Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Norvegiako supermarket batzuk gainbehera

 

(Zeruko Argia, 1969-07-20,
Larresoro ezizenez)

 

      3.800.000 lagun, 324.000 kilometro karratu, 2.500 kilometro iparretik hegoraino. Horra hor Norvegia hozki aurkezteko modu bat.

      Norvegia ezagutu duen bat, ordea, ezin daiteke horretan geldi. Norvegia olerkiaren aberri berbera baita. Ni neu, bederen, ez naiz aurrerakoan gauza izango malenkonia kutsu nabarmenik gabe Norvegiari buruz ezer pentsatzeko edo idazteko.

      Aspaldidanik sumatzen nuen, hau bai, Knut Hamsun-en liburuetan eta Edvard Grieg-en melodia hunkigarrietan, Norvegian aurkituko nuela, joatekotan, ilunabarretako isiltasun geldi hori. Eta aurkitu egin nuen gainezka; eta, beste euskaldun batzuk bezala, iparralde horietarako joerak kilikatzen nau bortizki. Euskal Herrian ezagutu dugun amai-giroak argitasun epeletara bultzatuko baikintuen gu, eta ez Mediterraneoko betetasun haragikoietara.

      Norvegiako bazterrak ezagutu ondoren, gure inguruetan Izadia erdi-Izadi besterik ez dela aitortu beharra dago; eta gure urrutietan bizi diren baserritarrik bakartienak kale betean bizi direla!

      Geilo-tik pasa naiz ni, esate baterako, Oslo eta Bergen-en arteko bide erditsuan, mendi-mendian. Herrixka urrun hartantxe hil zen berriki Trygve Lie famatua, aspaldian nbeko lehendakari izana. Igarotzerakoan maiatzaren hondarrean ginen; eta eskualde menditsu garai haietan Geiloko aberrian bertan lakuak: hormaturik zeuden oraindik eta elurra inguru guzian nagusi. Eguraldia epela eta eguzkitsua izanagatik ere kaminoa elur lodian irekitako ildo estu sakon bat besterik ez zen. Gure Larraine edo Uztarroze hiri ondoko auzo erosoak iruditzen zaizkit Norvegiako herrixka haien ondoan.

      Itsasertzean jakina denez, eta Gulf Stream delakoari esker, giroa askoz epelagoa da. Osloko kaia ez bide da sekula ixten. Hiri ederra Oslo, itsasoko golkoak ugari eta ikusgarri, zurezko etxeak eta hormigoizkoak elkarren lehian ugaltzen ari; baina, Belgikan eta Holandan [Herbehereetan] bezala, familia-etxetxoak milaka hiriaren ondoko inguru guzian (Norvegiakoak, noski, denak zurez eginak).

      Kaiarengatik beharbada, eta arrain-azokari darion usainarengatik eskierki, gureago atzematen da Bergengo hiria. Kai zaharreko Hansea-ko etxeek eransten dute urruntasuna.

      Telemark-eko bakardadeetan baserri guziak dira zurezkoak; eta gauza bera baserri guzien ondoko ukuilua eta bizitegia. Hirukote horiek oso tipiko eta desberdin egiten dute ikuspena.

      Honek guziak, alabaina, ez luke etorlearen bihotza inarrosiko. Fiordoek hunkitzen dute bihotza. Eta Norvegiaz oroitzean, ikuskari bat dago gailen hura ezagutu duenarengan: fiordoak.

      Norvegia ez dago aldamenean. Baina olerkiaren ahalmena piztu edo indartu nahi duten euskaldun guziei aholku ziur bat emango diet nik: aukera gertatzen zaielarik, zalantzarik gabe fiordoen bakardadean elikatzera joan daitezela. Hardanger-ko eta Sogn-eko fiordoetara bereziki.

      Foss-eko erroitz ikaragarrietan behera iritsi nintzen ni iaz Ej-fiord eta Kinsarvik-a. Inoiz ez dut neure burua apalago eta ezdeusago ikusi, eta Izadiaren edertasun gupidagabea nabarmenago eta gaitzago xirripak ehunka metrotan behera, harkaitz gogorrak zut mila metroko paretak osatuz, kresal usaina ezin sarkorrago airean, itsas-gain geldi hura ispilu baten pareko, ontzi zuri-beltz hura fiordo-beso meharrean barrena urruntzen ari, goi eskerga guzietan elurra zuri-zuri; eta isiltasun giro hura urratuz, urrutiko xirripen zurrumurru jarraikian etengabe ari, anitz antxeta eta kaioren oihua... Gustave Doré-ren marrazkiek han dukete iturburua; eta horregatik izan ziren Danteren duin.

      Bake harrigarri hura ezagutu dutenek, ilunabar luzakor haietan pasean ibiltzeko zoriona ezagutu dutenek, ongi ulertzen naute: malenkoniaren Arkadia Norvegian dago.

      Baina Izadiak, Naturak, Norvegian hunkitzen badu ere, norvegiarrek berek ez gutxiago. Bergen-go inguruan, esate baterako, uharteak milaka daude, kilometrotan zehar sakabanaturik, eta ontzien bidea oso zail eginez. Harkaitzezko uhartetxo gogor askotan, zurezko etxe bakar bat ageri da: uharte hartan arrantzale-familia bat bizi da. Bat, eta ez bi. Handik bostehun metrora, beste uharte ńimińo batean, beste familia bakar bat. Eta abar. Bergena joateko (itsasoa oso nahasia ez badago...) ordubete behar da, edo ordu pare bat.

      Fiordoetan, halere, harrigarriagoa da ikusten dena. Fiordoetan dauden herriak oso txikiak dira: Ulvik, Odda, Ardal, Norheimsund. Edozein, herrixka txiki-txikiak dira. Eta Balestrand, esate baterako, koskorragoa baldin bada, estatuek egin dute handiago, Balestrand bakantza-leku baita. Hori hala izanik ere, fiordoetako harkaitzezko hormetan beretan zintzilikaturik, uretara jaisteko ere nondik joan daitekeen ulertzen ez delarik, etxetxoak agertzen dira han-hemenka...

      Norvegiarrak, aspaldiko bikingoak bezala, itsastarrak izatea derrigorrezkoa da. Itsastarrak eta artistak. Kon-Tiki-ren eratzailea norvegiarra izatea konprenitzekoa da, norvegiarra itsasoan eta mendian murgildua bizi baita. Hamsunen libururik ezagunenak, Nobel Saria balio izan zionak, Pan du izena; eta Pan Izadiaren jainkoa da.

      Zer eman du Norvegian mundu berriak? Aldakuntza handiak, noski. Norainokoak diren zail da jakiten.

      Baina Flugesand jaunak supermerkatuei buruz berriki esan duena oso gogoangarria iruditu zait: “Badago —dio Flugesandek—, eta nik nekatu gabe esaten dut behin eta berriz, Norvegiako pentsaera ere. Berriketa apur bat eginez erostea maite dugu guk. Giza hartu-eman horri atxikitzea oso inportantea iruditzen zaigu: helburutzat daukagu elkarketa-era horiek ez galtzea. Norvegiarren izaera da honen gakoa. Saltzailearen eta eroslearen arteko elkarrizketak lotura bat sortzen du gurean, eta lotura hori ez dugu inolaz ere galdu nahi”...

      Hau da Flugesand jaunak eman duen azalpena. Gertaerak izuturik baititu ekonomialariak eta amerikanismoa bertutetzat dutenak: alegia supermerkatuak ez dira batere aise ari Norvegian: jendeak ez ditu maite. Handienetako batzuk hetsi ere behar izan dute; eta beste mordo bat koloka omen dago. Garestixeago ordaindurik ere norvegiarrak alboko lagunari erostea nahiago du!

      Nola ukatuko beraz fiordoez gain badagoela Norvegian zer miretsirik?