Berbak legezko aiztoak
Berbak legezko aiztoak
1990, poesia
54 orrialde
84-86766-29-X
azala: Joanes Urkixo
Joanes Urkixo
1955, Bilbo
 
 

 

7

 

Laga nuen itxaropena orduen engranaiaren inguruan

aizkorak azken minutua ebazten zuela

eta hara bildutako jendetzaren erdian

zaharren sorbaldetan umeek

esku eta aurpegietan adierazten zuten ikara.

 

Beste kalean, erreka ondoan,

lur lehorra dantzaka hotzikaradun ipar haizearen

konpaseetan...

eta neska emakumea leloa kantari

edozein bazterretan bere haragia alferrikalduz

edozein bazterretan zutik ormaren kontra

eta azensoreetan gizonak hienen antzera barrez

bitartean eta dezensoreetan hienak gizonen antzera

negarrez.

 

Trumoiek irensten zuten herri batean zen

jendeak beste barik kalera urteten zuen herri batean

jaietarako biluzik baleude bezala.

 

Leihotik ikusiko ditut luzaro

jantzi zuriak eguzkitan eskekiak

beti sostropo mordotuen dastakera gogoratuko

baita umeen joko alaitsuak, haien artean bat nintzena.

Baina oroitzapen guztiak sakabanaturik

nork iku zezakeen behin batean izana

aienatuko dira noizbait arrats eguzkitsuak

eta elurrezko goizak

eskekiriko jantzi zuriak eta sugelandareari beldurrak.

Ustekabeko topo batek ere ez nau bidean geldieraziko

ezerk ez nau hara lotzen, ez joanak ez etorkiak

ez abestu ohi nuen kanta zaharrak.

Hodeiertz faltsua desagertuz doa ttanttoka

beraren ate kondenatuak betirako itxiko.

Behin eta berriro ilargia dakusat erdi janda

eta izar desiragarriak han goian eskuhar...

Etzazue ez sekula nire figura espero

gaueroko zitan

oi argi ezkutuen kapitainak