HOBIA
Jaio nintzen Bilbon, 1933ko ekainaren 5ean
eta Lekeition hil, 2002ko urtarrilaren 28an,
68 urte nituela, gazte samar, hiru hilabetean.
Obarioetako minbiziak traizioz eraman ninduen.
Hori-hori paratu nintzen, azkura jasanezina azalean.
Gibela hainbeste loditu zitzaidan
ezen zunda bat ipini behar izan zidaten bularpean,
zornea kanporatzeko.
Lasaitzearren esaten zidaten
kamisoia zikintzen zidaten orban nabarrak
betadineak eginak zirela.
Baliotzat izan nituen nire azal fina eta izaera.
Josten eta brodatzen ikasi nuen:
inizialak kirruzko izaretan, bainikak manteltxoetan.
Letra txikia neukan arren, berben amaierako buztanek
beti salatu zuten nire abizenaren adore zuhurra.
Matematikan abila nintzen txikitan.
Martiri eta santuen bizitza antzeratzen irakatsi zidaten.
Ez nintzen izan sukaldari aparta,
baina ez nuen parerik flan, kroketa eta bizkotxoginean.
Denda bat gobernatu nuen: oihalak, jantziak eta beste.
Gaztetan argal-argala, titibakoa nintzen
(horregatik ez ninduten mutilek dantzara ateratzen);
ama egin nintzenean, berriz, esne ederrekoa suertatu
(lagunek, ostera, pelargonez loditu zituzten umeak).
Ezkondu artean hankak estutzen ohitu nintzen,
eta grinaz aitaren egiten
Scarlett O'Hararen zinak oroitzean.
Beltzez ezkondu nintzen,
lili-sorta eskuan, mantelina buruan.
Itsasgizona hartu nuen senartzat.
Oginoren egutegiak, beraz, balio gutxi guretzat.
Lehorreratzen zen bakoitzean genuen ezti-gaua.
Kanpaina luzeetan argazkiak bidaltzen nizkion,
hogeitik gora berrogei urtean.
Denetan utzi zituen ezpain-markak, malko-arrastoak.
Maite nuen neuk ere, deabruaren jenioa zuen arren.
Batzuetan arrazoi barik sumintzen zen, kaka zaharra!
Baretzen zenean, besarkatu egiten nuen
eta barka eskatu. Zenbat erregutzen nion, negarrez,
beragatik, neugatik, ondo jakin barik zergatik.
Bi erditzek odolpikoak utzi zizkidaten uzkian betiko.
Semea izan nuen; gero alaba.
Batari onena eman nahi izan nion, mutiltxoari.
Nekez hartu zuen bizitzako martxa. Ondo ote dabil?
Alaba hazi nuen ametsak zaintzen diren eran.
Erraza izan zen, begia galdu zuenean izan ezik,
edo bere abortuen garaian.
Zotinka egoten ginen biok telefonoaren alde banatan.
Laster topatzen genuen kontsolazioa,
berak koadernoetan, nik neure lanetan.
Garbi izan nituen nire zutarriak:
etxekoak jagotea, aurreko eta osteko;
legeak betetzea, zeruko nahiz lurreko;
obligazioa jartzea debozioa orduko.
Belar-egoskiek laguntzen zidaten loak hartzen;
geroago pilulak behar izan nituen.
Zein ote da andre jasekoaren saria?
Esku zabaletan urre gorria:
bitsa eskuetan eta bits horren zauriak.
Orain ilunpean nago. Eskeleto bat naiz,
traje-txaketa ona eta blusa satinezkoa,
zurezko gurutze txiki bat altzoan,
feltrozko larrosa bat eta galburuak eskuetan,
ospitaleko azken opariak.
Kotoiz butxatu behar izan zizkidaten sudur-ahoak.
Nire alabatxoa hitz eta pitz ari zen
jendearen samin-agurrak hartzen,
eta bisitei azalpen gehiegi ematen, xehetasun lar.
Beti izan da formalegia, hainbesteko gizalegez hezia.
Hor goian badira granitozko aingeruak,
lauburu zizelkatuak, koroa zimelak, ikurrina.
Euriak tarras daramatza krabelin-pipilak,
harri-kirriak, letra urrekarak, oinatzak.
Hemen behean ez dago ezer.
Faltan ditut lagun minaren kontuak,
dendako apalak, senarraren zurrungak, alaba.
Iloba hazten ez ikustea izan dut zigorra,
«amuma» zelan deitzen didan ezin entzutea.
Alabaina, ez naiz kexu.
Egunsentiaren zain, bakean natza.