EOLIA
Mitoak dio Eolia lorez beterik zegoela.
Hostotsu irudikatzen dut uharte hori, nire pubisa lez,
baina alua mehetu zait jada, bular-muturrak zurbildu.
Eolia jitoan omen zebilen hara eta hona,
sekula inor bertara ez itzultzeko eran.
Ni ere banaiz Eolia bat; irrikaz, ordea, aurki nazazun,
betazalak argiz apaindurik, ahoa zeure gustuko esaldiz.
Oker dihardut, baina, oker dihardut.
Ez naiz Eolia eta ez nabil nora ezean.
Zu ez zara nire fruituz elikatzen.
Zuk ibilitako urak ez dira itsaso eskerga hauek.