Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

SALMOA

 

parentesi bat da nire gorputza

argibideak onartzen dituena

berrogeita zazpi urteko turmix bat da nire bihotza

kalatxorien moduan miau egiten dut

neure ezpainak haztatzean

part jaurti ditut portura zapata burdinkarak

ez zaitut nahi full time ez zaitut nahi full time

soilik you you you

 

zure esku handiei begira

zure aho maminari zure oreztei begira

ez du ardura hitzak bai ahotsak

zure bitsak zure gatzak zure esneak

badakizu ez dela merkea armazoiak bazterrean uztea

badakizu azala zirtziltzea dakarrela ortozik ibiltzeak

lasterka nazazu lauhazka lasterkatu lau hankatan

adurra adurraren truke eta adurrean talko-hautsa

 

iratzezko habia bat egizu biontzat bada toki bat basoan

non basurdearen oinatza non oskilasoaren kanta

non almendrak eta ardo zuria

non zure hatsa eta koadrodun manta

zure besoak txilarrezko bi hego gauzak esplikatzen

zu nire salan zu nire altzoan

zu min zaharrak sakabanatzen

zu zauri berria oinaze sor berriz hornitzen

 

aintza eta bakea lurrean

kale-kantoia jiratu eta batera

txori bat pausatu baitzait sorbaldan gloria

zure musu bat sorbalda biluzian egunsentian

hain handi eta eder eta on baitzaitut

ardagaia eta su-lama

gloria zu bedeinkatua zu eskerrak zuri ahuspez agur

oi neure erraldoi oi neure masai oi neure irlako moai