Aurkibidea
SINGALANTENEA (RUE TOURASSE)
AGORRETA KARRIKA
11 RUE IDUZKILEKU
PLACE D'ESPAGNE
CARREFOUR DES ÉVADÉS
Aurkibidea
SINGALANTENEA (RUE TOURASSE)
AGORRETA KARRIKA
11 RUE IDUZKILEKU
PLACE D'ESPAGNE
CARREFOUR DES ÉVADÉS
ITXARONGELAN
Desgaraiak bizitzea egokitu zaigu
bideraezina dirudien amorruen galtzadetan.
Ez da oso zehatza gure egonguaren kokagunea,
baina tenorez gabiltza hurrengo belartzerako.
Esku zikinokin bazkaltzen dugu,
eta gogoetak metatzen beheko etxe abandonatuetan.
Begiak zaizkigu lahartu;
bideak ematen duen arte eginen dugu aurrera,
epeka ordainduko ditugu akorduaren harpidetzak,
baldin eta gure hobespena alferrikako ez balitz,
gure ilusioak lehenago emendatuko balira.
Ikusi al duzu?,
errobiek ur mehea dakarte gure zubipeetara,
atzezurrak bailiren hiriaren barrunbeak arakatu ditu
hezurrik gabeko haize gorriak.
Esadazu zer izen duen exilioak
espero den besarkada hori heltzen ez denean,
edo norantz doazen itsasbeheran galtzen diren oinatzak.
Hamaika galdera ditut erantzunen zain
gutun ezkutu forman heltzear.
Ez dira gutxi neguko gaualdi honetan
loak hartu ezinik dauden bonbilla piztuentzat.