Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Sar hitza
ehaze
Eneritz Artetxe Aranaz 2013an ezagutu genuen askok, lehenengo zubi deialdia irabazi eta Konpota estreinatu zuenean. Aurretik, noski, egina zuen hamaika lan, hala antzerkian nola telebistan, baina Konpota lanarekin ahots eta gorpuzkera propio bat gauzatzen ari zen norbait ikusi ahal izan genuen.
Dxusturi izena jarri zion Konpota taularatzeko sortu zuen konpainiari. Pertsona batek gidaturiko taldea, baina era berean, ezinbesteko bidelagunez inguraturik: Pablo Ibarluzeak zuzendu zuen Konpota, Antton Lukuk egin zuen Philippe Gaulier-en La compote de… obraren euskarazko bertsioa, Amaia Iurrebaso argiztapenaz arduratu eta emanaldiz emanaldi izan duen ezinbesteko konplizea. “Dxusturi” hitzak tximista esan nahi du Bermeo aldean, eta indar argitsu horrekin kolpatu gintuen Eneritz Artetxe Aranazen interpretazio hark: bufoiaren gorpuzkera eta ekiteko moduak zituen oinarri, testua luzea izanik ere olatuz olatu astintzen gintuen ikusleok kostaldean, energia harrigarri batez betetzen zuen aktore lanak oholtza osoa.
Konpota antzezlanak zabaldu zuen bideak segida izan zuen Dxusturi konpainiaren bigarren lanean, liburu honetan aurkezten dizuegun Karramarroan. Oraingo honetan ere Ibarluzeak zuzendu zuen lana, eta Eneritz Artetxe Aranazek, beste behin ere, espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil beti ere. Testuak beste bide bat egin zuen oraingoan: Eider Rodriguezen eta Miren Agur Meaberen narrazio lanak inspirazio iturri bezala hartuta Antton Lukuk testu bat egituratuko zuen, zeinean protagonistak hankaz gora jartzen dituen hondartzan, bere toallatik, publiko bilakatzen den pribatutasuna, jende askorenak izan daitezkeen konplexuak, beldurrak eta gatazkak. Idazleak ekarritako oinarrizko testuari aktorearen beraren ekarpenak gehitu zitzaizkion, eta baita zuzendariarenak ere; guztien txatalekin osatuko zen azkenean Karramarroa izeneko obra demoledorea. Euskal teatroan aurretik gutxitan ikusitako moduak egonkortu ziren bigarren lan honetan: nola eraman bufoiaren kode fisikoak testu-bakarrizketa baten erraietara, ahots propio batez aparte gorpuzkera propio bat lortzeraino.
Eneritz Artetxe Aranaz ikusi eta ezagutu dugu ordutik beste lanetan eta beharretan, ipuin kontalaritzan, beste konpainia batzuentzat lanean, antzerki pedagogian... Dxusturi bezala eman beharreko hirugarren pausoa paperetik heldu zaigu, ordea. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Protagonistak hitzaldi batean hitza hartzen du, historikoki ukatua izan zaion eremuan egile bilakatzen da, hitzen eta espazio publikoen sinatzaile. Berak definitzen ditu ordura arte idatziak eman zaizkion gidoiak. Antzezlanaren une batean esaten da:
“Erotuta zaude. Eromena ordea isiltasun mota bat da. Indarrean dagoenera egokitu ezina. Eromenaren hitzen inkongruentzia, gramatikarekiko subertsioa. Hitzak dena zentzuz jantzi lezake. Baina mozorro bat besterik ez da. Lengoaia eta zenbakiak gizonaren neurrira eraikitako botere eremua dira gizarte honetan, eta hitza, haien aizkora. Hitzaren subertsioa aldarrikatzen dut ekintza feminista bezala. Gizonak ez garenon arma. Geure burua ez-gizontzat daukagunon baliabide ezkutu eraginkorra. Isiltasuna eta itzala, hemisferio ezkutuko neba-arreben geltokia”.
2019an plazaratu zuen Eneritz Artetxek Karanbola hirukoitza. Emakumeen presentzia euskarazko antzerki eszenan saiakera, eta akaso oihartzun egiten dute hango ideiek liburu honetan. Liburu batek zein besteak, ahots zorrotz, bizi eta garaikide bat ekarri digute plazara.
Dxusturiren hirugarren urratsa hitz idatzitik dator, isiltasunaren lerro artetik, liburu formatutik. Beraz, oraindik gorpuztu gabea da, baina akaso zentzu osoa du Isiltasuna lanaren lehen urratsa honela etortzeak: plazaren erdian hitza hartuta, papera okupatuta, heredatutako kontzeptu zamatsuak definizio berri batekin gorpuztuak. Akaso, ahotsa ere gorputzaren parte delako. Akaso, ahotsa ere gorpuztu egin behar delako.