Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

ADDENDA

 

Txillardegi Leturiaren sorlekuan

 

Juan Luis Zabala / Ferrol

 

Berria egunkarian, 2006ko urriaren 27, 28 eta 29an,
hiru ataletan argitaratutako erreportajearen testua.

 

 

 

1. Zerubiden berriro

 

      Duela 50 urte amaitu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua nobelaren idazketa lana. Euskarazko narratibaren historian, euskarazko lehen nobela modernotzat jotzen da Leturia, ordura arteko euskal nobelek ez bezala pertsonaiaren barne gatazkari erreparatzen diolako, gertakari batzuen kontaketa soiletik harago. Ferrolen (Galizia) idatzi zuen Txillardegik Leturia, soldaduska egiten ari zela, eta Ferrolera itzuli zen joan den astean, nobela idatzi zuen garaian ezagututako lekuak berrikustera.

 

      Jose Luis bakarrik dago Ferrolgo Udal Parkean. Baina ez hartaz urrikal, nahita etorri da-eta bakarrik egotera. Neska gaztea ikusi du aurrean duen urmaelera hurreratzen, atzetik zakur handi bat dakarrela. Gogoetaren bideak geldiarazi dizkio neskaren edertasunak, liluratu egin du haren begirada ametsetan bezala galduak. Neska badoa, zakurra lagun, Jose Luis berriro bakarrik utzita.

      Lipar bat izan da, segundo batzuk. Baina, berak horretaz inoiz ezer jakingo ez baldin badu ere, aurreneko euskal nobela modernoaren idazketa prozesua abiaraziko duen txinparta piztu du neska horrek, parkean emandako urrats urri eta itxuraz garrantzirik batere gabeko horietan.

      Bizipen labur hori buruan aspaldidanik darabiltzan kezkekin uztartuko baita Jose Luisen buru gogoetek berotuan: Soren Kierkegaard eta Miguel Unamunoren existentzialismoa eta bizitzaren “sentimendu tragikoa”; Jacques Maritain, Yves Congar, Henri de Lubac eta Leon Bloy idazle katoliko antifaxisten ekarpen progresistak, William Shakespeare, Pio Baroja, Knut Hamsun, Albert Camus eta beste hainbat egileren liburuek sortutako literaturazaletasuna; Koldo Mitxelenarengandik euskarazko nobela bat idazteko jasotako eskaria, ia-ia enkargua...

      Hurrengo egunetan ere ikusiko du neska hura Jose Luisek parkean; eta parkean ez ezik Cabanasko hondartzan ere bai. Oso gustuko duen arren, ordea, ez du harenganako pausorik emango. Andregaia du Donostian, eta hurrengo urtean ezkontzekotan dira. Herabea da, gainera, Jose Luis kontu horietarako. Eta inoiz inolako zirrikitu txikirik ikusi baldin badu, denak itxiko zaizkio kolpetik parke bereko dantzaldi batean neska hura mutil bati estu lotuta dantzan ikusitakoan, gauaren erdian mutilak gidatutako Lambretta moto baten atzealdean eserita galdu aurretik.

 

 

ERREALITATEAN EZINEZKOA, FIKZIOAN GAUZATUA

 

      Errealitatean gauzatzerik izan ez duena fikzioaren bidez gauzatzeko bidea eta aukera emango dio Jose Luisi nobelak. Joseba Leturia pertsonaia irudikatu eta sortuko du —“nire anaia bikia” izatetik gertu dagoela dio—, Zerubide izeneko parke batean bakarrik, nahita “bakarrik egotera” joana.

      Bere egunkari ezkutuan Miren izeneko neska nola ezagutu duen kontatzen du Leturiak, lehen pertsonan: “(...) aurreko iturrira alderatu da neskatxa bat. Uraren ispilu higikorrera begira egon da lipar batez (...)”.

      1956ko kontuak dira horiek guztiak. Jose Luisen deiturak Alvarez Enparantza dira. Txillardegi du ezizena, Donostiako Antigua auzoan, bere jaiotetxetik gertu, zegoen baserri bati zor.

      27 urte zituen orduan Txillardegik, eta ingeniaritza ikasketak amaitu berriak. Soldaduskako azken sei hilabeteak egiten ari zen Ferrolen, Francisco Franco Espainiako caudilloaren jaioterrian. Eta han idatzi zuen, duela 50 urte, Leturiaren egunkari ezkutua, euskal literaturaren historian lehen nobela modernotzat jotzen dena.

 

 

IDAZLEAREN ITZULERA

 

      Bi aldiz itzuli da aurten Ferrolera Txillardegi: uztailean lehenik, Jone Forcada emaztearekin; joan den astean bigarrenez, Paco Vila argazkilaria eta lerro hauek idazten ari den Berria-ko kazetaria lagun zituela.

      Bi egonaldi horietan astiro bisitatu ditu duela 50 urteko egonaldian ezagutu zituen leku nagusiak: apopilo hartu zuten etxearen ataria, Casino Ferrolano elkartea, Ferrolgo kaserna eta Ofizialen Etxea... Eta batez ere 1956an Ferrolgo Udal Parkea zena, egun Reina Sofia parkea deitua, Leturia-ko Zerubideren jatorria eta oinarria.

      Joan den astekoan, horretaz guztiaz gain, hiru astetik behin eta astebetez bizileku izaten zuen airekoen aurkako bateriara ere itzuli zen, 5 zenbakia zuenera. Hantxe idatzi zuen Leturia, han bihurtu zituen testu Ferrolgo parkeko asmoak, ametsak eta gogoetak.

      Garai hartako unibertsitate ikasleek egin ohi zuten moduan, hiru zatitan egin zuen soldaduska Txillardegik: bi uda —1952 eta 1954koak— Zamoran eman zituen, eta sei hilabete Ferrolen, alferez graduarekin, apirilaren 28an joan eta azaroaren 1ean itzuli.

      Abertzale eta euskaltzalea zen ordurako. Ekin barne buletina egiten zuen —eta bi urte geroago etaren sorrera bultzatuko zuen— taldeko kidea ere bai. Ferrolera joan aurretik, hango egonaldia liburu bat euskaratzeko baliatzea pentsatu zuen. Baina, kontu jakina da, adiskide batek uxarazi zion ideia hori burutik.

 

 

KOLDO MITXELENAREN “ENKARGUA”

 

      “Milagros Bidegainek, Koldo Mitxelenak eta hirurok euskarako eskolak ematen genituen garai hartan”, ekarri du gogora Txillardegik. Hirurak ziren irakasle Donostiako Aldundiaren Julio Urkixo Mintegian; Mitxelena, irakasle ez ezik, mintegiaren zuzendaria ere bazen. Mitxelenarekin “harreman handia” zuen Txillardegik. “1956an, karrera amaituta eta soldaduskako azken sei hilabeteak egitera Ferrolera joatekoa nintzela, Mitxelenari Knut Hamsunen Pan itzultzeko asmoaren berri eman nion, eta berak esan zidan ezetz, zerbait berria sortu behar nuela. Zalantzak sortu zitzaizkidan orduan”.

      Parkeko bakardadean bilatu zien irtenbidea zalantzei, harik eta neska haren agerpenak nobela idazteko bidean jarri zuen arte. “Neska zakurrarekin parkera itzuliko zela pentsaturik, hantxe egoten nintzen aulki batean eserita, hura noiz etorriko zain. Gustuko nuen neska hura, baina inoiz ez nion hitzik esan. Nik harekiko izan nuena guztiz platonikoa izan zen. Haren izena ere badakit, baina ez dut inoiz esan eta ez dut inoiz esango”.

 

 

UNAMUNOREN HAZIA, TXILLARDEGIRENGAN LORE

 

      Parkeko neskaren irudiak jarri zuen abian Txillardegiren irudimena Leturiaren egunkari ezkutua izango zen nobelaren idazketara bidean. Baina parkeko lipar labur horrek ez zuen halako fruiturik emango Txillardegik ordurako zuen formazio filosofiko eta literarioa izan ez baldin balu. Ikasketaz ingeniaria izan arren, formazio humanistiko handia zuen, bere kabuz jorratua.

      Kierkegaarden hazia, Unamunorengan lore zuen izenburu Txillardegik argitara emandako lehen idazlanak. Ferrolera joan baino urte batzuk lehenago idatzi zuen testu hura, eta horrek erakusten du existentzialismoaren inguruko kezka sakon errotua zuela Leturiaren egunkari ezkutua idazten hasi zenerako.

      “Hasierako eragin nagusia Unamuno izan zen”, dio, dudarik egin gabe, Txillardegik. “Jean-Paul Sartrek gero izan zuen eragin handiagoa nigan, Frantzian bizi izan nintzen garaian”.

      Beste egile batzuengana ez bezala, Unamunorengana iristea erraza zen Txillardegi gazte zen garaian, haren liburuak erosteko aukera baitzegoen. “Gainera, gure aitona zenak Nuevo Mundo-ren bilduma osoa zeukan, eta aldizkari horretan Unamunok kronika bat idazten zuen astero. Kronika haiek ikaragarriak izan ziren niretzat. Artikulu haietan ez zuen existentzialismoaz idazten, baina oso kultura handia erakusten zuen. Del sentimiento trágico de la vida gero irakurri nuen, eta baita Unamunoren beste lan asko ere, nobelak, nivolak eta beste”.

      Txillardegi 1952an hasi zen Jose Maria Benito del Valle, Julen Madariaga, Ińaki Gaintzarain, Jose Manu Agirre, Rafa Albisu eta beste abertzale batzuekin biltzen. Ekin barne-buletina egin ohi zuten, eta sei urte geroago etaren sorreran parte hartu zuten.

      Beren aurreneko bi urteetan, 1952an eta 1953an, Ekin barne-buletinaren argitaratzaileek beren arteko solasaldiak egin zituzten, “Europan pentsamenduaren arloan zer ideia zeuden jakin nahian”. Txillardegiri saio haietan Unamuno irakurri eta azaltzea egokitu zitzaion. Ez du uste, hala ere, sorrerako etarengan existentzialismoak inolako eraginik izan zuenik.

      Unamunok “nire anaia Soren” deitu ohi zion Soren Kierkegaardi. Ez da harritzekoa, horrenbestez, Unamunori zion mirespenak Txillardegi Kierkegaardengana bideratu izana. Eta Kierkegaard eta Unamunoz gain, beste idazle asko aipatu ohi ditu garai hartan irakurri eta Leturia-ren idazketan eragina izan zezaketenen artean: William Shakespeare (Macbeth eta Hamlet batez ere), Albert Camus (La peste), Thomas Mann (Der Zauberberg), Knut Hamsun (Pan), Pio Baroja...

      Lagun asko bildu ohi zuen Zerubideko bakardadeak.

 

 

 

2. Francoren jaiotetxetik pauso batzuetara

 

      Calvo Sotelo kaleko etxe batean apopilo egon zen Txillardegi, Ferrolen (Galizia), Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuenean. Lau kale harago Francisco Francoren jaiotetxea zuen, eta soldadu lagunen artean Emilio Molaren semea, izen berekoa eta aurpegiz ere ia-ia berdina.

 

      Orduan Calvo Sotelo izena zuen eta egun Igrexia deitzen den kalearen 32. zenbakiko lehen solairuan bizi zen familiak hartu zuen apopilo Txillardegi soldaduskako egonaldi hartan, nahiago izan baitzuen militarrekin ahalik eta gutxien egon.

      Oso pauso gutxitara, lau kale harago, Francisco Franco 1892an jaio zen etxea: Maria kalea, 136, lehen solairua. Ezaguna zuten, horrenbestez, Calvo Sotelo kaleko etxekoek Franco Bahamondetarren familia. “Haiek esan zidaten ferroldarrek ez ziotela maitasun handirik Francisco Francori, Franco Bahamondetarren artean estimatzen zuten bakarra Ramon zela, Franciscoren anaia”.

      Calvo Sotelo kalean bizi zen familiak ondo hartu zuen Jose Luis alferez gaztea. Aldameneko etxekoen adiskidetasuna ere bereganatu zuen, eta pianoa jotzen uzten zioten. “Ni bizi nintzen etxeko begiralekutik aldamenekora pasatzen nintzen, pianoa jotzeko. Ez naiz oroitzen zergatik egiten nuen hori, etxe batetik bestera ateetatik pasata joan beharrean. Orain baino egokiagoa neukan gorputza horrela ibiltzeko, hori egia da”.

 

 

PLAKA BAI, BAINA RAMON FRANCOREN OMENEZKOA

 

      Francoren jaiotetxean haren omenezko plaka bat zegoela gogoratzen zen Txillardegi. “Uste dut ‘Francisco Franco, Salvador de Espańa’ edo antzeko zerbait jartzen zuela plakan”, zioen. Baina besterik ikusi zuen joan den larunbatean Maria kalearen 136. zenbakia zuen atearen ondora iritsi eta lehen solairura begira jarri zenean.

      Sare batek estaltzen du etxearen kanpoko horma, baina mutur batean marmolezko plaka beltza ageri da, 1987ko data duena. Kanpotik ezin da besterik ikusi.

      Baina justu Francoren jaiotetxearen aurrean dagoen janari dendako nagusiak eman dizkio etxe honetako plakei buruzko argibideak: “Sareak ezkutatzen duen plaka zaharra ez da Franciscoren omenezkoa, Ramonen omenezkoa baizik, Ozeano Atlantikoa hegazkinez zeharkatu zuenean jarria, 1926an. Plaka hark aipamen txiki bat egiten zuen Francisco anaiari buruz ere, Espainiako Armadako jeneral gazteena zela gogoratuz”. 34 urte baino ez baitzituen jeneral izendatu zutenean, 1926an.

      Kanpoko sareak estaltzen badu ere, plaka han omen dago oraindik. Dendariak dioenez, caudilloaren aldekoek ezin zuten eraman Ramonen izena Franciscorenaren gainetik agertzea. “Askotan saiatu ziren hura handik erauzten, baina ezin zuten: brontzezkoa da eta oso ondo lotua dago hormari”.

      Handik oso gertu, Espainia Plazan, Francisco Francoren zaldi gaineko estatua handia zegoen lehen: sei tona brontze. Ez du ahaztua Txillardegik. 2002ko uztailean kendu zuten. Baina ez dute urtu, gune militar batean dute gordea.

 

 

CASINO FERROLANO ELKARTEAN, LAGUN GIROAN

 

      Ferrolen eman zuen aldian, kasernatik egunero pasatu behar izaten zuen, soldaduei instrukzioa ematera. Bazkaria Ofizialen Etxean egin ohi zuen, kasernaren ondoan.

      Oroitzapen gordin bat berritu dio kaserna berriro ikusteak: “Foso estu batean, kapitain bat pistola nola erabili ari zitzaigun azaltzen bi laguni. Segurua jarri zion, eta esan zigun segurua jarrita ez zuela tiro egiten katua sakatu arren. Hori frogatzeko, katuari sakatu zion, eta orduan pistola bere sabelaren aldera biratu eta tiroka hasi zen. Larrituta irten ginen fosotik, laguntza eske. Ez zen hil, baina heste zati handia kendu behar izan zioten”.

      Arratsaldea libre izaten zuen, eta egunik gehienetan soldadu lagunekin Ferrolgo kaleetan eta tabernetan hara eta hona ibiltzen zen. “Egunero jaten genituen lanpernak, tazan ateratako ribeiro ardoarekin lagunduta. Horretan xahutzen genuen gehienbat gure soldata, bestelako gastu handirik ez genuen izaten”.

      Casino Ferrolano elkartea zen ibilaldi haietako gune garrantzitsu bat, Real kaleko 100. zenbakian. “Hemen egoten ginen, neskekin hizketan, denbora pasatzen”. Joan den larunbatean, bertako bazkide bat aurkitu zuen han Txillardegik, Jose Picallo. Aretoan sartzeko gonbita egiteaz gain, ganbara ere erakutsi zion Josek Jose Luisi, eta Bello Pińeiro artistaren ibilien berri eman zion.

 

 

BELLO PIŃEIRO, ARTISTA BUHAMEA

 

      Elkartera sartzean eskuinaldera jota, garai bateko tertulien lekuko izan zen areto bat dago. “Abokatuek mahai honetan egiten zuten tertulia, militarrek beste horretan...”, azaldu du Picallok. “Eta ez zitzaion inori burutik pasatu ere egiten besteen mahaiaren inguruan esertzerik”.

      Bello Pińeiro artistak 1921ean egindako horma-irudiek betetzen dituzte areto horretako paretak. Artista izateaz gain, buhame aparta omen zen. “Bello Pińeiro hemen bizi izan zen, Kasinoan. Hemen lo egiten zuen, eta hemen ematen zioten jaten, pintore gisa egiten zuen lanaren truke. Mozkorraldi latzak izaten zituen, eta berdin eman zitzakeen hiruzpalau egun edanaren menpe nola hiruzpalau etenik gabe lanean. Artista handia zen. Katalunian-edo jaio izan balitz, oso ezaguna izango zen gaur egun, ez daukat horretaz dudarik”.

      Txillardegik ez zituen gogoan Bello Pińeiroren horma-irudiak. “Aitortu behar da beste gauza batzuetan neukala burua garai hartan”.

 

 

CABANASKO HONDARTZAN, “MORRIŃA”

 

      Casino Ferrolano elkartera ez ezik, soldadu lagunekin maiz joan zen Jose Luis, trenean, Cabanasko hondartzara, Pontedeume herrian. Duela 50 urte bezala, “oso ederra” irizten dio egun ere Txillardegik Cabanasko hondartzari. Zabala da, eta pinu baso handi eta sarria du ondoan.

      Ferrolgo kaleetan baino malenkonia handiagoa igartzen zaio Txillardegiri paraje honetan, morrińa sentiarazi dio hona itzultzeak, saudadea. “50 urte pasatu dira!”, komentatu du, harrituta balego bezala. Gaztelaniazko esaldia etorri zaio gero burura: “Zera esan beharko dugu, ezta?:ˇQue nos quiten lo bailao!...”.

 

 

SUEZKO UBIDEAREN KRISIAK SORTUTAKO IZUA

 

      Bera bezala, ingeniariak ziren Jose Luisen soldaduskako lagunak, eta haietako batzuk, kultura handikoak. Ez zitzaion euskal herritarrik egokitu inguruan, baina adiskide onak egin zituen. “Batzuekin elkartu nintzen urte batzuk geroago, baina azkenean zaila izaten da harremanari eustea”.

      López Encinas da orduko lagunen artean Txillardegirengan arrastorik sakonena utzi zuena. “Frankista amorratua zen, eta politika kontuetan ezin genuen bat egin, jakina, baina kultura handia zuen. Nik ordurako banuen budismoaren berri, baina Juan Marinen Buda o la negación del mundo liburuaren berri López Encinasek eman zidan, esaterako”.

      Emilio Mola jeneral faxistaren semea ere, izen berekoa, soldadu lagun izan zuen. “Aitaren berdin-berdina zen aurpegiz. Nahi zuen guztia egiten zuen, eta ez zion inork kargurik hartzen, sekulako errespetua zioten denek. Mozkorraldi bikainak harrapatzen zituen, desastre hutsa zen”.

      Ferrolgo egonaldia ez zen oro har mikatza izan Txillardegirentzat. Baina gogoan du Suezko Ubidearen krisiak sekulako beldurra pasarazi ziela. 1956ko ekainean hasi zen gatazka, Gamal Abdel Nasserrek Egiptoko agintea eskuratu eta ubidea nazionalizatzea erabaki zuenean. “Frantzia eta Ingalaterra prest zeuden Nasserren aurkako gerrara joateko, eta haiek joan ezkero Espainia ere ez zela atzean geratuko zirudien. Horrek sekulako beldurra sentiarazi zigun, gero azkenean joan beharrik izan ez genuen arren”.

 

 

GALIZIA, “BIGARREN ABERRIA”

 

      Behin baino gehiagotan esana eta idatzia du Txillardegik Galizia duela “bigarren aberria”. Lehen aberriari dion maitasuna bezala, ez da arantzarik gabekoa bigarren horri diona ere.

      “Galizia lehenik eta behin geografiagatik maite dut, paisaiagatik”, dio. “Itsasadarrak zoragarriak dira, guztiak, bai iparraldekoak eta bai hegoaldekoak, eta barnealdeak ere xarma handia du. Galizia maitatzeko bigarren faktorea da Galiziak erakusten duela Inperialismoak herri batekin zer egin dezakeen”.

      Galizia “Portugalgo zatia” da, Txillardegiren ustez. “Duerotik iparrera hitz egiten den portugesa eta hemengo hizkuntza bat eta bera dira, hemengoek diotenez. Gipuzkeratik bizkaierara dagoen aldea baino askoz txikiagoa da dagoena. Arazoa da buruan sartua dutela espainiarrak direlako ideia”.

      Horrenbestez, hizkuntzalari moduan lusistekin bat egiten du, galiziera azken batean portugesa dela diotenekin. “Gaur egun hemen entzuten den galiziera normatibo edo ofizial hori espainiera iruditzen zait, galiziar kutsua duen espainiera, castrapo esaten diotena. Beharbada ez dela horrenbesteraino esango dute, erdibideko aukera egin dutela, baina puntu horretan reintegrazionisten aldekoa naiz”.

      “Dena den, ni ez naiz hemengoa eta isildu egiten naiz”, komentatu du. “Azken batean arazo soziolinguistikoa eta politikoa da, eta irtenbide horren alde egin dute. Baina linguistikoki desastrea da zuzenean portugesa ez hartzea”.

      Joan Corominas kataluniar hizkuntzalariaren eta Alfonso Daniel Rodriguez Castelao galiziar idazlearen gogaide sentitzen da horretan. “Corominasek esan zuen galiziarra balitz reintegrazionista izango zela, galizierak ez duela zentzurik galaiko-portugesaren esparrutik kanpo, Brasilgo portugesarekin ere harremanetan, baina ez inola ere espainierarekin, ez baitu zerikusirik espainierarekin, linguistikoki. Castelaok, berriz, bi Galizia daudela zioen: ‘geratu zitzaiguna eta joan zitzaiguna’. Esaldi ezaguna da”.

      Horretaz izenburua izango duen liburua idazten ari da orain Txillardegi, eta liburu berri hori osatuko duten zazpi artikuluetako bat Galiziari eskainiko dio. Kapitulu horretan Txillardegik miresten dituen bi idazleren itzala nabarmenduko da: Rosalia de Castro eta Manuel Murguia senar-emazteena.

 

 

 

3. Zerubide, bide berri

 

      Bateria militar batean idatzi zuen Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua. Hiru astetik behin hara joan eta han astebete eman behar izaten zuen, ia-ia zereginik batere gabe. Aste horiek baliatu zituen Ferrolgo Udal Parkean —nobelako Zerubideren oinarri eta jatorria— pentsatzen zituenak papereratzeko.

 

      Uztaileko bisitan ez bezala, Reina Sofia parkea itxita aurkitu zuen joan den asteko larunbatean Txillardegik. Baina parke barruan dagoen etxeko nagusiak ireki zion atea, hamar minutuz.

 

      Izenarenaz landa —lehen Udal Parkea zena Reina Sofia parkea da orain—, ez du aldaketa handirik izan parkeak azkeneko 50 urteetan, Txillardegik dioenez. “Hori bai: hara eta hona dabiltzan indioilar horiek ez zeuden han duela 50 urte, eta horien antzekorik ere ez zen”.

      Idaztera baino gehiago, “pentsatzera” joan ohi zen parkera. Hasieran behintzat. Gero zakurrarekin paseatzera joan ohi zen neska ikusteko esperantzak ere bultzatu zuen behin baino gehiagotan, Joseba Leturia Miren ikusteko esperantzak Zerubidera bultzatzen duen bezalaxe.

 

 

VALDOVIŃOKO AUTOBUSA HARTUTA

 

      Idatzi, hala ere, mendian idatzi zuen Txillardegik Leturia, Cabo Priorrera begira zegoen airekoen aurkako bateria militar batean.

      Azkeneko 15 bat urteetan abandonatua dago lekua, eta eraikinak erortzen ari dira. 50 urteren buruan itzulita, Txillardegik ez zuen ezagutu lekua, atzo zortzi, joan den asteko larunbatean. “Ez dut uste hau denik gure bateria”, esan zuen iritsi orduko. “Ez zait ezaguna egiten lekua”. Inguruan barreiatuta dauden bateria gehiago ere ikusi zituen, ea bera egon zenekoa ezagutzen zuen haien artean, baina alferrik.

      Azkenean, han eta hemen galdetuta, konbentzitu da aurreneko huraxe zela lekua. Huraxe da, izan ere, denek hala diote, 5. bateria, airekoen kontrakoa. Ezin da beste bat izan. “Urte asko pasatu dira eta seguru asko nik alde egin ondorengo urteetan aldaketak egingo zituzten. Horregatik ez dut hasieran ezagutu. Baina horixe da, bai”.

      Ferrolen bi aste eman ondoren, hurrengo astea han pasatu behar izaten zuen Donostiako alferez gazteak. Ferrolgo udaletxearen ondoan Valdovińo herrirako autobusa hartu ohi zuen bateriara joateko. “Gain batean jaitsi eta oinez egiten nuen handik bateriara bitartekoa”.

 

 

SALTOPATXIKUAK ETA NOBELA, BATERIAN ENTRETENIMENDU

 

      Bateriako egonaldietan, soldaduei banatu aurretik ekartzen zioten janaria probatu eta oniritzia eman behar izaten zuen egunero, bera baitzen baterian zeudenen artean graduazio handiena zuena.

      Baina horixe zuen egun osoko zeregin bakarra. Eta, han egon behar zuenez eta han ez tabernarik eta ez hondartzarik ez dagoenez, Leturia idazten eman ohi zituen egunak.

      Ferrolgo soldaduska aldia osatzen zuten sei hilabeteetatik, zortzi aste baterian eman zituen Txillardegik. Idatzi, zortzi aste horietan idatzi zuen Leturia. Euskal nobelagintza modernoa airekoen aurkako Espainiako Armadaren bateria batean sortu zen.

      Idazteaz gain, Radio Ferrol irratia entzuten zuela gogoratzen da, eta gogoan dauka haren sintonia ere. Eta bazuen beste entretenimendurik ere: “Kolore guztietako saltopatxikuak ikusten nituen inguruan. Hegan egiten hasten zirenean urdinak, berdeak eta beste kolore askotakoak ikusten ziren. Milaka eta milaka zeuden, eta ni asko entretenitzen nintzen xomorro haiei begira. Batzuetan harrapatu eta hanketatik heltzen nien. Gero askatzerakoan, sekulako jauzia egiten zuten. Oso abere atseginak dira saltopatxikuak”.

 

 

AZARORAKO IDATZIA, 1957AN ARGITARATUA

 

      Kapitulu bat amaitu ahala, Jone Forcadari —orduko andregaia, egungo emaztea— bidaltzen zion, postaz, eskuizkribua. “Azaroaren 1ean joan nintzen Donostiara, soldaduska amaituta, eta ordurako nobela idatzita zegoen. Hemen hasi nuen, eta hemen bukatu”.

      Gutun denak ondo iritsi ziren Donostiara, baina Txillardegi saltsa askotan sartuta zegoen, bazuen liburua argitaratze bidean jarri baino aurreragoko lanik. “Ekinen, sortzaileetakoa bainintzen, leporaino sartuta nengoen; lanean ere hasita nengoen, motor fabrika batean; ezkondu ondoren etxea bilatzeko arazoak izan genituen eta lehen bi urteak-edo Narrika kaleko Arsuaga pentsioan bizitzen eman behar izan genituen... Erraz esaten da, baina hori pasatzea gogorra da gero!”. Gainera, garai hartan ez zen erraza euskarazko liburuak argitaratzea.

      Nolanahi ere, Leturia aparteko arazorik gabe iritsi zen plazara hurrengo urtean, 1957an. “Argitaratzeko aukera nagusietako bat Kulixka Sorta zen, Zarauzko Itxaropena argitaletxearena, baina beste aukera bat etorri zen, espero ez nuen bidetik, Gabriel Arestiren bidez uste dut: Bilboko argitaletxe batena, Ellakuriarena”.

      Geroztik hainbat berrargitalpen izan ditu. Azkena, oraingoz bederen, Elkar argitaletxeak 2003an egindakoa.

 

 

LETURIA EGUNGO TXILLARDEGIREN BEGIAN

 

      “Nobela bat hasitakoan, uste duzu gauzak modu batera egingo dituzula, baina gero nobelak berak beste bide batzuetara eramaten zaitu”, egin du gogoeta Txillardegik, Ferrolgo bisitaldia amaitu ostean. “Parkera txakurrarekin joaten zen neska eder haren iruditik abiatu nuen nobelaren idazketa, eta hasitako bideak uste ez nuen lekuetara eraman ninduen gero. Hortik aurrera, nobelaren bidez nire tesia adierazteak bultzatu ninduen. Neska haren berri gehiago ez nuen izan, baina nobela idazten jarraitu nuen. Uda atalean, Josebak, pertsonaia nagusiak, ezkondu berri, ez du ezer idazten; gero krisia dator udazkenean; eta azkenik, neguan, bukaera...”.

      “Existentzialismoaren ikuspegitik, bi larridura edo angustia ezagutzen ditu pertsonak”, azaldu du: “bata, hautatu aurrekoa, erabaki beharrak sortzen duen larridura; eta bestea, hautatu ondorengoa: ezkonduak duda du, esate baterako, aukera egokia egin duen”.

      Bi larridura horien kontuak amodio eta ezkontza kontuetarako bezala balio du beste arlo batzuetarako ere: militantzia politikoa, erlijioa... “Nik bat egiten dut ikuspegi horrekin, eta nobelaren bidez hori adierazten saiatu nintzen, ez dakit zer arrakastarekin... Baina ez zen izan Madame la Marquise est sortie a cinq heures estiloan idatzitako nobela, besterik gabe gauzak kontatzen dituen nobela bat, pasadizoen kontaketa hutsa”.

      Nolanahi ere, Txillardegik ez du uste Leturiaren egunkari ezkutua nobela idazterakoan euskarazko lehen nobela modernoa idazten ari zelako kontzientzia zuenik. “Profetismo hori izan baldin badut, de facto izan dut, ez a priori, ez aurretik bilatuta. Nik pentsatu nuen hori egin behar zela, eta hori izan zen barrutik atera zitzaidana, besterik gabe”.

      Hori izan zen, bai, barrutik atera zitzaiona, Leturiaren egunkari ezkutua, aurreneko euskal nobela modernoa.

 

 

EUSKAL NOBELAGINTZA MODERNOAREN 50. URTEURRENA

 

      Jesus Mari Lasagabaster euskal literatur kritikari aitzindariak eman zion Leturia-ri lehen euskal nobela modernoaren izendapena edo titulua.

      “Euskal nobelaren lehenbiziko héroe problemático-a, Leturia dugu, noski”, idatzi zuen Lasagabasterrek Euskal-nobelaren gizarte-kondairaren oinharriak artikuluan (Euskal linguistika eta literatura: bide berriak liburu kolektiboan, Deustuko Unibertsitatea, 1981), Lucien Goldmann eta György Lukacs kritikarien lan teorikoetan oinarrituta. “Leturiaren borroka, existentziala da (...); baina, nobelaren baitan gertatzen den borroka horrek mundu-ikuskera agertarazten digu, aurreko nobelak erakusten zigunaren oso ezberdina, benetan. Eta hemen datza, bereziki, Txillardegik euskal nobelan eragin duen berrikuntza”.

      Alderdi formalari begiratuta, “oso tradizionalak” irizten zien orduan Lasagabasterrek Leturia-ko konta-teknikei. Bi arloetan —gaietan ez ezik, teknika narratiboetan ere— berritzailea izateko meritua Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelari (1969) egotzi zion.

      Egun, ordea, gaietan ez ezik formaren aldetik ere berritzaile deritzo Lasagabasterrek Leturia-ri, Berriak aurtengo martxoaren 8an argitaratutako elkarrizketan adierazi zuenez: “Hala ere, uste dut ez dela guztiz egia orduan esan nuena. Txillardegik euskal nobelagintzan mundu moderno bat martxan jarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua-rekin, eta hori ezinezkoa izango zitzaion formaren aldetik ere zerbait berria eta modernoa egin ez balu”.

      Koldo Mitxelenak eta Joxe Azurmendik ere laudorio handiak egin dizkiote Leturia-ri. Mitxelenak honako hau idatzi zuen liburuaren hitzaurrean: “(...) ez dut uste inoiz gure hizkuntzan entzun denik horrelako hitz larririk, horren zinezko aitorrik, horrenbesteko garrasi sarkorrik. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturia-rena bezalako ibilaldirik gogobideetan barrena”.

      Azurmendiren ustez, “gure artean sekula egin den existentzialismoaren esposiziorik osoena” da Leturia (Kierkegaarden “egunkari ezkutua” artikulua, Txillardegi, lagun giroan liburu kolektiboan, ueu, 2000).

      Aurkaririk ere izan zuen liburuak argitaratu zen garaian. “Ińaki Bastarrikak egin zituen kritikarik gogorrenak”, gogoratu du Txillardegik. “Bastarrika oso Orixezalea zen, oso purista. Neu ere purista nintzen, jakina, Gabriel Arestirekin alderatuz gero; hori erlatiboa da. Nire erantzuna ere oso gogorra izan zen, zakarra benetan”.

      Aukera egokia egin zuela ez du dudarik Txillardegik: “Joan Mari Torrealdaik esan zidan aurrekoan nik izandako eztabaiden ondorioz aldatu zuela Jakin-ek bere ildoa garai hartan, bai Orixeri buruz eta bai euskarari buruz”.