Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
GALDUTAKO ALDIAK
galdutako aldiei
galdutako ardiei bezala begira jarrita
eguzki itsuaren errainuak
nagi idazten ari dira arbelezko teilatuetan
entelegatzen ez dudan mintzaira batean
gorputzaren adierazpide soiletan
errenditzen ditut sentimenduak
itsasoa esaten dut baina
logura esan nahi nuen edo auto ilarak
ordu baten okerdura etortzen zait gogora
hurrena zure izenak falta dituen letrak ari dira
oinezkoen bideak hesitzen zumardian: r-a, u-bat, l-a
ez nago zure zain bakarrik gaudela idazteko
ez dut barren huts hau
geroaren malenkonia nagituaz beteko
irriantza jartzen diet ebakien ahoskerari
ez daudenen egunerokotasuna
mutiltzen zait burmuinetan
eta ez dit pentsatzen uzten
eguzki zikindu batek lausotzen dit arnasa
baina hemen nago oraindik
zoriontsu izateko delibero fatalistarekin
lortu edo lehertu
honezkero inork ez bainau aterako onik
nire gorputzeko igogailu matxuratutik