Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
Aurkibidea
1. EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
3. URTE ZURIAK
Jainko txiki eta jostalari hura
5. OSTIRALAK NEW YORKEN
6. POESIA ETA HUTSUNEA
7. DAUDENAK ETA EZ DAUDENAK
GAITZ BAT DUT ODOLEAN
Gaitz bat dut odolean.
Burdina gehiegi dut.
Belaunaldiz belaunaldi igarotako
gene batek sortua omen.
Hematologoak diost
duela milaka urte sortutako
babes antzeko bat dela nirea.
Nonbait maiz zauritzen ziren
Homo sapiensak, ehizan edo gerratan,
eta gorputzak burdinari eustea
abantaila handia izan bide zen orduan.
Baina gure sasoi modernoetan
soberan dago burdina hura guztia.
Organoetan pilatzen da,
ehizarik eta gerrarik ezean.
Tesiak ere ari dira egiten
nire gaitz honi buruz,
Euskal Herrian eta Pirinioetako mendialdean
omen daude kasurik gehienak,
araztasun genetiko baten adierazle edo.
Hori dena kontatzen dit medikuak,
gustuko filma lagun bati kontatzen dion
berotasun berarekin.
Ni odolusten ari naizen bitartean hain zuzen,
odol-ateratzeak egitea baita gaitzari
aurre egiteko bide bakarra
(aurrehistoriako lanabesak
bezain erremedio bakuna),
hamabostean behin litro erdi odol.
Eta orratz lodia zainetik
sartzen didaten bakoitzean,
orduantxe gogoratzen naiz
nire arbasoez,
nire arraza aratzaz;
eta neure buruari galdetzen diot
zergatik ez ziren urrikaldu nitaz,
zergatik ez ziren garaiz kutsatu,
apur bat bada ere.