Baita hondakinak ere
Baita hondakinak ere
2012, poesia
80 orrialde
978-84-92468-36-2
azala: Lander Garro
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2024, narrazioa
2019, poesia
 

 

AUDIOGIDA

 

Pentsatzen dut museoko segurtasun kamerek

erregistratuko zutela zure jainko gihartsuen

aurkako duelu pertsonala, baina gero,

lapurretarik gertatu ezean behintzat,

galdu egingo dela betirako garaituta

Zeusen bularraldetik begirada lurrera

apartatzeko egin duzun keinu dotorea,

 

eta penaz hartu dudala aitortu behar,

nahiz erakutsi didan oraindik badela

tarte bat gizatasunerako, ahanzturarena;

inguruak eta belarrira hain gozoki

mintzo zaigun audiogidaren ahotsak

bestelakorik adierazi arren, hori badela

askatasunerako nahikoa espazio.

 

Baina ez da hori garrantzitsuena,

horri buruzko ezer esan ez dizudalako,

bi urratsetan lau mende aurreratzearen

plazer ezinbestez zaintzapeko eta bihurria

ez zapuztearren, pozik baikabiltza,

eta hori da egia, Babiloniako piezetatik

Egiptokoetara saltoka eta tarteka

eraikina eraberritu zuen arkitektoari adi

II. Mundu Gerran bonbek zimenduetan

eragindako kalteei buruz hizketan ari dela,

 

sineste bidean kasik denborarena

sarrera truke desegin daitekeen

beste gezur horietako bat baino ez dela,

harik eta exit seinaleak eta gero souvenir dendak

hiri erdiz ezezagunera bota gaituen arte,

elkarrekin eta gazte bai, baina —jadanik

audiogidaren oharrik gabe— mundu

berriegi honetan lehen baino galduago.