Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

727. GELAKO BESAULKIA

 

Esan niolako ez zitzaidala

727. gelako besaulkia ahaztuko,

tristuraz egin zuen irribarre.

Plastikoz tapizaturiko etzangarri hartatik

oinazearen xehetasunei behatzen ahal nien:

erizainei deitzeko tinbreari,

ur-botilari mahaitxoan,

larrosa gorriari eta galburu artifizialei

(prohibido traer a esta unidad flores,

plantas o cualquier especie vegetal

por el riesgo de producir alergias),

abanikoari, betaurrekoei, estanpa bati,

gazei eta kartoizko palanganei,

(kronometroak ekartzen zizkidaten gogora),

oin hanpatuei bata berriaren azpian narras,

hatz zurbilei sueroaren makilari sakaka

gurutze bati lez.

Eskutik helduta egoten ginen arratsaldeetan,

ni besaulkian kuzkurtuta.

Halatsu, goizaldeko orduetan ere komunetik bueltan,

korridorean leiho beltza baizik ez zenean,

besaulki hura nuen aterpe,

beldurra maitasunean diluituz

sentimenduak kategorizatzeko.