirada jasan behar kalera ateratzen ausartzen zarelarik. Hori, sekula lotsari lepoa ematera iristen bazara, baina lotsa berriz sortzen da, fenix edo hidra bailitzan… euskara irakasle…
Inork ez ditu irakasleak maite. Histeriko, karakterekoi, lehor, larderiatsu eta oihukariak ikusten dituzte. Eta ipurdi handiak.
Aizue, ni ez naiz irakaslea dagoeneko! Liburuzain oposizioa gaindituko dut bihar.
Harrituta utziko ditut! Txundituta! (Hondartzako pertsona baten ahotsa imitatuz) “Ez duzu gaindituko, pakete bat zara!”. Eskerrik asko zure babesagatik.
(idoiak, emakume mamarroak, liburua hartu eta irakurtzeko prestatzen du bere burua. Orriak hostokatuko ditu ikasgaia aukeratzeko asmoz, baina begirada hauetatik aldenduko zaio berehala. idoiak ez ditu jadanik orriak begiratzen, bere oroitzapenetan murgilduko da.)
Erratu egin haiz. Erratu egin haiz. Hire belaunaldiko hainbat neskaren astakeria bera egin dun. Irakaslearen bidea hartu dun, sagu artera sartzen hintzela ohartu gabe. Erraztasuna hautatu dun gurasoei plazer egiteko eta oporretan Malagara joateko, jakin gabe depresioz eta jendearen mespretxuz ordaintzen dela gaztaroko ahulezia hori.
(Hondartza zabalerantz oihukatuz.)
Larru beltza eta gorputz liraina emakumearen oskola ditun gaur egun! Hau gabe azalberritzen diren karramarroen antzera habil munduan! Edozein hegazti jatunen harrapagaia haiz! Babesik gabea! Bizkarrezurrik gabeko pieza, bigun, ahul eta mespretxagarri!
Ba... Ni ez naiz beltzatua eta liraina izateko jaio. Eguzkitan etzanda egoteko gaitasunik banu, hainbesteko sufrimendua ekarriko ez balit...
(Eguzkia hartzeko prestatzen du bere burua erritual baterako erregaia balitz bezala. Zeremonia horri dagokion otoitza errezitatzen du.)
“Hemen, eguzkipeko erraztasun erabatekoan askatu egiten naiz. Eguzkia horretarako baita ene iritzian. Isilik erretzen zaitu. Erregostearen txinpartak entzun ditzakezu belarria finduz gero eta usaintxo hori, erretasun hori. Eguzkiak min egiten baitu eta min horrek beste min guztiak estaltzen baititu”.
Eider Rodriguez
(Une batez etzanda eguzkia hartzen, erabat geldi agertuko zaigu idoia. Hala ere gelditasunak ez du gehiegi iraungo, apurka-apurka emakume mamarroa aztoratu egingo baita eguzki izpien indarraren eraginez.)
Ezin dut gehiago! Ezin dut gehiago! Erreduraren karraska entzuten dut! Xingar zigortuaren fragantzia usaintzen! Eta ehorzten nauen ikatz ke lodia! Suhiltzaileak, betoz, mesedez! Suhiltzaileak, suhiltzaileak entzuten ditut hor! Nino ninoninoninoninoninoninooooo!
(Oreztak zenbatzen) Bat, bi, hiru... hamar. A-aaaaa! Hamaika! Ez dut lehen hori ikusi! Minbizia! Hila naiz.
(idoiak bere heriotza antzezten du eta baita ehorzketa ere. Telefonoaren txirrina entzuten da. Emakume mamarroa berpizten da berehala gailua hartuz.)
Bai, Mikel. Jaizkibelera, zertara?
...
Josebak pottokak berezi behar dituela? Lotu batzuk eta askatu besteak. Bai. Hori besterik ez zitzaian falta, Mikel, zaldi hazkuntza. Vaquero jantzita zabiltzate? Bukatuko duzue basajaunez.
...
Ni? Biharko azterketarako ikasten. Ez, ez da nahikoa dakidanarekin, bihotza. Badakit asko dela baina ez ditut nire jakintzarekin jota utziko, ez.
...
Eskuetan? Tolstoi. Tolstoi, errusiarra, bai.
...
Musu bakarra hiretzat ere, kontzentratu beharra diat eta.
(Ikusleei.)
Josebaren zaldiak troikan ibiltzen jarriko dituela eta eliza errusiarrean ezkonduko garela. Ezkondu?... (Mikelen ahotsa imitatuz) “Miarritzera txangoa antolatuko digun, ezta, Idoia?” Ez dut uste.
Telefono madarikatua itzalirik ezin eduki, eta txarragoa dena, Mikelen mezuen zain nagoelako da guztia. Ez dut batere atsegin aitortu behar izatea, baina: dependentzia intelektualean atxikitzen nau.
(Mikelen ahotsa imitatuz, pedantekeriaz) “Huskeria batean jokatzen ditun oposizio horiek, Idoia. Huskeria halabeharra dun. Zoria. Originaltasuna, jakintza unibertsalaren lilura, txiki-txikienean edo handienean, hurbilenean zein urrunenean. Azterketa horretan tokatuko zain Mari Carmenek auzoko klaserako idatzitako haur ipuina, edo Dostoievskiren Krimena eta zigorra”.
Eta ni Tolstoi irakurtzen aritu naiz orain arte, Tolstoi. Ez Dostoievski. Tolstoi. Ziurrenez ez da azterketan sartuko, baina… horixe da gehien maite dudana.
Arraro xamarra Tolstoi hau, en fin, arraroa.
(Hizlari teorikoaren imitazioa egiten du errusiar kutsua emanez eta bere tesia handikeriaz aurkeztuz.)
Lehengo teoria amodioari buruz: “Uste dugu dena deskubritzen ari garela, den-dena liburuetan dagoelarik”.
Salbu zehazki liburuzainen betekizuna beste guztiak irakurraraztea dela. Baina irakasleek idiota saldoak uzten dituzte liburutegian, han beste norbaitek zain ditzan, liburu urratzen kultura sailburuaren kontura. En fin…
(Modu hurbilagoan bere ideiak publikoari azalduz.)
Tolstoi. Berrogeita hamar urte arte emakumeek, eta bereziki bere emazteak, mundua irakurtzeko zuen ikuspegitik desbideratu nahi izan zuten, Anna Karenina idatzi zuen arte.
Nobela horretan, eta ohartu gabe, gertatzen da aldaketa bere baitan. Amodio pasioaren analisi iluna eskaintzen digu. Eta ez da Karenina eta Vronsky kondearen artekoak sor dezakeen erruduntasun sentimendua kontua, baizik eta gizon-emakume guztiak, ezkonduak ala ez, elkar lotzen gaituzten harreman zilegi, bidezko edo adulterio guziak nahas-mahas.
Trenaren pera botatzen du bere burua Annak bere barne ezinegona ehorzteko, gure ohekideen besoetan infinitua aurkitu uste izan dugun gizon eta emakume guztien izenean. Zer aurkitu dugu hondarrean? Ez dakit.
Amodioa deitzen duguna ez baita guri buruzko itzuli sentimendu bat baizik. Amoranteen arteko ezezagutza eta aditze eskasa. Laster asperdura eta erneguan disolbatzen baita kalipu hori guztia.
Pasio erotikoak beldurrezko filmetako betiko eszena batek bezala funtzionatzen du: ohe batean gara, behin eta berriz desiratutako ametsetako izaki batekin eta harremanaren gorenean aurpegia deformatzen zaio zamalkatzen gaituenari. Maskara bat dela ohartzen gara eta, jadanik ihes egiteko beranduegi denean, munstro mitologiko baten larru zakarrak laztantzen dizkigu izterrak. Sentitzen dugu arnasa fetido kirats bat, aho-keak itotzen gaituela, geure buru miserableen suntsitzeko eta irensteko...
(Norbait ikusten du itsasertzean.)
Mikeeeel! Ez. Ezin da bera izan, Jaizkibelen dagoela esan dit, lepoa jokatuko nuke. Baina uretatik ateratzeko modu bera du horrek ere, laster bildu horretan, ile luze eta kixkur bera... ibilera bera...
(Mikelen jarrera gogoratuz eta imitatuz.)
Emakume gorputz luzatuen artetik igarotzen da. Ez die begiratzen, ez ditu ikusten edo ikusiko ez balitu bezala egiten du. Ez da erraza jakitea delikadezia edo mespretxua den. Emakume guztiak bata bestearen ekibalente balira bezala.
Lur honek dauzkan biztanle guztiak bezala.
(Mikelen ahotsa imitatuz) “Karramarro bat ez da eder ez itsusia, Idoia. Karramarroa, karramarroa da. Bere estetika propioa du”. Kaka zaharra.
Gai da apoa eskutan hartu eta musukatzeko kariño handiz, berak sortu balu bezala.
(Berriz ere itsaso ertzean dabilenari begiratuz.)
En fin, hori behintzat ez da bera. Mikel ez litzateke sekula hona etorriko. Badu hondartza bat baino gehiago bere poltsikoan. Ez duzu hau bezalako domingeroen hondartza batean aurkituko. Ez daukagu benetako itsasorik hemen. Hau ez da urrutiko marinel batentzako lekua, emakumea ikusi gabe besarkatzen duen marinela, begiak oraindik itsasoan itoak.
Cañoning egin dezake Nafarroako xoko ezkutu batean, putzutik ateratzeko ur izoztu turrusta baten erditik, pottoka basati baten gainean.
Ezikusiarena egiten badu ere hango neskatotzar haiek begiratzen dute bera, bai. Abentura egarri, eskandalua edo nik zer dakit ba! Gero lizeoan kantatzeko zahar batek estali dituela. Badakit.
(Ikuslegoari bizkarra emanez eta bere irudimenean murgilduta.)
Nekatuta nago beti amets bera egiteaz. Nekatuago eta obsesioen zurrunbiloan irentsiago. Ez da eszenatokia baizik aldatzen. Zorua. Batean larrea, bestean harea, noizbait belar gizen eta perfumatua... Gorputzean makurtuta daukan emakumea ere aldatzen da. Mikel izterretatik ezagutzen dut. Entzuten dut: libre behar dinagu, Idoia, libertatea zaindu. Libre uzten bainau libre utz dezadan. Haren gaineko emakumeari ez diot aurpegia ikusten baina ile kolore guziak pasatzen ditu, pelukaz aldatuko bailitzan: gaztaina kolore, beltzaran edo zuria berdin. Gorria sekula ez. Emakumeak lepoa inguratzen dio urkatu nahi balu bezala, gerriaren dantzaren konpasean, Mantis religiosa bat. Ipurdi perfektua pusatzen du atzera, sexuaren bila, eskuak luzatzen ditu gizonak bere galtzak jaisteko… Atzamar luze eta goxoak ikusten ditut orain emakumearen gerritik gora…
(Telefonoa entzuten da. Hartu egiten du.)
Aaaaaaa! Baina aita! Esan nizun atzo ehun aldiz lanean nintzela gaur. Ahaztu duzu zer den hori? Lana? Ukitu ezazu botoi txikia, zapa, eta Marilu etorriko zaizu. Mariluk oso ondo egingo du. Nola ez duela erantzuten? Zapaldu duzu? Eta ez da hori? Beno... komunera joan daiteke... edo telefonoa amatatuko zitzaion... Ez. Ez dira emakume guziak zozoak, aita. Gizonak ere ez, ezta? Ez, ez, Marilu egun osoan duzu laguntzeko prest, horretarako ordaintzen diogu.
Bustia? Bustia zara? Non? Galtzak?
Ezin izan duzu zure eskopetatxoa eskutan hartu? Zer? Ez duzu pixa egin? Pitxerreko ura? Uzkailia duzu... apurtu egin dela?... Baina, baina... Beno, kleenexak badituzu ondoan? Zapiak, paperezkoak. Edo beste marka bat, berdin du. Hartu ezazu kleenexa eta sar ezazu galtzen artetik lehor sentitu arte. Lanean naiz.
(Telefonoa amatatzen du.)
Joan behar dut.
(Hiruzpalau gauza sartzen ditu poltsan aitarengana joateko asmoarekin. Pentsamendu bat datorkio gogora eta ekintza bere horretan uzten du. idoia geldi dago. Berriz ere poltsa ireki eta sartutako gauzak ateratzen ditu.)
Ez, ez, ez, ezta pentsatu ere.
(Liburua hartzen du eta eseri egiten da.)
“Errusiar literatura eta bere eragina...”.
(Irakurtzeari uzten dio.)
Bai.
(Oraingoan gauza guztiak batzen ditu, muinotik ateratzeko imintzioa eginez. Ateratzeko puntuan dagoenean gelditzen da.)
Ez.
Bulegoko lana utzi dudala ohartzen bada lotsatuko da lehenik, holako neska inutil baten aita izateaz. Eta bigarrenik, bere ondoan egon beharko dut egun guzian moja bat bezala.
Beraz, Idoia, oso gogorra dun, bazekinat, emakumea, oso gogorra, baina ikasten jarriko haiz berriro.
(Hondartzakoei.)
Fssssss! Fsssssss! Egun on! Bonjourrrrr! Good morning! Attenzione: oso berri txarra, hondartzako mamarroa zuekin geratzen da.
(Ahotsak imitatuz) “Baina berriz? Zergatik ez dute kartzelan sartzen! Ez dute estetikarik español hauek!”.
Eeee, ez naiz española. Eskerrik asko zuen arretagatik.
(Erreberentzia eta agurren ondoren berriz ere poltsatik gauza guztiak atera eta bere kokalekua atontzen du.)
Aitaren zahartzeak amorratu egiten nau. Atzera eragiten didate begirada lerdotuak, geldotasunak, eta zentzutasunaren eta axolagabekeriaren arteko espazio zehaztugabe horretan bertan goxo egiteko ageri duen erraztasunak. Gaingiroki arreglatu izan gara, harro dago nitaz. Baina begiek pozez ñir-ñir egiten diote eskuetan espraia eta erratza ditudala ikusten nauenean. Bere zerbitzura emana bera segur sentiarazten. Ezin dut hori jasan. Gauza bat egiten bukatu orduko eskatzen dit hurrengoa. Neure senetik ateratzen nau beti nagusi izan behar horrek; hiltzen den egunean ere katakunbetatik aginduko digu berogailua amatatzeko edo atea giltzez ixteko...
(Sandia bat ateratzen du poltsatik eta harekin harri-jasotzailearena egiten hasten da.)
Peru Peru Perurena, Peru Peru Perurena...
Bi ezetz, hamar baietz... apustuak onartzen dira.
Peru Peru Perurena, Perurena...
Bi baietz zuretzat. Aupa txapeldun!
(Itsasertzean korrika dabiltzan futbol jokalariei.)
Llorente, Llorente, begiratu nire baloiari: Reebok da, Reebok, penaltiiiiiiiii!
(Itsasoan dabilen surfistari) Txurfis, txurfis, Borja, txurfistaaaaa! Utzi olatua hartzen besteei ere (Abestuz) El tiburón, el tiburón!
(Jaten duen bitartean berriz ere metro batzuetara mutil koskorra ikusten du baloiarekin jolasean.)
Aizu, Mon Lapin, kontuz nirekin gero!
Ezin jasana da azkenean, umeetan atzematea jendartearen insolentzia guztia, ozarkeria osoa. Iruditzen zaie edozein atrebentziak beste bat balio duela, jauzi egiten dute zure bizian eta agintzen.
Inork ez die ezer esaten... Non ditu gurasoak ume honek? Txiringitoan. Hedabideen totalitarismoa, alegiazko aniztasun politikoak ezkutatua, gure garaiaren izpiritua da. Eta sakonean edozein liburu edo nobelaren etsai. Nobela desberdintasunaren aldarria delako. Bost axola guri nork duen arrazoia, Annak edo Kareninak. Ongi edo gaizki den egiten duena. Jakintza da nobelaren moral bakarra. Jakintza.
(Beste sandia zati bat moztu eta jaten jarraituko du. Janaria mamurtzen duen bitartean gero eta pasio handiagoz hitz egingo duenez, sandia zati handiagoak pilatuko zaizkio ahoan. Hitzaldiaren bukaerarako bere ahoskatzea sandia zatien proiektilekin tartekatuko da, eta geroz eta gutxiago ulertuko da bere diskurtsoa.)
Sartu nintzen sagu-arte horretan sinistuta irakaskuntza zerbait erakustea dela. Haurrak jasatea denean kontua. Eta orain, berriz, haurtzaintzara itzultzen naiz. Amek etxeko munstroak uzten dituzte liburutegian liburu guziak urra ditzaten, beraiek judoko irakaslearen zurrupatzera doazen bitartean.
Eta ditxosozko oharra egiten badiegu hazten ari diren barbaro inkultuez, (amen ahotsa imitatuz) “Pentsatzen baduzu kulturak eduki dezakeela funtzio zerbait biharko humanitateetan, gudu inprobisatuetan botatzen den ekaia baino gehiago dela...”.
Joño! O! Errea haiz... Bihar hau xingoletan larrutuko zain. Ondo ibiliko haiz hi ahozkoan, sugandila baten larruarekin, ezkatak zutik bekoki ondoan, lepoko haragia biluzirik, mami eta zainak agerian, adurra dariola...
(Eguzkitan jartzen da.)
Minbiziaren omenez baizik ez bada ere.
(Eguzkia hartzen saiatzen da baina ezin... Janaria eta tresnak batzen hasten da.)
Atx! Ez haiz bizirik jalgiko hemendik. Aldizkariak betetzen dituzte urtero-urtero, “Azal zuri eta ederra posible ote?” bezalako lemez. Urtero artikulu berak, aholku berberak. Eta erretzera kondenatuak garen dohakabe guztiak lasterka aldizkariak erostera goaz. Produktuen izenak aldatzen dira baina betikoak dira. Ukenduak gantza izan behar du, behietatik jetzitako bera. Betiko perfumearekin.
Amodio istorio bat izateko eskubidea duzu.... Eta gero haizeak eramaten du. Kleenex hau bezala utzia zara libertatearen izenean. Beltzatuen eskuzabaltasunaren menturan. Aisialdi alternatiboetan sartuago eta erreago.
(Bikote bat heltzen da idoiaren gotorlekutik metro batzuetara.)
Hara, nortzuk heldu zaizkigun, banilla eta txokolatezko bikote ekologikoa.
Ze politak diren! Neska lurrean etzanik, hari begira liluraturik. Bera makurtuta eta krema zabaltzen mugimendu pendular eztian, zakila konpasa ematen, xuxurlatzen diolarik “Mon pays” nostalgia antzeztu batekin. Ametsak iraun dezan apur bat gehiago.
Neska gaixo horiek, hogei urte eskas eta maitemintzen dira gure aitonek bezala pentsatzen duten morroiez eta edozein aitzakia aski zaie uste izateko oraingoan ezberdin izango dela. Exotismoak itsutzen baititu. Baina amodio eternala hegaluze lata bat erosteko nahikoa ez den aurrekontu eskasean desagertuko da. Eta maitemina harekin batera. Ametsa!
Horrela ulertzen dut, bai. Aski zuriak garelarik jartzen gara beltz batekin. Harentzat ere nahiko exotikoa heldu da. Bere fantasmak uxatzen ditu berak ere. Ados gara!
(Karramarroa ikusten du.)
(Mikel imitatuz) “Karramarroak ere ez ditun hire beldur, Idoia”. Mikel zuzen dabil. Bakoitzak bere edertasuna.
(Karramarroari hitz egiten) Zuk hezurdura kanpotik duzularik, erasoetatik babesten duzu zeure burua. Denek kolore bera. Ar zein eme berdintsu. Queer. Eguzkiak ez zaitu gogor jotzen, ezta? Ez duzu inoren beharrik krema lepoan hedatzeko. Beso mugimendu bat, arraunka harean sartu eta emeki-emeki lurperatzen zara denen begiradetatik urrun. Oskola behar nuke neuk ere. Harean ito eta hop!
(Mikelen whatsapp-aren txirrina entzuten da. idoiak hura irakurtzen du.)
“Pottoken erdian gaitun, Idoia. Belarri eta bekokietako zurden gainetik adar bati ohartzen natzaion. Ez didan sinetsiko: adarbakoitza dun! Basanderez inguratua. Harrapatuko dinagu eta heziko, Idoia. Eta zin deginat. Zaldunez jantzita ikusiko naun Hendaiara heltzen. Lantza eskuetan. Hire etsai guziak akabatzeko”.
Hara, gure On Kixote euskalduna.
(Whatsapp-a irakurtzen jarraitzen du.)
“Ignorantzia eta esnobismoa, zabarkeria latza eta utzikeria. Lauhazka pasatuko natzain ondotik, besotik hartuko, zelaren atzean jarriko eta olatuen gainetik ostatura eramango hire lanpostu berria ospatzera”.
(Bere buruari esanez) Zain naukak.
(Mikelen whatsapp-a) “Eutsi lanari. Bihar arte”.
(idoia whatsapp-a idazten) Bihar arte, bai.
(Telefonoa uzten du eta liburua hartzen. Gogo askorik gabe irakurtzen du enegarren aldiz izenburua.)
“Errusiar literaturaren historia eta bere eragina euskal idazleengan. 5. atala: Lev Tolstoi”.
(Whatsapp-aren soinua entzuten da berriz. idoiak hura hartu eta irakurri egiten du.)
“Ez dinat nahi atzokoa gure azkena izan dadin”.
(Telefonoa uzten du. Liburua ere bai.)
Hiru aldiz begiratu nain gaur.
Asko da. Hori dateke jainkoaren begirada, sortu duen karramarro umilarentzat. Injustua naiz. Maite nau. Amodio distantziatua da, ubikuitatearen erlatibismoa integratzen duena, sakelako telefono ukaldia eta kitto, baina amodioa hala ere.
Nahiago nuke hondartza honetan aukeratutako edozeinekin oheratzeko gaitasuna banu. Baina ahalmen hori Mikel ezagutzerakoan desagertu zitzaidan. Haren begirada krema baino gozagarriagoa da, sorgin ukendua bezain sendagarri, goxo.
(Teoriko bat balitz bezala hitz egiten du, hauen hizkera imitatuz eta bere tesiaren izenburua afektazioz aurkeztuz.)
Bigarren teoria amodioari buruz: “Pasiozko amodioak lau urte irauten du. Bukatzen da bikoteko bati beste desira bat sortzen zaionean”.
Idoia Bulgakov. Karramarroa.
(Bere teoria modu hurbilago batean azaltzen dio ikuslegoari.)
Txakurra jendea baino zazpi aldiz gutxiago bizi da. Amodioak ere bere epea dauka, lur honetan bere itzulia egiteko. Beraz hamabost edo hogei bikote izan beharko genituzke pertsona baten bizian. Ez bizpahiru edo lau orain den bezala.
Aberastasun handia genuke. Bikote-haustura estatu permanentea litzateke gure inguruan, norma, eta ez luke traumarik sortuko inoren baitan. Gure inguruan denak leudeke beti edo pasio sutsuan edo trantsizio fasean. Ez genuke haserretzeko arrazoirik, onartua balitz edozein amodio hiltzen dela heriotza naturalez.
Umeak? Orain bezala. Inork ez ditu hazten. Planta egiten baizik ez. Amodioaren istripuak dira. Jendartearena litzateke horien ardura, hark baitu haien beharra. (Mon Lapin dagoen tokira begiratuz) Non daude ume horren gurasoak? Txiringitoan.
Amodioak mendiak mugitzen ditu. Bai. Baina freskoa denak. Zenbat eta berriago urrunago eramaten du mendia. Konpon gaitezen beti sutan egoteko.
Imajina ezazue hondartza honetan dagoen bolbora erreserba! Zartagailu ez erabilia, hori guzia, harean etzana, lokartua, ustiatu gabea. Energia hori guztia martxan jarriko balitz...
Orain hasi beharko nuke karramarroa bezala atzera herrestan, helburu bakarrarekin. Gurutzatzen ditudanak harrapatzen, guztiak kontsumitzen, hemen papar leun, hor ipurdi biribil, atzemandako guztiak hartzen eta neureganatzen, zilo guztiak betetzen eta giderrak eskuetan estutzen, haginkatzen, prentsatzen, musukatzen, orrazten eta mastekatzen... Erdigune horretan sortuko litzatekeen magma horrek aska lezake zentral nuklear batek baino energia gehiago, gehiago, gero eta gehiago.
(Telefonoaren txirrina entzuten du berriz ere.)
Aita.
Erneguaren mende bizi da. Baina ez da horrelakoa berak nahita. Behin esan zidan, errabiaz ahotik bitsa botatzeko gutxi falta zitzaiola: “Haserre nago ni! Ni beti nago haserre!”. Lastima eman zidan, sindrome sendagaitza duen gaixoaren aitorpen etsituaren airea hartu niolako.
Zer egingo luke ni barik? Badaki.
Neuk ere badakit autonomia ezaren beldur dela eta heriotzaren beldur.
Atzo oihu egin nion, auskalo noiztik atzendutako gogoz:
“Ez naiz izango zure ongizatearen prezioa, entzun duzu? Ni ez”.
Isilik geratu zen. Niri, aldiz, ahoa berritu zitzaidala egin zitzaidan.
Zeregin guztiak amaitu eta alde egin nuen. Burumakur geratu zen ohean jarrita, dodotisari zirika. Ez zaitezte eskandalizatu: aita gizon gogorra da, ez pena emateko modukoa.
(Telefonoa entzuten dugu etengabe jotzen. Hari entzungor idoiak liburua hartu eta ikasteko saiakera egiten du.)
“Errusiar literatura eta bere eragina euskal idazleengan. 5.atala: Lev Tolstoi”.
(Hondartzan, beragandik metro batzuetara harridura sortzen dion zerbait ikusten du.)
Aaaaaa, baina zer da hori? Tronpa dela pentsatu dut. Tronpa?... zakila! Baina zer da gizon hori? Ez da holakorik existitzen. Zortzirentzako txorizoa ematen du...
Hori eta goitik behera depilatua... eta ez dakit zer esaldi menbruaren erroaren inguruan zirilikoz tatuatua...
Aizu, andoboooo! Tio bueno!
Eskerrik? Eskerrik esan du? Baina ze euskara du horrek? (“Eskerrik” esan duenari) “Eskerrik asko”. “Eskerrik asko”.
Joan dadila AEKra.
Espazio naturistetara hurbiltzeko estetizistaren etxetik bi egun lehenago pasatu behar baldin bada... ditugun punpuila guztiak zaindu, ile guztiak lupaz ehizatu... eta espazio erotikoak idazkun esoterikoz apaindu... nora goaz?
Aizu, Rocco Siffredi, badakizu bonsaiak ureztatzen? Ezagutzen duzu Markel? Bidal iezaiozu curriculuma emailez!
(Ikuslegoari.)
Eta bere zakilaren argazki bat... planoan sartzen bada, behintzat...
Amodioa anatomian oinarritzen da? Sorpresan? Harriduran? Hormonak nahasten dituzte hauek? Edo denborak du garrantzia? Zer denbora eskaintzen diogun. Eta nire gizonak ez du denborarik, edo agian neu naiz luze...
(Mikelen telefono txirrina entzuten da. Apur bat pentsatu ondoren idoiak hartu gabe itzaltzen du.)
Musu hura dut kezka. Amodioa egiten bukatzen duenean nire sorbaldan uzten duena.
Ez dakit ni edo bere burua maite duen une horretan, bere buruaz duen itxura. Gizon hain perfektua delarik, amorante hain ezti eta delikatua... hain feminista. Jainkoa da nonbait. Emakume lurtar hilkorrez maitemintzen diren jainko horietako bat. Baina jainkoek ez dute loturarik. Jainko baten eremua lurra eta itsasoa dira, eta baita parnasoa ere. Guk, karramarro gaixoek, imajinatu ezin ditugun paradisu horiek. Nahikoa lotzen gaituzte lurtasun zabarraren kontingentzia arruntek. Oposizioek, bulegoko kontuek, senideek...
“Inoiz ez diogu elkarri ezer eskatuko”. Hori esan genian eta horrela hasi zuan gure istorioa. Arazoa duk abiapuntua eta norabidea bat direla, Mikel. Beti uste izan diat bikote batean berme hori eman behar zela. Baina ezin diat hitza bete.
Bazekiat eman didaala anitz, baina ez behar nuena. Behar haut ondoan, hire beharra ez dudalarik ere, ni ez molestatzeko eskatzen dialarik ere. Niri begiratzeko baizik ez bada ere. Hori behar diat, beti lehengoa baino ederragoa zaidan mezuari begirada bat botatzearen ordez. Ezin diat gehiago begiradarik bota. Eskatzen ez diadana nahi diat.
Bizia zintzotasunean eraiki daiteke?
(Telefonoaren txirrinak etengabe jotzen du. idoiak ez du hartzen. Horren ordez berriz ere teorikoaren jarrera imitatuz aurkeztuko digu bere hurrengo tesia.)
Hirugarren teoria amodioari buruz: “Ez duk gezurrik gabeko bikoterik, zinik gabeko biderik eta iruzurrik gabeko partzuergorik”.
(Telefono-karramarroari hitz eginez.)
Libreegi gintuan, Mikel.
(Karramarro itxurako telefonoa hartu eta bere gotorlekutik kanpoko hareatzan kokatzen du. Bertan uzten du. Ondoren hondartzari begiratzen dio bere hedadura osoan eta han dauden pertsonei hitz egiten die.)
Fiiiiiii, Fiiiiii!
Egun on ! Bonjour! Good morning! Attenzione! Oso berri onak: hondartzako mamarroa badoa.
(Ahotsak imitatzen) “Bazen garaia! Hau bakea! Zoaz zure zulora!”.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
(Erreberentzia eta agurrak antzezten ditu gehiegikeria handiz. Hondartzan sakabanatuta dituen gauza guztiak jasotzen ditu sakelakoa izan ezik. Abesten duen bitartean ateratzen da oholtza gainetik.)
Itsasontzi baten
Euskal Herritik kanpora
Naramate eta ez dakit nora.
Agur nere ama
Laztan goxoari
Agur nere maite politari
Ez egin negar
Etorriko naiz
Egunen baten
Pozez kantari
Ez egin negar
Etorriko naiz
Egunen baten
Pozez kantari...
(Mamarro emakumea desagertzen denean telefonoaren txirrina entzungo dugu etenik gabe jotzen. Hura isiltzean, itsasoa, kalatxoriak eta txakurren zaunkak adituko ditugu hasieran bezala.)