Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Agur etsia Altzürükün

 

(Zeruko Argia, 1974-11-03,
Larresoro ezizenez)

 

      Zerua goibel, maizago euri ateri baino, berebilez abiatu gara Zuberoa aldera neure adiskidea eta biok. Ustekabe handia gurea: Gregoire Epherre euskaltzale suharraren ondo-ondoan, ia segidan, Guillaume kalonjea ere, Gregoireren anaia lehena, hila baita Kanbon.

      Altzürükü gugandik urrunxko izanik ere, nola ez emango geure joairaren lekukotasuna; alegia, azkeneko aldiz bi zuberotar maitagarriei eskain geniezaiekeen geure agurraren gorazarre apala bederen?

      Garazitik Behorlegira, beraz; eta Behorlegi harrigarritik gora, zabaldu berria den bidea hartu dugu, Baxenabarre eta Zuberoaren arteko mendietan gaindi lainopean ia errebelaturik.

      Mendibe-Larrainekoa bezain ikusgarri agian kamino hertsi berri hau, basa, kilometro mordo bat bakardade osoan irekia: ez baserririk, ez deusik. Bene-benetan plaentxiarrak, eibartarrak eta santurtziarrak ametsetan uzteko moduko bazter bakartietan barrena ibili ahal izatea Euskal Herrian!

      Eta bat-batean, Zuberoa aldeko mazeletan behera jaisten hasiak ginelarik, ziplo, ia 900 metro goratan, ezkerraldean, arbelezko teilatu bakar bat agertu zaigu. Ehiztari batzuen berebilak etxe bakarraren inguruan geldirik. Eta hantxe gelditu gara bazkaltzera. Ostatu bikaina benetan: baserri kutsukoa, zurezko habeak agiri bazkaltokian, barnetasun gozoa aretoetan: bisitagarria nik uste. Neguan hetsia, ondikotz!

      Badugu, bai, Euskal Herrian bertan, ezagutzen ez dugun eskualde eta txoko xarmantik!

      Eta hirurak irian Altzürükün ginen, Epherre anaien sorlekuan. Etxe multzo bat ikusi dugu lehenik behere hartan, mendiz babesturik; den-denak, Basabürüko herrietan bezala, arbel beltzez estalirik. Larrainen bezala, hemen ere etxeen arteko pasaiak dira kale bakarrak. Dorre hirukuna du elizak; eta herrixkaren erdian, zaharrakaturik, bertako gaztelüa dago. Elizaren inguru guztian, berriz, kanposantu apala; eta, hilobietan idatzirik, amairik gabeko euskal izen ezinago luzerik. Euskal Herri zaharraren eredu gisa presentatzeko modukoa Altzürükü.

      Isiltasun osoa, trinkoa, pisua, bazter bustietan. Iratzea gorrizta. Orbela blai lokatzetan. Eta bat-batean kanpai-hots ozenak urratu du isiltasunezko itsaso hura. Behetik gora jende ilara bat abiatu da poliki, presarik gabe. Gurutze apal bat aurretik. Atzetik apaiz asko eta asko, berrehun bat ote? Zenbait emakume, gutxi. Baserritar lerrokada luze bat, isil-isila: nekazari aurpegi gogortuak nagusi, Kaperotxipiren margoetatik mirariz hara aldatuak iduri. Oinaze latza Altzürükükoa.

      Noiz hil ote ziren bertan halako bi seme argitu eta maitaturik? “Nor ez da gaur hemen poeta bilakatzen?”, galdetu diot elizarakoan Andre Ospitali. “Egia duzu”, erantzun dit.

      Arratsaldea geldi, ilun, hunkigarri; eta Altzürükü, bestetan Barkoxe edo Altzai agertu izan zaizkidan bezala, gure begien aitzinean itzaltzen ari den Euskal Herri maitatu horren iduria ez ote?

      Gutxitan bezain bortizki sentitu ditut batera Altzürükün gure herri ukatuaren agur etsia eta denon hil-beharraren dei isila. Berdintsu besteek, nik uste; ezen E. Goihenetxe irakasleak, esate baterako, hitz hauetaz erantzun baitio ene “joan dea?”-ri: “Zahartzen ari”. Ederra, benetan, Altzürüküko edertasuna urriaren 19an.

      Eta, Iparraldeko elizetan egin ohi denaren arabera, korura igo gara gizonezkook atzealdetik. Eliza beterik zegoen.

      Meza emaile nagusi Baionako apezpikua bera, zenbait aldiz bederen ikasia duen euskaraz (zubereraz!) poliki mintzatzen ari. Aldarean, berriz, honen alboetan, Latsaga bikarioa eta Iratzeder Belokeko nagusia.

      Zergatik, ordea, ia dena frantsesez egina? Altzürükü oraindik ere osoki euskalduna izanik, eta G. Epherre kalonjea euskaltzale porrokatua ere bai (euskaltzain, katiximaren idazle, Gure Herria-ren zuzendari, euskal predikari iaio), zergatik ez dena euskaraz? Dena euskaraz, bai, dena. Zergatik ez? “Bearnes batzuk etorri dituk, badakik?”, azaldu dit lagun batek. Zer deritzazu erantzun horri, irakurle?

      Eta jokabide ustel hori gure egia latzaren zantzua ote den bururatu zait. Alegia, kanpotarren errespetuz, euskal geroari ateak hetsi, eta erdaraz ez ote ditugun Zuberoako azken euskaldunak ehorzten, orain dela gutxi Erronkarin eta beste ibarretan ehortzi ditugun bezala.

      Affaire classée celle des Basques de Soule. Oufff!...

      Ezen, egia esan, noiz emango ote du Altzürükük Epherre anaia euskaldunaren ordainik? Emango ote du inoiz?

      Erronkarik ez du Mendigatxa ordaindu. Zuberoaren deseuskalduntzea oraingo abiadan jarraituz gero, ematerik izango ote du?

      Aurtengo gose-greba gogorrean ikusia genuen Gregoire apaiza, beti gurekin irribarrez eta bero, beti ere Bereterbide apaizaren sustatzaile. Donibaneko Unibertsitatean kudeatua genuen iaz matematikarien sailean (bera lizentziatua baitzen Matematiketan, eta hiztegi teknikoen eta batuaren beharrak oso kezkatua). Euskaltzaindiak eratutako sariketan, Zuberoako aditzari buruzko ikertzapen ederra irakurria genuen, aditz-joko guztietan azentuaz xeheki hornitua. Eta mauletarrek badakite Gregoire Epherre izan zela egiazki Zuberoako lehenengo ikastolaren eragilea eta aita.

      Galtzaira handia, beraz, Euskal Herriarentzat.

      Besteak beste, Altzürükün agurtu ditugu hiru euskaltzain: Haritxelhar, Lafitte kalonjea eta Iratzeder. Han ziren Erdozaintzi frantziskotarra, Barkoxeko Hegiaphal pastoral-bultzatzailea, Roger Idiart, Udoi, Mixel Itzaina, Mark Légasse idazlea ere. Urruti nonbait Altzürükü, eta hilberria ez aski hedatua, Hegoaldeko gutxi ikusi dugu: Bordari olerkaria, Umandi gramatikaria, P. Arrizabalaga.

      Arratsalde tristagarria, benetan. Agian laster gertakari alaiagoren batek “arrabilduko” ahal gaitu denok Zuberoara!