Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Zelai-etxea 1

 

(laia bere etxean dago eta alabaren objekturen bat du esku artean.)

 

laia: Ezer ez. Lurrak iruntsia.

 

      Larri ibili da azterketak direla eta. Ez dakit nondik datorkion ikasgeletako erregina izan behar duenaren ideia zoro hori. Kloroz betetako piszina zikin batean izurderik ederrena jauzi harrigarriak egiten ibiltzea bezain balentria inutila da hori. Gainera, kostaldean izurde okela jaten hasi dira dagoeneko. Ez du merezi, piszina ez da itsasoa.

 

      Filosofia ikasi nahi du. Nire matrioxkatxoa. Bere lisatutako adats luzearekin. Hobe hain esanekoa ez balitz.

 

      Eskolako lanak eta mugikorraren pantaila aurrean ihartzen zaizkio bere bizi freskoaren ordu laburrak. Nik ordea, ez dut jakin, elikagairik gabeko denbora horretatik neskatoa ateratzen.

 

      Ez naiz ama perfektua izan. Ezta ahal ere.

 

(Norbaiti telefonoz deitzen saiatzen da baina ez diote hartzen.)

 

      Bestalde hauteskunde eguna da eta bere aitak ez dit sekula telefonoa hartzen.