Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
1992, olerkiak eta bertsoak
150 orrialde
84-86766-40-0
azala: Garbiñe Ubeda
Jon Arano
1961, Itsasondo
 
2002, poesia
1991, poesia
1985, poesia
 

 

MAITASUNA!

      (Lazkau: 1966'ko Otsailla'ren 21'ean

      Aita Sekundino'ren urte betetzean egin ta abestu nituen bertsoak)

 

Sinismena ta itxaropena,

eta zu maitetasuna...

begirun aundiz agurtu bear

genuken irutasuna.

Iruetan nagusi ordea,

ta denok batzen gaituna,

zu zera iñoiz loitu gabeko

onbide eder, deuna.

 

Ludiak aiña urte dituzu

ene, onbide maitea!

bañan alare iñoiz zartzeke,

beti dirauzu gaztea.

Zu zera gizon-emakumeak

lotzen gaituan katea;

lokarri on autsi ezkero

agur, gure izatea!

 

Etzaitut ongi ezagun bañan

zure ondorenen nabil,

gaur atsekabez, biar zorion,

bañan uste onaz, langil.

Zure izena abestu gabe

ez naiteke egon ixil,

bizitza ontan nagon arteño,

arren, etzaitezela il!

 

Sortze bertatik nigan daramat

zurekiko maite-miña,

eta geroztik aundiagotzen

doakit dizudan griña.

Zu zaitut nere zorion-pake,

poztasun ta atsegiña...

zu gabe berriz dena deritzait

itsas-sumiñ irakiña.

 

Gazte-gazterik maite-ametsez

dadukat biotz barrena,

ta gizartean arki nai zaitut

gizonen laztan gurena.

Zugan arkitzen bai-dut zorion,

ta atsegin aundiena,

eta zugandik urrun ba-nabil

gaitz iduritzen zait dena.

 

Zure aurkako eriotz-arrak

nastu du pake-bizitza,

eta gorroto zital orrekin

burrukan gogor zabiltza.

Irabazle nor izango ote dan

zalantzan daukat biotza...

Zure amaia ikus baño len

betor nigan eriotza!

 

Gure bizia izanik orren

laburra edo txit motxa,

zu zapaldua ikusitzea

zait gaitza bezin mingotsa.

Denak gorroto bazaituztere

zaitut zorion-ametsa,

eta zu gabe bizitza au zait

eriotza ainbat utsa.

 

Oi!, maitasuna! amets bidetan

ez nazazu utzi bakar;

zure gurariz txoro nabil ta

izan gaitezela alkar.

Zuri dizudan irrits kutun au

nigan bego beti azkar;

maitasunak bat izatea, ta

onek pakea bai-dakar!