Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
1992, olerkiak eta bertsoak
150 orrialde
84-86766-40-0
azala: Garbiñe Ubeda
Jon Arano
1961, Itsasondo
 
2002, poesia
1991, poesia
1985, poesia
 

 

TXAN TXIKITIN

      (Bayona'ko apaiz-gaiak ateratzen duten

      «Txan Txikitin» aldizkarira bidali nituan argitaratzeko)

      1966'ko Jorrailla'ren 4'ean

 

Ondo luma gabeko

baso-egaztia,

apaiz-gaien geznari

gazte, maitatia,

nundik-nora zatorzkit

ain eder guztia

ezpañetan duzula

Euskera garbia?

 

Bidasoaz arunzko

Euskal-lur maitean

jaio ziñan euskaldun

apaiz-gai artean.

Geroztik emen zabiltz

guzion onean

berriak zabalduaz

aoa betean.

 

Erdi jantzia zauden

aldizkari gazte

batasun-printzak ega-

arazi zaituzte.

Gazte zintzo batzuek

dirala bitarte

geldi eziñik, bizkor

dirauzu gaur arte.

 

Besten ajolik gabe,

nor bere onean

iñolaz ere eziñ

aritu lanean.

Denon artu-eman ta

alkartasunean

bai daukagu indarra

gaurko egunean.

 

Batasuna da nun-nai

maite-ezaugarri,

eta argan daduka

pakeak oiñarri.

Orregatik dakusgu

orain ainbat erri

dabiltzala munduan

batasun-egarri.

 

Or daukagu Europa

batasun orren zai,

—«Ator batasunera»,

deituz guziai.

Bat egiñaz bai-gera

zer-naitarako gai,

aundi eta txikiak

bat besteren anai.

 

Gurari orrek zaitu

mugaz onuntz bultza,

eta Euskal-errian

barrena zabiltza

berriak zabalduaz

aruntz ta onuntza,

lortu nairik apaiz-gai

denen anaikuntza.

 

Euskal-errian zear

zoaz «Txan Txikitin»,

gogo duzun ametsa

nun-nai zabal dedin.

Eta batasunera

guziak eragin,

anai bezela joka

zagun «Elgarrekin»