Aurkibidea
SINGALANTENEA (RUE TOURASSE)
AGORRETA KARRIKA
11 RUE IDUZKILEKU
PLACE D'ESPAGNE
CARREFOUR DES ÉVADÉS
Aurkibidea
SINGALANTENEA (RUE TOURASSE)
AGORRETA KARRIKA
11 RUE IDUZKILEKU
PLACE D'ESPAGNE
CARREFOUR DES ÉVADÉS
OROITZAPENA
Zerbaiten ostean beti dago gordea oroitzapen bat;
horregatik, zigarreta bat ahitzen zaigunean
itxaro dugun pertsonaz oroitzen gara,
edo gosaldu ondoren
esneak katilu hondoan utzi arrastoekin gogoratzen gara.
Negu gorria heltzean
maitearen esku deserrituak dakartzagu akordura.
Kontua da, beti dagoela oroitzapen bat zerbaiten ostean.
Esperantzaren adinaz galdetzen dugunean
inork ez du erantzun nahi izaten.
Leihoaren ondoan esertzean
itsasoaz oroitzen gara,
eta itsasoaz oroitzean
galdutako lagunak ekartzen ditugu burura.
Oroitzapena da urratzen ez den bandera bakarra,
ezabatzen ez den oinatz bakarra;
horregatik, gaua zeharkatzen dugunean
zure ziegaren iluntasuna datorkigu gogora.
Amets lokartu baten atzean
beti dago harago joan nahi bat,
itsasbehera bakoitzak oroitzapen biluzi bat lagatzen du
memoriaren hareatzan.
Egun zoriontsu baten ostean
aspaldiko argazki zuri-beltzak begiratzen ditugu.
Zuetaz oroitzen ote garen jakin nahi duzue
maite gaituzuenok,
baina ez gara gai galdera horri erantzuteko.
Patio bustiarena da euriak uzten duen oroitzapena,
ate morroilotuen akordua da
gelditzen zaigun oroi-bilduma bakarra.
Lurrak gure hezurren oroitzapena gordetzen du jeloskor;
horregatik, ezkilen ostean
beti gelditzen da oroitzapen bat,
eta oroitzapen baten ostean
beti dago norbait.
Horregatik ba,
horregatik hain zuzen ere.