Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
MAKETA
zilarrezko paperarekin egin zituen ibaiak
kotoizko zuhaitzak jarri zituen ertzetan
txakurrak umeak eta zaharrak pasieran
gazte bat arrantzan gerrirainoko botekin
pentsa zitekeen etxe jaso berri haiek betiko zirela
handik gertu zelaia egin zuen goroldioaz
zigarro kea bota zuen birritan tximiniatik gora
jaikitzera egin zuenean goibeldu egin zen zerua
soinean zeraman trikota urdin ilunarekin
jende buila entzun zumardiaren aldetik
gorak! eta herriak!
salara jo zuen balkoitik kalea begiztatzeko
ez zen ordu hartako inor falta plazan
tarte bat eman zuen arratseko airea arnasten
lehengo egunen gomutei
inoren biharkoenen usaina hartu zien
isiltasunak azkazalak izerditu nahi izan zizkionean
itzuli zen gelara
ibaiaren leinurua
mailatuta zegoen bi tokitan
elizaren atzean auto bat ikustea iruditu zitzaion
hilerriko bidean ezkutatzen...
kezkatu zuten bala zorroak
aurkitu zituen bazterretan
kale zoko batean odol arrastoak
presaka itzalitako argiak eta
bihotz uzkurtuen koruak bebarruetan
makurtu zenean
uraren azaletik erreskatatu zituen
plastikozko txakur handiegi bat eta arrantzalea
gero gurasoen etxea zapaldu eta apurtu egin zuen