Deserriko karrikak
Deserriko karrikak
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-54-1
azala: Garbińe Ubeda
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
1996, poesia
 

 

BITTOR BAR EXPO

 

Antxetek zerua hartu dute agorril sargorian.

Abiadura Handiko Trena iritsi da Hendaiako geltokira,

ez da ordea inor ezagunik jaitsi,

eta nire eskuek zure gorputza dute ments.

 

Gaur ezberdin da dena;

jaiotze-tasak gora eginagatik

forentseek gorpuak pilatzen dituzte autopsiarako.

Ez esan niri dena berdin denik.

 

Kontuarrak edalontziz beteriko ordu txikietan

maitatua sentitu dut neure burua...

 

Berandu dela ohartuko gara

belar-paretak denbora estaliko duen egunean.

Min emango digute enaren hegaldi hurbilek eta

Bidasoa gaina zeharkatzean zu hemen ez izateak.

 

Gaur ezberdin da dena;

zabor biltzaileen kamioi horia etxe aurretik

betiko tenorean pasa den arren, zu ez zaude.

Zapi garbi bat bezala urratu da argia zeruertzean.

 

Maitatua sentitu dut neure burua

kontuarrak edalontziz beteriko ordu txikietan...