11
Kalean ahaztutako galtzerdiaren kolorea baino tristeagorik
harlauza hezeetan ez dut deus ere aurkitu
eskaileretan gora noalarik
Eguzkitan dantzuzkit arrainak orroeka
euren hortzak zimurtu eta grisak
erosta itun hau kanta ederra ei zuten antzina
Eta orduan biluzik nire amorantea lez biluzik
jaitsi zaizkit garrak eztarrian barrena
eta denboraren euriteak hasi ditu bere kristalezko melodia
kristalak bai kantatu egiten bait du
kristalaren kanta elixir ezinezkoa
Ai zeinen ederra kristala bere bide karabilkatsuetan!
Beraz bizitzaren bihurguneetan galdurik nabil
goizak eta gauak erruletan jiraka ari direlako
oihan goibelean zelatan dagoen begia nauzu
Gogoak ispiluak egizue negar
kristala zuentzat jainko bat bait da
eta jainkoak ai amigo jainkoak
bide ertzean jarri ohi dira arratsero
ipuin odoltsuak kondatzeko
Aintzina zure irudi eskasen jitoan maite zintudan
baina gaur guzti hura islada bat
eta ezordu honetan norantza ihes egin
zein bide aukeratu
haize guztiek nire hasperenak ezagutzen dituztela