Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Ongietorria Ozkabarteri

 

(Zeruko Argia, 1972-08-24)

 

      Bagenekien (edo jakin egin behar bederen) Najera [Naiara], gaur egun Errioxako herri, Nafarroako hiriburu izana dela. Bagenekien (edo jakin egin behar bederen) 1235 aldean errioxarrek tribunaletan euskaraz hitz egiteko zuten eskubidearen berri ere. Gaztelako merino delakoak (kanpotikako gobernari berriak), kasurik egin ez; eta erdaraz hitz eragin nahi izan zuelako, Ojacastroko alkateak preso altxatu zuela.

      Bagenekien (edo jakin egin behar bederen) J. B. Merino Urrutiaren eta besteren lan jakingarrien berri: orain dela hamabi urte argitaratu zuen honen guztiaren bilduma mamitsu bat Auńamendi Sortak, 14.a. Betidanik harritzen gintuen euskaldunok Errioxako leku-izenen lerrokada azkengabeak: aspaldiko Karagorri (erd. Calahorra), Karakarre-ren kide itxuraz (erd. Cárcar); eta Grakurri (erd. Alfaro). Eta karta bat begiratu hutsaz hauek ikusten genituen segidan: Ezkarai, Aiabarrena, Herramelluri, Otxanduri, Ollauri, Leiba, Sajazarra, Zihuri, Bizkarain, Angiano (nor ez oroituko Bergarako Angiozarrez?), Arizetako Birjina (erd. V. del Robledo), Leza ibaia, Isasa mendia, eta beste anitz eta anitz. Euskal izenen eta aztarnen jario oparoak gugan mukuru eginik, sinesbera jartzen ginen.

      Hori guztia, eta are askoz gehiago jakinik ere, La Rioja desde sus albores liburua irakurri eta ikusita, txunditurik gelditu gara. Gil del Río jaunaren liburuaz hauta daitekeen hitzik egokiena hauxe bailitzateke, nik uste: harridura. Errioxaren euskaltasunak harritu egiten gaitu. Zergatik harritzen? Gil del Ríoren liburuak mindu eta zauritu ere egiten bide gaitu geure barne-muinetan; eta geure ezjakintasunak estali izan digun euskal eskualde ahantziarekiko damua bizi-bizi sentiarazten. Ulertu eta sinetsi ez ezik, azkarki sentitzen dugu oraingoan. Ukitu ere egiten bide dugu Santo Domingo de la Calzada delakoa zinez dela Ozkabarte, eta gaur arte egia ezkutatu zaigula. Liburuko foto ederrek kutsu berbera uzten digute. Eta idazlearen luma-bihozkadak gure bihozkada bihurtzen dira.

      Merino Urrutiak aspaldi hasitako azterketak, dirudienez, askoz aurrerago eramango gaitu urteen buruan: Errioxa, jakintsuen hausnarketaren mailan aurrenik, gisa denez, eta herriaren sentimenduarenean gero, Araba, Lapurdi edo Bizkaiaren anaia egiazko bihur daiteke. Folkloreaz, pilotaz, akelarreez, eta anitz ohitura zaharrez zer esanik ez dago: Errioxak euskaldun aurpegia du osoki. Eta izana ere bai: xvi. mendean galdu zen euskara Errioxako mendebaldean. Askoz ere beranduago, hortaz, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako herrialde batzuetan baino. Oinarriak findu beharra dago, ordea. Euskal izenen mailan badago zer eginik. Eta ez Errioxan bakarrik. Lehen-lehenik Rioja-ren izenaz beraz. Ezen Rioja hori Río Oja balitz (sinesgaitza erdarakada hori aspaldiko mendeetan!), ulertu ezina bailitzateke La Rioja esatea, eta ez El Rioja. Badirudi, beraz. Larrioja hitza azaldu behar dela, osoan hartua; Elorrio azaldu behar den bezala, eta ez zenbait aldiz irakurri den El Orrio: Puente-Larraina (= Larrainzubi Gares), eta ez Puente la Reina; Casa-Larraina, eta ez Casa la Reina; Labarrieta (= Olabarrieta), eta ez Las Barrietas; eta abar. Hor ditugu-eta Larrańaga, Larrainzar, Olabarrieta, Elhorriaga... La Reinosa, era berean, Larrainosa-tik bilatu behar litzateke ene ustez.

      Rioja, era berean, Larrioja hitz osotik azaldu behar (gauza bera Larrun, frantsesez La Rhune!). Hots, antzinako Barolhak (eta dokumentuetan agertzen den forma zaharra “lh”-z idatzita dator, mari-xukaldeen euskararen mailatik irten diren guztiek dakiten bezala) Baroja eman badu, antzinako Zubilhanak Subijana, eta Urbillanak Ormijana, Larrioja hori larreolha-k emana duke. Hain zuzen ere, Iparraldean badago La Réole izeneko herri bat, Garona ibaiaren hegian. Baina leku-izenen azterketa hori ez da gaurko gure arazoa. Hizkuntzalariek garbitu beharko dute, jakintzaren mailan eta hizkuntzaren zientziari dagozkion frogabideak baliatuz.

      Toponimiaren maila horretan geldituko ote da, ordea, Errioxaren arazoa? Horrela balitz, zer axola guri orain dela lau, bost edo zazpi mende Errioxan gertatzen edo mintzatzen zena? Aspaldiko kontuak! Hots, irakurleak dakikeen lur gorrian etzanda Gil del Ríoren liburua irakurtzen ari nintzelarik, Información Comercial Espańola aldizkaria hartu nuen (467-468 banako bikoitza); eta teknokraten izenburuan hau irakurri nuen: Hacia una nueva región vasca. Zenbait ekonomistaren lan-bilduma gotor hau, datuz josia, Madrilgo Unibertsitatean irakasle dagoen Saenz de Buruaga errioxarrak prestatu du; eta bildumaren ideia nagusitzat hau ageri da geroari buruz: La adscripción de la Rioja al área vasconavarra. Egia esateko, dio S. Buruagak, proposatzen den Euskal Herri “berri” hori ez da, izan, Euskal Herri zaharra baizik, Antso Handiaren Nafarroa zabala alegia. Errioxa, dio gutxi gorabehera, Euskal Herriko atal bat da; baina sus raíces vasconas fueron más rápidamente romanizadas. Errioxatikako ikuspegia Nafarroa eta Euskal Herria izan ziren antzina; eta ondoko urteetan Nafarroa eta Euskal Herria izango dira.

      Aspaldiko kontuak, horrela, biharko kontu bihurtzen ari dira; eta Errioxako ekonomialariek hartzen bide dute kondairagileen segida. Geografiak, Kondairak, Folkloreak, Ekonomiak eta... errioxarren beren nahiak, bat eginik, Santo Domingo de la Calzada Ozkabarte izan zela eta Ozkabarte izango dela gogorarazten digute.

      Ate joka ari dira hegoaldean. Dei hau, bestalde, ez dugu lehenengo aldiz entzuten. Jakingo ahal dugu aditzen, lelo hertsi batzuk baztertzen, eta urrikirik gabe ukatutako anaia etxean onartzen!