Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-35-5
Jon Arano
1961, Itsasondo
 
1992, olerkiak eta bertsoak
1991, poesia
1985, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Esanean pindartsu, erritmoan zalu, irudian zorrotz, antzinako satira anonimoetan aurkituko ditugu gure poesiaren piezarik ederrenetariko batzuk. Satira haiek ordea, apaizen boterearen aurkako ale batzuk izan ezik, ohituren kritika erraza zuten helburu nagusia eta, nola ez, emakumezkoena bereziki, janzkera berriak zerabiltzatelako edo edan egiten zutelako edo ezkontzeko hitza hausten zutelako. Zentzuaz bestekoa dirudien arren, satira konformistak zirela esan genezake, gizartearen makurrari den mendrenik jazartzen ez zitzaizkionak. Etxahunen kantu mindua, ondikotz, salbuespena dugu. Batzuetan nabariago besteetan baino, Jon Aranoren poesiaren muinean ahalegin satiriko handia dago. Oso satira berezia dugu hau. Ez ditu, molde honetan ohikoa den moduan, ingurukoak karikaturaraino deformatzen, ez du horren beharrik, aski zaio konstatazioarekin, eta satiragile klasikoek ez bezala, bere burua ere gupida gutxiko kritika horren barruan kokatzen du askotan, besteenganako behakoa nolakoa duen dakielako, ausaz: ernea eta maltzurra, ikusi orduko miseria eta gezurra sumatzen dakiena. Konformismoaren aurka ari zaigu Arano, sakratuaren aurka, zernahi dela. Horrela, egungo estiloan eta egungo gizarteari kantatuz, gure tradizio zahar bat ekarri digu egundaino, berritua.

        Jon Aranok ingurunea jorratzen du, familia, lagunak, hurbileko kontuak ditu beti ahotan, eta taberna bihurtu du azkenean poemaz poema bildu duen fauna horren guztiaren topaleku. Taberna ez dugu, beraz, sutondoaren antzeko bat edo lagunarte librea, zerbitzari alokatuak bere lan indarra saltzen duen ustialekua baizik, erakustegi bat non gu hobeki barrendatu, non gutaz barre egin edo bere burua madarikatu, poetak amorrazioa sendatzeko bezala hartzen baitu idazketa, bizitzaren jukutrien kontrapozoia. Honek halako naturalismo bat dakar, gordintasuna, eta noizean noiz ageri den oldar mingots bat. Poeta edozein zokotan koka genezake, «txiroei dagokien bezala pentsatzen», baina ez du oihu eginen zokoratze horretatik irteteko edo atera dezagun, bakardade horretan eta eztasun horretan tinko ageri zaigu, baita harro ere, kontzientea delako zenbat daukan ezdeusetik eta itxurakeriatik inor marjinatzera ausartzen den gizarteak. Tonu konfesionala hartzen du, sekulan ez hanpatua, eta bere idazkera ez dago filologizatua, lizunik gabeko ahozko hizkera lizunetik oso gertu baizik, eta soberako edergailurik gabe erakusten digu, perpausaren erritmoa apurtuz eta era berean izugarri zainduz, hitzaren gaiztorako grazia. Jon Aranoren poesiak malgutasun berezia dauka, bigarren pertsonaren eta puntuaren erabilera zuhurrak indartua, eta poetek askotan elkarri pasatzen dizkioten gai eta irudi prefabrikatu horietarik bat ere gabekoa, ez bada parodiatzeko. Morroi modernoaren bizipenak kontatzen dituela, antigoaleko zirtolarien kutsu ederra hartzen diogu, poetikoki etikoak edo politikoki politak ez direlakoan ausartzen erabiltzen ez garen hitzen eta pentsamenduen esale.

 

Jon Arano (Itsasondo, 1961), kazetaritzan jardun du oso gaztetarik, Argia, Egin, Egunkaria eta bestetan. Kantillape, Goierritarra eta Ostiela! aldizkariak sortu eta zuzendu ditu. Komatxo artean literatur irratsaio ezaguna sortu eta koordinatu zuen bi urtez. Eustakio Mendizabalen poemak apailatu eta editatu ditu (Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren Olerkiak).