Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Euskal Jaia Lovainan

 

(Zeruko Argia, 1969-04-13,
Larresoro ezizenez)

 

      Ehun bat euskaldun aretoan zain (Lovainan ikasle, gehienak), eta euskal dantzariak eta txistulariak agertu dira zortzietan. Txaloak ugari, eta festa hasi da.

      Aurkezpena hiru hizkuntzatan Agirre euskaldun ikasleak egin du: flandrieraz aurrenik, frantsesez segidan eta euskaraz bukatzeko. Entzuleok oso pozik, eta irrikan. Atzerriak azkartua, euskal “garo usaina” sarkorrago egiten bide zen.

      Txalo jo dugu behin eta berriz gure dantzak ikustean, eta bihotzez jo bestalde. Hunkitu egin gaituzte denek, Legarralde jaunak, 71 urteetan, txistua jotzeari eta Gernika taldea zuzentzeari ekiten die kementsu oraindik. Gure hendaiarrak zorionak merezi ditu zalantzarik gabe: gutxik egin du berak hainbat lan Parisen bizi diren euskaldunen artean.

      Gernika taldeko kantariak ere entzun ditugu. Gure herriko kanta zaharrek, bi alderdietako euskaldunek emanak, berriz ere hunkitu gaituzte Lovainara bildutako guziok. Honek ez du dudarik.

      Baina Maite Idirin gitarra besoetan agertu denean, gure zauskada bestelako egin da; iraganetik gaurrera pasa gara, liturgiatik bizira. Bere ahots gardena maitatu dugu, egia da. Baina bere esanek, bere hitz bortitzek, inarrosi egin gaituzte. “Hauxe da” esateko gogoa etorri zaigu entzuleoi behin eta berriz; “hauxe da egia”. Batzuetan leun, bestetan zakar, Maite Idirinek gure herriko zantzua ekarri digu bizi-bizirik; eta bere kanta saioa bukatu denean, laburtxo izan ote den pentsatu dugu denok. Zorionak zeberioar jatorrari.

      Gero Benito Lertxundi famatua agertu da. Gitarraz ongi nagusiturik, tauladaren jabe, horrelakoetan ohitua, ausarki eman dizkigu ezagutzen genituen bere kanta batzuk, eta ezagutzen ez genituen beste batzuk ere bai. Maitasunezko kantetan aski ditu Lertxundik gitarrazko nota xoil batzuk, giroa egokitzeko: bere arrakasta ongi ulertu dugu. Lertxundi artista da. Besteetan ere, Zenbat gera ezagunean esate baterako, gogorki mintzatu zaigu, guztiz beste modu batera; eta konbentzitu egin gaitu. Gogotik jo diogu txalo.

      Bukatutakoan zer pentsatu ote dugu entzuleok? Berdintsu, nire ustez; eta hauxe gutxi gorabehera: Maite Idirin eta Benito Lertxundi direla gure gazteriaren ahotsa; eta hortixe datorkiela beren arrakasta osoa. Gauza bera, noski, Xabier Lete, Mari Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta gainerakoak.

      Alegia, aspaldiko dantzetan eta kantetan, aspaldiko gure herriaren zantzua ageri da. Joan zen Euskal Herria gogoratzen zaigu: eta errespetuz, maitasunez, amodioz, entzuten ditugu. Iraganari egiten diogun gorazarrean, gure bihotzaren parte bat dago. Baina iraganaren zantzua direnez, hain zuzen, urrutitasuna darie; eta, beharbada, itxurakeria apur bat: azkeneko dantza bukatu bezain laster, dantzaririk gehienek erdarari ekiten diote eta, zentzu askotan, teatro-aldiari uzten diote erabat.

      Maite Idirin eta Benito Lertxundi entzutean, alderantziz, gure odola mintzo bide da beren ahotik, gure anaiak ikusten ditugu tauladan (eta tauladatik irtetean!), geure ahotsa isurtzen bide da beren eztarrietatik. Bat gatoz osotara. Anaitasun giroa ez da errespetuzkoa, ez da leialtasuna, berez dator, nahitasun beroa da. Maite eta Benito gure herriko lekuko dira arrunt. Eta beren ekintzan ez dago arraildurarik; bat dira tauladan eta tauladatik at.

      Gauza bera gertatzen da, nik uste, janzkerari dagokionez. Folklorean erabiltzen diren janzkerek artifizialkeria giroa ematen diete dantzariei. Urrutikeria sortzen da dantzarien eta ikusleen artean. Eta aski da, zoritxarrez, dantzari askoren txepeltasuna dantza horietan askotan (ez beti, kontuz!) teatro-aldi bat ikusi ahal izateko.

      Maite Idirin eta Benito Lertxundi, berriz, geure janzkeraz jantzirik, geure anai-arreba ikusten ditugu begien aurrean (tauladan eta tauladatik at), geure arazoez kezkaturik, geure ametsen esale jator. Hori dela-eta, egiazkotasun-dei bat dira folklore-inflazioan; eta zorionak bihotz-bihotzez bidali nahi dizkiet.

      Zeuek hunkitzen gaituzue gaur inork ez bezala. Ez zalantzarik izan. Eta ekin aurrera!