Baita hondakinak ere
Baita hondakinak ere
2012, poesia
80 orrialde
978-84-92468-36-2
azala: Lander Garro
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2024, narrazioa
2019, poesia
 

 

Pellori

 

 

 

 

ESPERIMENTU GEOFAGOA
L(AB)ORATEGIAN

 

 

                        Lur guztia hozkatu eta

                        eta ahosabaian sentitu ahalko banu,

                        zoriontsuagoa nintzateke une batez...

                                                        Alberto Caeiro

 

 

Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik

eta harrixkak baztertuta ahoratu gero,

baina ez dut denak kentzerik lortu.

Minduta, odoletan hasi zaizkit hortzoiak.

Eta murtxikatzen jarraitu ahala

elkarrekin nahasten eta ahosabaira itsasten

sentitu ditut odola, lurra eta denborak

bere patxadaz bertan pilatutako mendeak.

 

Odola, lurra, mendeak. Hitz larriak hirurak,

baina baita zapore handirik gabeak ere,

eta birrintzen doaz, gainera, pixkanaka

hortz artean, eztarrian, urdailera bidean.

Paradoxikoa irudi lezake, funtsean

metatutako denborari buruz ari garelako,

baina urgentziazko bihurtu zait dena:

bizi-eramailea naiz orain.

Zuhaitz bat haz dezaket nigan,

eta metafora beharrik gabe

izan naiteke inoren gerizpe.

Konkista nazakete, alokatu, edo,

agian, baita bakean utzi ere,

garrantzi estrategikorik gabeko irla bat nola;

Izan ditzaket sustraiak, banderak,

eta biztanle gutxi gorabehera zoriontsuak.

 

Ardura handi baten jabe naiz.

Munduari indarrez lapurtutako

lurralde hau defendatu beharra dut

iraungo ez duela dakidan arren,

herrialde bat salbatu behar dut

haren desagerpena desio duten

beste herrialde eta mapa guztien aurka.

Baina dena ez da nekagarri. Une batez

atsegina ere bada geografia izate hau:

pertsona bezain leku sentitze hau.