URAREN ESTRATAK
ITURBURUA
Ura, lehen ispilua.
Dardara bat ur beltzean.
Ilargiak pa uraren haragiari:
ispiluaren metamorfosia.
Itzalak ihesi; erloju bat jaio da.
Ama ura, menstruazio-odola.
UR-JAUZIA
Maitatzeko dauden era guztietatik,
zenbakaitzak eta bitxiak denak,
hauxe hautatzen dut: orakulurik ez duena,
ura.
ARROILA
Hodeia, izotza, xirripa, turrusta, olatua, lanbroa, istila.
Uraren hizkuntza.
Onddoa, ihia, goroldioa, iratzea, lorea, igebelarra, alga.
Uraren hizkimizkia.
Larba, igela, txoria, inurria, otsoa, marraxoa, gu.
Uraren ideia.
Odola, gernua, hazia, amniosa, izerdia, adurra, malkoa.
Uraren hieroglifoa.
UHASTEGIA
Nire malkoak gozo zaizkidala oinaztargia harpe barrutik eztia den heinean. Ez dudala behar inor nire burua aztertu eta zorriak kentzeko. Nire umontzia beti ez dagoela poesiarako prest.
URMAELA
Batzuetan, munduko denbora guztia sar liteke leopardo-sosten batean.
URLOA
Ura gorputzean, mihise mehea.
Neure mandorla.
UBERA
Amodioaren jokoan jokatzea:
ur ertzean etzatea, beso betean;
barre egitea, begiak itxita.
Maitatzea, hitz hori ahoskatzeke.
LURPEKO URAK
Ahanzturaren dzingoa neurtzeko, laburregi ditut besoak. Hortik lo-belarra erein beharra zuloetan, begi guztiak pitxertxoak bailiran: belarriak, ahoa, sudur-hobiak, uzkia. Zilborra libre utzita, argi-ontzi hutsa. Ezin da zulo hori estali, ama bazara: zilbor-orbainean joka iratzartzen zaitu bizitzak.
URTEGIA
Urak neure izenez hots egiten dit,
bere bularrak eskaintzen.
Arantza bat da egarri hau.
Nire kriseiluarekin ahotsak argitzen ditut;
nire baratzean oroimena erretratatzen.
Ez dira uretan idaztekoak nire hitzak.
Ura dut lagun bataio honetan:
uretan sartzen ari naiz bizia,
uretan sartzen dihardut bizitza.
Urari nire egarria.
IBAIADARRA
Handiegiak dira zure minak, denak nire gerrian urtzeko.
Horregatik idazten dut boligrafoa arraun bat balitz lez, bidegurutze batetik erauzi berria.
UHARRITZA
Pultsua botatzea bizitzaren erdi biak banatzen dituen marraren gainean. Eskuko frenoari oratuta. Mutur-uhala jantzita. Ordezko azazkalak itsatsita. Edo horixe eta horrela, edo amore ematea txoriez dakien ahots lodi bati. Apustu horretatik hilzorian ateratzen banaiz, poetak, eman niri opioa zazpi astean, otordu bat irailean nire baratzean nata eta intxaurrez, zuei sms-ak bidaltzeko baimena: «Hegaberak batzen dira hondartzan egunsentian; halaxe lagun minen aldra bihotzen negu gorrian». Eta abar.
UHARANA
Zu, ezpainetan kilkerrak dakarzkidazun hori.
UHARTEA
Beldur bazara, begiratu zure uharteari:
ez du ezagutzen sarerik.
Harkaitzak aldarazten dituzte urek,
labirinto opakuak ere higitzen.
UHINA
Eskerrak ematen ditut. Gizon on baten lepoaren antza dauka udazken honek.
UHOBIA
Lanbroa zeharkatu, gaza harilkatu, hormarriak ahokatu, testuingurua berreratu: ura irauli.