9
Gauean baditun handitasuna eta lilura
basoak eta izakiak elkarrekin joaz
eta hi ere bahago.
Gauean baditun bidaiariaren urratsak eta
ilunpeko ernaria eta neonezko argiak
(eta itzalaren semeak).
Gauean trenak eta itsasuntziak igarotzen ditun
eta argiztuta dagoen herriaren espejismoa
ilunabarreko azken adorea eta
egunsentiaren promesa.
Eta hi ere bahago.
Kanta soinu bat gauean, ahots epel bat
ate baten astindua, hirurak erlojuan
eta ez soil-soilik izakiak eta gauzak eta hotsak
baita ni ere baniagon
ez zekinat zeren atzetik baina.
Eta hi ere bahago
hi itxaroten dudana.
Begiak ixtean
irudi arrotzak zetozkidan gogora.
Begiak ixtean
dirdira fluorezentez betetzen zaidan
irudimena
eta hi ere bahago, dudarik gabe, urrats zail hauetan.
Gauean nire ametsak herri estrainio eta beldurgarriak
ikertzen dizkin
eta urtziaren eta izarren dastakera
eta bi mila eguneko oilarraren deia
Gauean baditun izarrak eta itsasoaren mugimendua
errekak hiriak basoak belarra
ehundaka gizonen b-i-r-i-k-i-a-k.
Gauean baditun munduaren sekretuak
baina ez zegon jainkorik.
Hi berriz hi bahago
hi berba errazak erdeintzen ditunan hori
nire ametsaren oinarria.
Gauean bahago eta egunean
egon egongo haiz.