Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
DURANGO
(LARKIN ERARA)
Egun eguzkitsuegia, aukeran, azokarako,
baina badira autoak bazterretan eta barruan
hasi dira hauta-probak: liburuak eta diskoak,
ordenan aurkeztutako garun erupzioak mahaietan,
eta hots ozenak ate inguruko manifestazioetatik.
Badu bere publikoa haietariko bakoitzak.
Kritikariak gune nagusian daude kritikatuekin,
paper trukean tarteka. Megafoniako abisuak
nabarmen egin du talka esku batean billeteak
eta bestean poltsak dituen gizonaren agur-oihuekin.
Egutegiak, pinak, kamisetak eta beherapenak,
komunak ere bai garajearena dirudien zuloan.
Prentsarentzako txokoan eskaileretan jendea, etsita,
baten eta besteren stand artean lekurik ez dagoelako
umeen jolas nahia eta zalaparta gogoa asetzeko.
Ezagun batzuk, bestela, beste ezagun batzuen gosez.
Eta hasi dira borrokak (barka, aurkezpenak), berandu:
zirkulu kontzentriko sorta osatu da haien inguruan;
literaturan interesatutakoak erdigunean, idazleak gero,
eta literaturan (gutxiago?) interesatutakoak, periferian.
Gizon parea Ternua prakatan gorputza tinkoturik
elkarri hitza lapurtzen eta deman gailendu nahian.
Ez da salmenta ekintza, erlatibo segida amaiezina baizik;
azokako «izarretako» bati publikoa uxatuta, nahikoa.
Badira bestelako ikuskizunak ere: antzokia
eta literatur sorkuntzari eskainitako gunea,
manifestuen haserrea eta sinadura eskaeren edukazioa.
Denaren gainean flotatzen pantaila erraldoia, erosleak
edo irakurleak erosten edo irakurtzen ageri dituela.
Nobela sendoak eta egunerokotik hurbilagoak:
errezetak, bidaia gidak, autolaguntza aholkuak...
Galtzen doazen gaitasunak gordetzen dituzte guztiek.
Bitartean, kanpoan amaitua da protestaldia
gazteenek beren ahotsak erakusten jarraitu arren.
Pankartak beren baitarantz biraka, itxi eta ireki,
zer mundutara zabaldu dituzten ardura gabe.
Berdin zaie irakurleak irabazi edo galdu dituzten.
Atzealdean, badoaz batzuen eta besteen furgonetak
dekoratu aldakor bat bailiran, haietariko bakoitza
bere komisaria propio eta nahi baino urrunagora bidean.
Hustu da parkina ere eta billeteen gizona badoa.
Orain kamioi batzuetan sartu dituzte liburu eta mahaiak,
eta bueltan doaz bisitariak beren helbide pribatuetara,
kale bakarreko harrizko herrietara, hutsik iluntzean,
eta salmenta era bihurriagoetara (liburu-dendetara,
eta etxe atariraino heltzen diren pakete urrietara);
udazken oste honetara, azoka astearte honetara
ekarri dituen erritualaren azal horitua atzean utzita.
Hiztegi zaharkituekin joan dira euskara-hezleak,
poema bildumekin poeta gutxi batzuk eta
Nafarroako historiak tentaturik emazte sentikorrak
Takolo-ahotseko seme-alabekin norgehiagokan.
Bueltan doaz berriz denak beren bizitza lokaletara:
sortetxe izenetara, eta sukaldean zintzilikatutako
lantokiko egutegietara, enpresen urteko balantze
eta galeretara ERE, umeen ballet entseguetara.
Sortu zen gune ber horretan utzi dute azoka hiltzen
bere kasa, hezurreria osoa agerian eta ahul.
Iraun dezala horrela ezkutuan, kemenaren pare,
salmenta zenbaki handien eta kritika positiboen pean;
denborak keinu zailduagoak irensten dituela jakinik ere,
izan dadila jendeak urtero berpizten duen zerbait,
denek partekatutako zerbait, antzinatik euskal literatura
existitu dadin berritzen den zerbait. Bego hor betiko.