Baita hondakinak ere
Baita hondakinak ere
2012, poesia
80 orrialde
978-84-92468-36-2
azala: Lander Garro
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2024, narrazioa
2019, poesia
 

 

TORTURA

 

Abisua pasa zizutela eta gurera etorri zinen

gau beterako babes eske, ezkutuan, bai, baina baita

etxekotzat hartzen dutela dakienaren patxadaz ere.

 

Nik ez nuen gezurrik gure anaia gorputz gazteei

giharrak mugara daramatzan errealitate hori isiltzeko,

eta ezin izan nizun hitzik egin esan ez daitekeenaz.

 

Esker onez hartu nituen horregatik etxe alokatu berriaz

esan zenituen txikikeria guztiak, mehatxupean bazen ere,

bizitzak gurean jarraitzen zuela esan nahi zutelako.

 

Alfonbraren itsusiak eta dekorazioaren xaloak

bazuten bere garrantzia. Oraindik beste zen bestea

eta inoiz hilko ginela jakin arren bizirik ginen

 

eta ezina da biziontzat heriotza modurik pentsatzea.

 

Hala ere, hor ziren negar eta oinazeen lotsak,

aspaldi gure baitan diseinatu eta bertan bilduta,

akaso, gau horretan askatuko zituzten zain.

 

Hor zen arte zaharra, perfekzionatua eta xumea:

birika preteritoak eta itolarriaren sofistikazioa.

Jazo gabeko zerbaiten oihartzuna zen soilik

 

baina, hala ere, ozenegi mintzo zen

egongelako bakean zure mugimenduen egia:

Bada beste gorputz bat gure gorputzetan.

 

Gurea hura ere, baina mekanikoa eta zabarra,

dena tendoi, dena hezur, dena nerbio mutur,

azkenean inoren eskutan apurtu ez, eta sofan

 

esnatu zen zurea bezain zehatz eta gehiegizkoa.