Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

DEBEKUAZ

 

                        Mamuen adinean

                        debekatuta dago

                        mugarik gabe maitatzea

                        edo maitatua izatea.

                                        Julia Barella

 

 

Hori diozu, Julia? Eta zer diostazu

eskaileran gauez entzuten diren pausoez?

Badirudi beti dela norbait etxera heltzeko.

Debekatuta egon behar luke, arrazoi duzu,

ilintietara dzanga egitea

urte-giroen sukar hauskarak mendean bagaitu,

edo akaso geu bagara haren kolore, ez dakit.

Horma txikiko baratzea da gurea baina,

uzkurtu eta hedatu egiten dena,

arimaren tendoi, eguzkiaren legera.

Ortozik nago, zurtz, goroldioa orkatiletan gora,

kontzeptuen arkitektura zedarritu nahian,

oin-zolak zauri, hegal eta kaiola den baratzean.

Isiltasunak, fruta-arboletan lokartzen den argiak,

loreontzi zaharrek eta zure hitzek, laguna,

zure hitzek salbatzen naute zatika.

Ez dut inor maitatuko; ez nazala inork maita.

Mudaturik jada testura eta etiketa,

kuartzoaren distiran naiz naizena,

barrokismo hutsal bat, berbazko bitxien egia motza

mundua mende izateko moduan.

Esadazu, laguna, leizezuloen beldur ez zaren horrek,

nondik egiten zaion tira matazari,

bakartasunaren adatsari dunetaraino,

zuk, sinesten baduzu hobeto bizi zarela horrela,

zeure buruaren antsiaz, zeugan, zeuretzat eta zeure.

Zabalegiak elurtea eta bizimina koralezko zainetan,

igeltsuzko maskara gaur jangartzu honetan,

behin eta berriro langar ni,

eta gorpu ur ertzean, zutitzear.

Nik ezin, laguna, unibertsoak topatzen baititut

nire eskuetan inork utzitako adurretan,

hennazko kondairak.

Nik ezin, maitatzeke: anilezko tintura

sobera daukat mamuen adinean.