Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Hitzaldia 1

 

(laia hitzaldia emango duen espazioan sartzen da. Hori egiten duen bakoitzean bere gorputzaren jarrera eta ahotsa aldatuko dira. Jantzi edo objekturen bat ere gehituko dio bere buruari; betaurreko batzuk, adibidez. Hasierako ate zuri gurpilduna erabil dezake irudiak proiektatzeko pantaila bezala.)

 

laia: Lehenik eta behin barkamena eskatu behar dizuet berandu heltzeagatik. Arazo pertsonalak sortu zaizkit azken unean… baina tira, ez zaituztet edonor harritzeko moduko aitzakiekin aspertu nahi. Arratsalde on.

 

(Ingurunea antolatzen du hitzaldia errazteko. PowerPoint-arekin nahasten da. Ezin du piztu. Pantaila pizten denean, esaldi arraroz betetzen da eta ez du berak nahi duena agertzerik lortzen…)

 

      Ikusten duzuen bezala ez nahiz aditua IKTetan…

 

      Benetan nahiko nukeena, Gernikako “Asunek” talde feministako kideak eskertzea litzateke. Eskerrik asko hitzaldi hau ematera gonbidatzeagatik. Eskerrik asko kulturak zein emakumeek Euskal Herrian duten egoera aztertzeko aukera eman didan Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Behatokia zuzentzen duen Arane Antolagirre eta bere lantalde osoari. Guztiz interesgarria izan da lan hau burutzea eta plazer handiz partekatuko ditut nire ikerketaren ondorioak zuekin, hemen eta orain.

 

(Pantailan agertzen diren hitz zein irudiek ez dute zer ikusirik laiak dioenarekin. Hauek noizbehinka agertzen dira eta bizi propioa balute bezala atxikitzen zaizkio laiaren diskurtsoari. PowerPoint-ak laiaz barre egingo balu bezala. Zentzurik gabeko irudiak ere agertuko dira, laiaren barne mundua edo haren nahiekin zerikusia dutenak: patata tortilla bat, hitz solteak, paisaia ezberdinak, pistola bat, hildakoak, pastillak, odolez betetako konpresak, jogurtak…)

 

      Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Behatokitik ikerketa hau egiteko eskatu zidatenean, zalantzak izan nituen lana burutzearekin, ni antropologoa naizelako eta ez kultur langilea, baina tira…

 

      Gaiaren kokapenerako, gure gizartean zein kulturan indarrean dugun pentsamendua aztertzeari ekingo diot, ondo iruditzen bazaizue.

 

      Nik esango nuke edonor ikaratzeko moduko indarkeria sistematiko batek sostengatzen duela emakumeon gaur egungo egoera hau, bai gizartean eta baita kulturan ere.

 

      Historian zehar ehuntzen joan da emakumearen gorputzaren eta honetatik eratorritako pentsamenduaren aurkako guda. Horren gainean eraiki zen gaur egun bizi dugun edo bizi gaituen pentsamendu patriarkala eta honetatik eratorritako sistema ekonomiko politiko eta soziala. Balore eta egiteko modu horiek garraiatzen ditugu burmuin zein gorputzetan eta horren isla zuzena da kultura ere. Beraz, kulturan zer gertatzen den ulertzeko agian gauza pare bat gogoratzea komeniko litzateke.

 

      Emakumeok gizartean hartzen dugun espazioari dagokionez, esan behar da hasteko, gizakion historia emakumeen aurkako sarraskien historia dela.

 

(Pantailan honi buruzko irudiak agertzen dira; bitartean, laia musikaren txokora doa eta bertan abesteari ekiten dio.)