ISILTASUNAREN GEOGRAFIA
Hauek ditut isiltasunaren mugarri:
hozkailua, harraska eta labea iparrean,
arasa eta kaleko atea ekialdean,
trastegela mendebaldean,
eta euskal paisaien egutegia hegoan.
Erdigunean hazten naiz, arbola gardena baldosa batean.
Baldosapean leize bat hedatzen da,
mintzairaren zeinu zurtzak negu-lore dituen desegitura.
Mataza bat gomutarazten dute, pintore baten kapritxoa.
Haizeak burua eztitzen badit,
sustrairen bat azaleratu eta gora egiten dit altzora,
bularra eman diezaiodan.
Sukaldeko isiltasun goizekoa.
Fertilitatearen geografia.