AMETSETAKO GATZA
Euria ari zuen nire ametsean, eta biok
gindoazen korrika asfalto gainean
(beti halaxe gu, pare bat pauso atzerago ni).
Semaforoak itxi egiten ziren nire parean juxtu;
zuk, jiratu eta apur batean itxaroten zenidan,
liburu piloa besapean.
Izerditan ni, gabardina morearen barruan
(erosketa txarra, josturek tira egiten didate)
eta kale-argien dirdira laranja zoruan, esanez
«baietz burua apurtu»
eta ni zuri, buruaren keinu batekin, esaten
«segi, nigatik ez aldatu agenda»
(are gutxiago bizitza, jakina).
Nire zapata beltzek, aldapan behera,
bi zerraldo ziruditen.
Ahots bat entzun nuen orduan.
Debekatua zen arren atzera begiratzea,
egin egin dut betertzetik.
Gizon bat zen, urazalean oinez, ekaitza baretzen.
Txalupa bat, sareak gainezka.
Eta urrunago, neure etxea sutan.
Herioaren putz kiskalgarria hauteman dut.
Eta Itun Zaharreko Lot zenaren andrea bezala
geratu naiz Sodomako muino abailduetan
(orube batean, lata eta arratoien artean),
gatzezko estatua bihurtuta,
desegitear euripean, baina taupaka.