Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
BESTE EGUZKI BAT
ez du zabaldu gaurko nahi genuen eguna
beste eguzki bat zutitu da haren partez
eta bart arratsean afaltzen jan genuen arrainak
hezur luze bi zituen gure eztarrira destatzen
beste leku batean egon nahiko nuke orain
pinudi ospel baten mugan
kamioiek zepa tontorrak
nola deskargatzen dituzten begira
beste herri batekoa nahiko nuke izan
beste jende batekin lan egin
eta bihotzeko zuloan dakardan liburuko
sanskrito modu hori tarteka ulertu
batzuetan maite dudan jendea
areago maite behar dudan jendearen
ordezkoa baino ez dela jabetzen naiz
eta neu ere
mezu ilaunak igortzen dizkidan
beste baten tokian nagoela hemen
ibiltzeari utzi zion harria naiz
goroldioa lotu zait kirioetan
sei ordu barru gaurkoa amaituko da eta
beste bulkada bat beharko da
igogailuen marruma atoian garraiatzeko
(hamarretik zortzik
mintzo garen hizkuntza
ulertzen ez duen herri batekoa naiz)