Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Hare Krishna Venicen

 

(Punto y Hora de Euskal Herria, 1982-01-15/22)

 

      Prentsa bidez jakin nuen: abuztuaren 16an, igandez beraz, beren urteroko Rathayatra ospatu behar zuten inguru hauetako Hare Krishna-zaleek Los Angeles alderdiko Venice auzoan, itsasaldean. Antzinako India alderako joera zaharrak eraginik ote? Estatu Batuetako sekta-zaletasun harrigarria bertatik neurtzeko agian? Denetatik nahasian, nik uste.

      Orain dela hamabi urte zeharo harritu ninduten burusoilak ikusi nahi nituen berriro; eta inpresio batzuk euskaldun irakurleei eman. Agian bat edo beste Oxford Street kaleari buruzko topaketaz zerbait idatzi nuela gogoratzen da oraindik...

      Venice auzoa berez bitxia eta koloretsua izanik (beste batez menturaz zerbait kontatuko dizuet Venicez), areago abuztu igande bero hartan. Indiako giroa hobeki eman nahiz edo, eguzkia dirdaitsu zegoen zeruan, eta sargoria ez zen makala. Hamabost bat oihal-txabola belardi baten inguruan: Krishnaren irudiak batean, Indiari buruzko film laburrak bestean; barazki-janariak hemen, Krishnari buruzko liburuak han, ingelesez eta gaztelaniaz; predikari nekagaitz bat hemen, mila usain berezi salgai han. Eta erdian, nolabait belardiaren ardatzean, halako aldare bitxi eta nabar batean, geldi-geldi, zirkinik ere egin gabe, Bhaktivedanta Swami Prabhupada bera! Beroa kiskalgarria izanik, hiru fraidegaik, aldarean bertan eserita, etengabe eragiten zioten beren haizagailu zuriari: itxuraz makila bat, eta honen muturrean halako luma zuri leunak edo, gora eta behera balantza amaigabean ari.

      Elefanteak berak ez ziren han falta; eta haurrek ez zieten atsedenaldi luzerik uzten; bizkar konkor hartan launa, are seina ere, belardiaren ingurua zoratuta egiten zutelarik.

      Lurrean lurrean esertzeko eskatu digute, back to back (bizkarrez bizkar), eta ilaren artean zerbitzariak pasatzeko adina tartea uzten genuelarik. Musika ere orduantxe hasi da, halako rock-jazz hindu zerbait, erritmo handikoa. Artean, aldare ezin koloretsuago haren erdian, Prabhupada osoki geldirik; eta beronen bi alderdietan eta gainean, hiru fraidegai gazte burusoilak jo eta ke beren haizagailuez aire ematen ari.

      Zer eman ziguten ez dakit. Halako talo bitxia, salda bitxiagoa, eta koko puska pare bat. Edaria ere... auskalo!

      Eta kantaldia hasi da: Hare Krishna! Hare Hare! Hare Roma! Hare Hare!. Beste letrarik ez. Chanting Hare Krishna is sufficient for liberation; there is no doubt about it (Prabhupadak idatzia). Oraingo mendea, Kajiren mendea omen; eta, gaur gaurkoz, Hare Krishna kantatzea bezalakorik ez omen dago. Liburuen postuan, liburuez mukuru jartzeaz gain, saltzaileren batekin mintzatu naiz erdi ingelesez; eta Kalifornian, eta multzotan, bizi direla azaldu dit. Mugimendua aurrera bide doa azkar.

      Zortzietan, hiru orduz iraundako saioa bukatzean, gelditu egin dira aldare nagusiko hiru haize egileak; eta, ni bederen erabat txundituz, kendu egin dute erditik Prabhupadaren imajina zehatza besterik ez zena. Prabhupada agurgarria 1977an hil baitzen.

      Baina kantuak ez ziren bukatu, Krishna-zaleen egun handia zen; eta Hare Krishna hitzak dituen mantra bezalakorik ez dagoenez gero, dantzarien eta musikarien saioa ez zen kolpez amaitu. Espeziaz eta intsentsu usain harrigarriz horniturik, kutsu bitxia hartzen zuen Kirtana azkengabe hark Kalifornia berrizaleko ilunabarrean. Zer adierazten ote zuen jendetza hark? Ezer ez agian, badakit Los Angelesek hamar bat miloi ditu. Baina...

      Hare Krishna-zaleek ehun eliza eraiki dituzte munduan barrena eta hamabost urtetan. Edozein elkarte edo mugimendu abiaraztea kostatzen dena ezagutzen dutenek, badute fenomeno honetan zer harriturik. Zeren eta, zer dio Hare Krishna-zaleen mezuak?

      Hain zuzen ere, gaurko gizonak oso nekez sinets ditzakeen ideiak defenditzen ditu. Esate baterako: arima hilezkorra dela, eta hil ondoren beste gorputz batera pasatzen dela, Karma delakoaren arabera; eta, mukti lortuta, kontzientzia hutsera ez pasaz gero, bederen. Bhagavad-Gita liburua, liburu vedikoen parte bat, errebelazioa dela, Krishnak berak adierazia (Krishna Jainkoa izanik, jakina). “Zientzia vedikoa”, orain arte 50 mendez bildua, huts egin ezina dela: The Vedic Knowledge is infallible. Emakumeak, nekazariak eta merkatariak bezala buruz ez oso argituak, gizasemeen menpean jarri behar dira (menpekotasun hau nabarmen ikusten da Krishna-zaleen agerraldietan). Eta abar.

      Nolanahi ere, atzera egiteko edo lotsatzeko itxurarik ez dute. Joan den larunbatean, hemengo ucla Unibertsitatearen ondoan, Westwooden, eta hippyen eta zelebre mota guztien artean nabarmen, hortxe ari zen talde bat, Kirtana eta Rasa Jija betean, entzuleren bat ere beren dantzaldi etengabera biltzen zelarik... zeren-eta Veda famatuetan agertzen diren bertsoak, gure Joanes Etxeberrikoarenak bezala, kantatuak izateko prestatu baitziren.

      India zaharra, beraz, hor dugu. Krishna-zaleek ez dituzte beren heretikoak begi onez ikusten. Hauen artean, espero zitekeenez, Gandhi jartzen dute. Harrigarriago zaigu Sri Aurobindo ere okertuen artean aurkitzea. Baina Vedetan ageri den ikuspegi kosmikoa, budismoan ere nabarmen, baina kristautasunean ez uste bezain urrun, gizonak bere barruan daraman lilura azkarra da. Nietzscherekin gertatzen den bezalaxe, mintzo zaiguna ez baita agian filosofoa edo profeta, poeta gaitza eta hilezkorra baizik. Krishnatarren bidez, usainen mundua, barazki-janariak eta Veda zaharren poesia berriz biltzen baditugu, zinez, balio zuen Bhaktivedanta Swami Prabhupadaren ahaleginak.

      Eta sanskritoak, linguistikaz gain, bere betekizuna izango du.