JARDIN BOTANIQUE
Gauza orok darama bere baitan bere hilobia.
Beharrezkoa da jaustea
larri zauriturik borrokan.
Asko maitatzea. Asko sentitzea. Ilargia ikustea
gorantz egiten gau askotan
arima ilunpean duzula.
Jose Hierro
Joanesentzat
Halaber, ari naiz eskuak irekitzen,
esku hauek hosto koskatuak lakoak.
Egunen zikloa ez lotzeaz dihardut,
zuri ez kentzeaz atalase debekatuen argia.
Nasaitu ditut entziklopedia-hatzak
zu ernaia zarelako, haritza, masusta.
Nola azaldu lupetz bihurtzen dela hautsa;
legar taxutzen harkaitza; ozpin, mahatsa.
Txorikumearen pisua baduzu ozta-ozta,
nakarraren argi mehea harea artean.
Ez sinetsi, mon bijoux, behin soilik maite dela,
gainerako ereintzak itzulmina baizik ez direla.
Izan urarekiko joera; bide gardenak hartu aterpe.
Ohartuko zara inoiz lore higatuen etsiaz.
Ez dakit zer jardin uzten dizudan, semea.
Berde kamuts nahi luke zure udaberrian
kristalezko negutegi honen maketa hautsiak.