Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

AU CLAIR DE LA LUNE

 

zeruan beste itsaso bat

hodei marotak kobrezko uharritza

eguzkia obulu glaseatua arrasbeheran

pinudian erroi baten karaka kaioa

langarra aparra belarraren uharetan

neguko zuhaitza arimaren hezurdura

ne me quitte pas

 

orgen karranka olatuen zartada itsasbeheran

ilargia mamitzear hondartzan ezunearen soslaia

haizeak ezer ez dakar

ez da erlojuan hogeita bosgarren ordurik

urrats gorrak tertziopelo ahaztuak niaren hartzidura

gau hutsean txalupen txikotak lutuzko zintak

ne me quitte pas

 

izarapean ireki zaizkit mila ofiura

listuzko ibai solido batera luzatu dut pausoa

eta jausten banaiz eta jausiko banintz

zalantzarentzat tokirik hemen ez dago

gorputz izoztu honetan aupatzen naiz desberdin

okarana errea ilbete gorria

ne me quitte pas ez nazazu utzi ne me quitte pas