Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
GERTABERRITZEA
teklatuaren memoria arakatu nahi izan dut
hatz mamietan taupadak igartzeko
grinaren ukenduaz osatu ditut
nire odolaren akorduan
zartatutako liburuak
merkataritza-ontzi bateko biztanle izateko
goraki esan nahi dut
mundu nahasi honetan
bizi den gizona naizela
(...egungo aristokratetarik)
letrak ere banaka paratu nahi ditut
elkarren babesean laineztu ez daitezen
uste ez dezaten ez direna badirenik
baina deblauki hitzak euren kodainarekin
kristalezko mendien gardentasunez
ebakitzen dira plaza librean:
zer egin handirik ez dagoela
ortzi urrun batetik jausi aerolitoen
mendeko sentitzen naiz
(...inoren zaurien kaligrafiak berritzen)
esan nahiko nuke memoria herbala dela
orain ezin bazaitut ukitu
pantaila berri batera joaten naiz
oroitzen zaitudanean
ez zure aztarnen bila
kate-erreakzioen beldurragatik baino
letra beharraz enpo
azken esaldiak eratzen zaizkit
halako batean poema-tranpa suerta dakidakeen aieruz
(...poesia federik gabe maite dut)