Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Maxkáda Gámen

 

(Zeruko Argia, 1976-02-22,
Larresoro ezizenez)

 

      Urtarrilaren 25ean elurpean zegoen Zuberoa. Eta gamerearren artean gertatu nintzen, bertako maskaradak lehenengo aldiz ikusteko asmotan. Jakina denez, oso Zuberoa-zale nauzue ni. Ez baitut ukatzen. Eta analista sakon batek zergatik ote den aztertuko balu, oso beldur naiz Zuberoa-zaletasun etsi horretan ene nortasunaren gakoa bera ez ote lukeen antzemango.

      Gamere zer den? (Camou frantsesez). Mendarte batean kokaturik, zortzi bat etxe elkarren ondoan; eta inguruetan, baserri batzuk. Beherean, handik sei-zazpi kilometrora, Atharratze, Basabürüko hiriburu koxkorra. Gainean, berriz, baina ez agiri, Zihiga (Zihiga bai, Nafarroa Garaian bezalaxe), beste bospasei etxetako gunea. Eta horrez gain, zer? Bortia non-nahi, mendia, Izadia bera nagusi, egun horretan elurrak zuritua. Zuberoa ez baita gaur ia-ia euskal toki-izen mordo hutsa baizik.

      Aspaldi honetan erabiltzen ez bide den frontoi apalaren ondotik, bero zegoen erreka egun horretan ere, eta kea zeriola. Berezko ur beroak baitaude Gameren (38° C), behinola aski ezagutuak eta estimatuak omen.

      Gamere herrixka izana husten ari, noski, Zuberoa osoa bezala: 140 biztanle gaurko egunean, azaldu didatenez. Haur pare bat jostatzen ikusi nuen goizean; eta euskaraz ari ziren, Iparralde honetan zinez gutxitan gertatu ohi dena.

      Frontoiaren ondoko “Aguer” bazkaltegia, inguru haietan bakarra, maskarada-jokatzaileek eta ikusleek mukuru betea. Etxekandere jatorrak, etxekalaba eder atseginak, eta gainerakoek ere bazuten egun hartan aski lanik!

      Ohiturari jarraikiz herriz herri dabilela-eta, goizean Zihigan emana, arratsaldean, bazkalondo berean, Gameren jokatzen zen maskarada. Erdi Arotik edo jasoa, galtzen hasia zen ohitura hau azkeneko urteetan; baina orain, altzaiar gazteei esker, arrabiztu egin da; eta orain dela hamasei urte etena zirudien katea, Etxart suharraren eraginez (bizpahiru anaia taldean) bizirik dugu berriro maskarada. Etxart izena eman dut, bai, aipatu beharra baita; ezen ez baita osoki harritzekoa ere Mauleko ikastolako andereńoa, Margarita Rekalt (altzaiarra hau ere) Etxart berorren emaztea izatea.

      Frontoi txikira bildu gara, beraz, maskaradaren egileak eta besteak. Guztira 150 bat gehienik. Egiazkoa da oraino maskarada. Zaharkitua beharbada: ijitoen etorrera, “zamaiaren” ferratzea eta zikiratzea, esate baterako, zer dira gaurko euskaldun gehienontzako, aspaldidanik ahantzitako kezkak baizik? Folklore-kezkak baizik? Folklorea da, hortaz, maskarada; baina folklore egiazkoa, eta ez folklorekeria. Elur-giro hotz hartan ikusia, oraindik erakuskari eta turismo-karnata bihurtu gabea, hauxe izan zait maskarada, bere trufa-airean moldaturik: aspaldiko Euskal Herriaren irudi bizi bat.

      Lehengo aldiz ere ikusten zuen Hendaiako artista batekin mintzatua naiz bukatzean; eta, zinez, zoratuta zegoen pozez. Bikaina dela esaten zidan behin eta berriz; eta euskal teatro herrikoia eraikitzeko oinarri zindoa. Aski litzatekeela esketx labur horiek gaurko gaiak eta arazoak ukitzea.

      Gauza ohargarria, halaber, artzain eta baserritar gisa agertzen dira euskaldunak maskaradetan. Perratzaileak, txorroxtaileak, edozein kale-lanbide egiten dutenak, berriz, bearnesez mintzo dira. Horra hor Mitxelenak ere beste bidetatik erakutsia duen soziologia —datu nagusia— euskaldun burgesiarik ez dela sekula egon, kalea beti izan dela arrotz, baita maskaradek iradokitzen dituzten mende urrunetan ere. Ez garela sekula kaletartu, indioak bezalatsu, herritasuna galduz baizik.

      “Hanitxek maitatia, eta gutik hüngütia” omen den ijitoen erregea, bestalde, oso interesgarria halaber, ijitoei buruz eskaintzen digun irizkeragatik.

      Eta, tarteka nahasirik, nola ez, dantzariak behin eta berriz ari. “Godalet dantza” famatua, dena dela, basoaren gainera igo gabe ikusi dugu.

      Ba bide dago horretan guztian, gaurkotuz eta eraberrituz, euskal antzerkia azkartzeko eta sustraitzeko erarik.

      Etxartarrak aipatu baititut, ezin nitzake gainerakoak aipatu gabe utz: Garat atabalaria aurrenik, Etxahunen lankidea, ezin nekatua, eta Zuberoako edozein folklore-bultzadatan sartua; eta, Garat bezain nekagaitza den Bedaxagar txülüla-joile gaztea, Urdińarbekoa hau.

      Bioi, eta altzaiar jator guztiei: Biba Altzai! Zorionak, eta atxik!