Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
GARAIPENNA
Eskuri, Mireni, Landerri, Txomini
Itxura erridikulu samarra dut orain —ezin dut ukatu—,
nirea ez den etxeko egongelako sofan eserita, bakarrik,
eta eskuetan Sandro Pennaren liburua irekita
gaztaroari buruzko poema bat irakurtzen,
lehenik italieraz, jatorrizkoan, erdia ulertuz
—Forse la giovinezza è solo questo
perenne amare i sensi e non pentirsi—
eta gero itzulpenean, beste erdia (edo bera)
ulertuz —Quizá la juventud sea sólo este
perenne amar los sentidos y no arrepentirse—,
zuek, bitartean, zuen logeletan zuen maitetxoekin
kariziaka eta irriñoka zaudetela, nire Pennaz
ezer ere jakin gabe, eta hala ere haren hitzak
nik baino era inmediato eta intimoagoan ulertzen.
Baina iritsiko da egun bat, eta ez dakit
izango diren alienigenak beren uhin hilgarriekin,
estatu kolpe tradizionalago eta dorpeago bat,
edo Plath, Li Bai eta Parra ezagutzen ez dituzten guztiak
zonbi bihurtuko dituen birus arraro eta
eli(o)tistaren bat, baina helduko da egun bat zeinean
garrantzitsua izango den Pennaren poemak ezagutzea,
Larkinen ironia ulertzea, eta XV. mendeko
konparazio basikoekin hunkitzea,
egun bat zeinean nire lagun poetekin batera
(poetikoki, baina errealki) metraileta hartu
eta ozen salatuko zaituztedan zuen logeletan.
Horregatik nago nirea ez den etxeko egongelan
Sandro Pennaren liburua irekita, zuek
zuen logeletatik eta maitetxoen besarkadetatik
askatuko zain, lehenik italieraz, jatorrizkoan,
erdia ulertuz —Altro respira qui, dolce animale
anchégli silenzioso. Ma un tumulto
de vita in me ripete antica vita.
Più vivo di così non sarò mai—,
eta gero, itzulpenean, beste erdia (edo bera)
ulertuz —Otro respira aquí, dulce animal
también él silencioso. Pero un tumulto
de vida en mí repite antigua vida.
Más vivo que así no estaré jamás—,
isilka, garaipenerako prestatzen ari naiz.