Aurkibidea
EUSKAL HISTORIA BERRIKO MITOA
Jon Arano
OLERKI SOLTEAK
BIGARREN OLERKI KOADERNOA
«BARNE-GABAI»
LEHEN OLERKI KOADERNOA
TXIKIA OLERKIGAI
Txikia zuen guda-izena...
Telesforo Monzon
Gurdi tragikoan
Luis Mari Mujika
Aurkibidea
EUSKAL HISTORIA BERRIKO MITOA
Jon Arano
OLERKI SOLTEAK
BIGARREN OLERKI KOADERNOA
«BARNE-GABAI»
LEHEN OLERKI KOADERNOA
TXIKIA OLERKIGAI
Txikia zuen guda-izena...
Telesforo Monzon
Gurdi tragikoan
Luis Mari Mujika
ZUEN GOMUTAN
Lazkau: 1967'ko Epailla'k 8
«Atsedendu zaiteze, aberkide onok!
Aberriari eusten zintzo izan baitzaree.
Zuen odola heite guretzat adore.
...Gogor ekingo dogu, arrotzak oil arte!».
(Aurraitz)
Il ziñaten, il! Obeki esan, il ziñuteen!
Jainko ta doneen izenean il ganera!,
ta zuen odol errugabea, lurraren gainera
ixil ixuri zan, illen eremu beltzean.
Errudun ziñaten, doakabeok! Abertzalen
obena bai-zenuten, ots, Erri maitatzea.
Eta gaizkillei zegokien eriotzea
eman zizueten, illunabar apal artan.
Doakabeok! Santu(!)-Martirien lerroetan
ez duzute leku, ez izen-aipamenik!
Aipamen! Zergatik, gero, sinesge izanik?
Olakorik! Gorri ziñaten. Aztuak zaitezte!
Auzi ta lekuko gabe, gabaz ezkutuan illok,
etzenuten inongo onespenik merezi.
Ez ere, koroi, oroit-arririk irabazi.
Galdu egin bai-zenuten. Aiek berriz, irabazi.
Garaitu! Irabazi! Ara emen kakoa!
Menperatu egin bear da. Noiz? nun? nola?
Orrek ez du garrantzi! Orrek ez du ajola!
Garaitu! Bide oro oinperatuz bada-ere.
Garaitu! Irabazi! Bañan ez arrazoi-senaz.
Bildurrez, indarrez, metralleten bidez, baizik.
Gizon-errien eskubideak zapaldurik;
Eleizaren irakatsiei entzungor eginik.
Doakabeok! Zorigaiztoko jaio ziñaten!
Zorigaiztoko!, bai, milla bider zorigaiztoko!
Euskaldun izate utsak bai-du obenik asko!
Ta zuen lepo zenituzten besten gezur-gorroto.
Gorrotorik lotsagarrienaz, zuen ta zuen
semen izen ona beztuz-gero, il ziñuteen.
Il, eta zakur laster-alen bai-ziñaten,
ezaugarri gabe, abere gisa, lurperatu!
Leize-zulo sakon-illunena, lur bazterreko
txokorik aztuena izan zenuten illobi,
zuen ondorengo seme eta belaunaldi
berriaren oroimenetik aztuak zaitezten.
Doakabeok! Gorri eta masoi-izenez pasa
ziñaten gure edesti negargarrira!
Iltzalleak, berriz, santu lez aipatuak dira...
Zuek illaz, komunismoa zapaldu bai-zuten.
Zuek siñesgabe... Aiek santu... Ai il-erriko
illen zaintzalle zipres-mamu beltz izugarriak,
leize-zulo, ta amiltegi sakon-gorriak,
bi segunduz, bederen, itz-egin balezakete!
Mintzul dira ordea, eta ez dezakete;
ta ez dut ere nai, itzik atera dezaten;
egia aitortzeagatik, izan zenuten
eriotz bera, aiek ere jasan ez dezaten.
Beude ixil!, beude mutu!, zuen arbasoek
sortu baño milla ta milla urtez lenago,
Izadi Amak berak aurrez jarririko
zuen odol ixurtzearen betiko lekuko!
Beude beraz ortan mutu,
lur onek, Euskal-lur diraun artean,
zuen semeen-semeek
belaunik-belaun oroi zaitzaztean,
ta apentza gosez ao-
zabal diran obiak ikustean
Aberri-askatasun-miña
mamitu datzaien biotz-barnean!
Bitez, erri-eskubideak
zapaldu ditun gurutz-guda-izun,
eta eriotza eman
zizueten guzien lotsakizun.
Obenaren arrak zizta
bitza, bezate amets illuna
goiz ala berant ezagun
dezaten ilketaren astuna!
Beude ixil, bai, bañan zutik,
atxan eraikiriko zuen il-arri
askoen lotsakizun-ta,
Erri zapaldu onen eusgarri,
eta askatasun-odolak
dirakion gaztediaren oiñarri.
Lore ta belar gabe,
guztia sasi;
gurutz ta kristau-zantzu
gabe arkaitz zuri,
ikus nai nituzke obi
oiek ikusi,
zeraten bezin doakabe
dirauzuten beti!
Doakabe!
Erri onen askatasuna
apurtuko zun guda
galdu zenutelako!
Doakabe!
Bekaitz-gorroto
lotsagarrienaz
il ziñuteelako!
Doakabe!
Iltzalleak beste
ezagun ez dituzten
zoko
ta bazter ezkutuenetan
lurperatu ziñuteelako!
Doakabe...!
guztien gogamenak
aztu zaituzteelako.
Doakabe...!
ta aunitz aldiz doakabe,
zuen azken larri artan,
ta Urbasa'ko
arkaitz mingor berberak
eta il-erriko
orma ixillak
erdiratzeko oiñazean
karraxi egin zenutelako!
Dohakabe...
Karraxi orren miñezko
oiartzun zolia,
Auñamendiz bi aldetako
Erriak, bere inka larrian
entzun dulako
ta askatasunezko
karraxi onen deira,
gaztedi berria,
Euskal-erria,
bildurra galduz,
askatasun-bidean zutik
jarri dalako.
Doakabe, bai,
milla bider doakabe...
bañan zorioneko Doakabetasuna!