Baita hondakinak ere
Baita hondakinak ere
2012, poesia
80 orrialde
978-84-92468-36-2
azala: Lander Garro
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2024, narrazioa
2019, poesia
 

 

ETB1

 

Izan zitekeen beste edozein

baina itsas lehoiak izan dira,

haiek eta ez beste ezein etzanda

itsasertzeko labarrean eguzkitara

edo olatu artean igerian bestela

kamera ultrageldoaren begiradapean.

 

Harri eta lagunen ziurtasuna utzi

eta itsasorantz doaz taldeko ausartenak

han baitira arrantza gunerik onenak;

han, olatuez bestaldeko ur haietan,

beti han, eta inoiz ez hemen —han non

tout n'est qu'ordre et beauté—.

Ur azalera egiten duten jauzi bakoitzean

beren biboteko ile bakoitza

atzean utzi eta uretara doa berriz ura

bere ur xehetasun konkretu guztiekin.

 

Baina ahotsak (hain National Geographic)

marrazoak aipatu ditu une horretan

eta une horretan bertan hitzarekin batera

sortu da marrazo handi eta bakar bat,

pantailako olatu artean igeri hura ere

bere hemendik bere harako bidean

hura ere eder eta motel, itsas lehoien pare

baina jadanik beste musika batez.

 

Eta ihesi doaz itsas lehoiak kostata

baina honezkero iragana zaien

uneari betirako heldu nahian, eta

ehizan, aldiz, azkarxeago halabeharrez,

marrazoa hurrengo unearen gosez.

 

Klik txiki bat eta kezkarik gabe

libratu naiz unearen arduraz

sofan etzanda, katea aldatu —ni ere

hemendik harako bidaian—

eta nire burua beste inoren

beste uneren batera abandonatuta.

 

Ez da gehiago ageri labarrik,

nahiz ni gabe ere, pentsatzen dut,

iraungo duen horrek guztiak.

Kamera geldoaren errukirik gabe

ihesean jarraituko dute oraindik

itsas lehoiek olatu artean,

bizkorrago eta zakarrago, heriotza

marrazoaren hortzak ukitu ahala ulertuz,

eta ahots eta azalpen beharrik gabe.