Deserriko karrikak
Deserriko karrikak
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-54-1
azala: Garbińe Ubeda
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
1996, poesia
 

 

LANBROA BAIONA TTIPIAN

 

Zure oroimena abesti zahar baten barruan bizi dela

esaten badizut, ez da gezurra egia esatera.

«Ez nago etxean; nahi izanez gero

utzi zure mezua bip-aren ondoren»

izan da utzi duzun azken arrastoa.

 

Zure ahoa dasta ezinean oheratzen naiz eta

zure bisaia bustia noizbait ikusiko dudan

ustearekin jaikitzen naiz egunero.

Lanbroegi egiten du Baiona Ttipian.

Kate berean doaz hemen pozak eta zorion ezak,

behin-behinekotasunean maitatzeko aukera baino

ez baitu ematen deserriak.

Hurrago nahi zintuzket baina

kale bitarte zabalegia da zure eta nire arteko hau.

 

Kare biziak ahazten ez gaituen arren,

malda atzetik mende bete odoltsua badatorkigu ere,

geure esku dago aitzina jarraitu ahal izateko bermea.

Zuk jakin beharko zenuke nik baino hobeto:

nire herriak muga egiten du zure deserriarekin,

zure gogoak iparralderagoko atzerrietara narama nahitaez.

 

Maite zaitut,

eta honek ez dauka zerikusirik semantikarekin.