Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Roger Garaudy Bruselan
(Zeruko Argia, 1968-11-24,
Larresoro ezizenez)
Unibertsitateko atarian ikasle bat garrasi bizian: “Ez sar! Ez sosik ordain! Saldu egin gintuzten Maiatzean!”. Pasabideetan troskistak La Gauche saltzen ari. Barruko Janson areto zabala jendez gainezka: gehienak gazteak, bertako ikasle anitz batez ere; ehunen batzuk, aldiz, nagusiak eta ile urdinak.
Aurreko tauladan bizardun asko, eta neska gona motz batzuk: bandera pare bat beren artean altxata (gorria bata eta beltza bestea), eta Maoren erretratu bat. Garrasi asko non-nahi. Aretoko mahaietan jendea zain: zortzi eta erdietan Garaudyren arrastorik ez (Roger Garaudy Frantziako Alderdi Komunistako agintaria da).
Eztabaida gero eta gogorragoa; zarata gero eta zalapartatsuagoa, banderen eramaileek aho batez: pcf trahison... p c f trahison... pcf trahison (Alegia: Frantziako Alderdi Komunista, saldukeria).
Entzuleen aldetik arrapostu, kontra egin nahiz, beste lelo bat nagusitzen ari: Garaudy parlera... Garaudy parlera... Garaudy parlera (Garaudyk hitz egin egingo du). Paperak ez dira falta: batzuk alde, beste batzuk kontra. Denbora aurrera, eta Garaudyren aztarrenik ez. Entzuleak berantesten hasiak.
Azkenean, banderen taldetik gazte bat atera, eta esan du: “Paristik berariaz etorri gara Garaudyri ihardukitzera, kontra egitera. Halaz ere, hamar minutuz hitz egiten utziko diogula erabaki dugu”. Areto guzian txaloak ugari. “Lotsagarria da”, batzuk.
Garaudy agertu da. Zalaparta berriz hasi: pcf trahison... p c f trahison... pcf trahison... Banderak alde batera eta bestera eraginak, eta Maoren erretratua balantzan. Garaudyk isilik eta irribarrez itxaron behar zenbait minutuz, isilune bat urratu arte:
“Pozik nago azkenean elkartu garelako. Hamar minutuak baliatuko ditut, ez bat ere gehiago; eta gero zuen galdeak erantzungo ditut pozik”. Maiatzeko gertaerak aztertu, eta ondorioak hitz gutxitan eman: “Maiatzeko erreboluzioak erakutsi duenez, industriadun herrietan sozialista erreboluzioa egin daiteke”.
Bukatu ez al du, zalaparta berriz hasten: pcf trahison... p c f trahison... pcf trahison... Gazteek erronkaz hartzen dute mikrofonoa: “Egia da, ala ez, pcfren ustez gu saltsa-nahastaile hutsak garela, eta ezkerkoi multzo kaxkar bat? Bai ala ez? Erantzun!”... “Egia da, ala ez, Maiatzean zeuek bereizi gintuzuela langileriatik?”... “Egia da, ala ez, zuek ‘ordenu-partidu’ gisa mintzatu zinetela, gure ‘menturakeria’ salatuz?”... “Egia da, ala ez, De Gaulleren nazioarteko politika onartzen duzuela? “... “Egia da, ala ez, burgesen jokoan erori zaretela?”... “Eta iskiluz egin behar den erreboluzioa saldu duzue, eta ‘sisteman integratu’”... “Frantziako Alderdi Komunista beste alderdi burges bat besterik ez da Maiatza ezkeroztik”... Eta abar, eta abar, eta abar. Itzalik bat ere ez Garaudyrekiko: “Horko jauna”... “hiztuna”... “orain arte hitz egin duena”...
Ahal bezala erantzungo du Garaudyk; baina gauza agiria zaie gehienei, ikasleen galderek ez dutela askotan erantzun egokirik izan: “Langileek aurrera jo nahi ez zutela diozu —batek Garaudyri— eta hori ote da aski? Hori ote da jokabide erreboluziozale bat? Zertan zarete: langileriaren aurrean, ala atzean?”...
“Gauzak diren bezalakoak dira —Garaudyk erantzuten— eta ez nahi genukeen bezalakoak. Eginak hor daude. Maiatzean ez zegoen erreboluzio-girorik: nekazariak ez ziren mugitu”... Banderen taldea gero eta borrokalariago bildu da hizlariaren ondora, oihu eginez: pcf bour-geois... pcf bour-geois...
“Eginek galarazten zaituztete”, Garaudyk. pcf bour-geois... pcf bour-geois... Berrogeita hamar bat dira oihuka ari direnak. Biltzarraren lehendakaria alferrik saiatzen da egoerari lasaitasunean eusten: mikrofonoaren hariak ebakiak izan dira eta aretoko orroan ez dago ezer entzuterik. Istilu osoa eta guztizkoa lortua dago.
“Honetaraz gero —dio Garaudyk garrasika mikrofonoa gabe, eta anarteko irribarre nekeza alde batera utziz— alferrik izango da hau jarraitzea”.
pcf bour-geois... pcf bour-geois... entzunarazten dute etengabe Maozaleek, Nanterretik etorritakoek eta troskistek. Nahasketa hartan ez dago ezer entzuterik; ikusi ere Garaudy bera doi-doi antzeman daiteke tauladan, gazte jendez inguraturik, hauetatik asko mehatxuka eta deiadarka.
Entzuleen artean beldurra zabaltzen da: taldeak ukabilka hasi dira beherean, eta Garaudyk irteterik ez dauka. Gazte (eta zahar!) asko korrika jaitsi dira hizlariaren laguntzan, eta iskanbila bete-betean hura osorik atera dute aretotik. Ez zen gutxi!
Biltzarra bukatuta dago.
Ez dut nire iritzirik erantsiko: irakurleak berak bere gisa borobil bitza.