Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Selfridges eta Vishnu

 

(Zeruko Argia, 1973-04-22,
Larresoro ezizenez)

 

      Hotz zen urtarrileko goiz goibel lainotsu hartan. Baina Oxford Street-eko Saltoki nagusietan ez zen diferentziarik ageri; gora eta behera pilatzen ziren jende multzoak, eta bi estaiko autobus gorri ezagunek etengabe kurritzen zuten Londresko kale koloretsua. Bruselako Rue Neuve, Bordeleko Ste. Cathérine edo Anberesko Meir bezala, Londresko Oxford Street kontsumo-zibilizazioaren ikurtzat har daiteke: Selfridges magasin gaitzetik azken dendatxoraino helburu bakar bat bazterretan: nola gehiago sal.

      Eta horretan nintzela, hastapenetan izuti, gero eta ozenago, joan-etorriaren orroa etengabean pixkanaka gailentzen ari, txilin hotsa entzun nuen Ekialdetik. Gazte talde bat zetorren, hamar bat neska-mutilek osatua. Neskek paperak eta liburuxkak eskaintzen zituzten. Mutilak, berriz, dantzan eta kantari zetozen. Burua soil zeramaten, Saigongo bonzoek herrikoi egin duten itxuran gutxi gora-behera; eta denengan, buruaren atzealdean zintzilik, txintxosta ńimińo gisa, ile mordoxka bat ageri zen airean jauzkari. Gerrien parean loturik, atabaltzar harrigarriak zekartzaten; eta hatsaren lurrinari jaramonik egin gabe, Indiako erdi-soineko laranjaz ez bestez jantzirik, alai ekiten zioten beren kanta-dantza azkengabeari.

      Ikusleei ematen zieten kazeta bitxia hartu nuen. Letra handitan: Back to Godhead. Eta txikiagotan: The Magazine of the Hare Krishna Movement (n.ş 47!). Neska gonaluze bat ondoratu zitzaidan, eta irribarrez txarteltxo bat eman zidan: You are cordially invited to the Radha Krishna Temple - 7, Bury Place - Bloomsbury, W.C.1, London.

      Txundituta gelditu nintzen. Selfridges-enetik metro batzuetara, Vishnu-ren mezua neukan eskuetan! Gazte haien barne-ausardia! Eta taldea dantza eta dantza, eta taigabe dantza; eta kanta bera ari, nik uste:

 

            Hare Krishna,

            Hare Krishna,

            Krishna, Krishna,

            Hare Hare.

 

      Arthur Köstler irakurri ondoren, nekez sinets daiteke India sinestun zoragarrian. Baina gazte haiek ikusita, Asiako India egiazkoan zeharo bederen sinesterik ez badago ere, geure barruan daramagun India horretan sinetsi nuen. Eta gazte haien mezu kementsuak nigan oihartzun harrigarriak lortzen zituela erreparatu nuen. Retour du refoulé ote? Ez dakit. Baina gazte burusoil laranjatsu haiek goiz hartan ematen zuten lekukotasunak, barne-muinetan ukitzen zuen. Neska-mutil haiek dantzan eta kantuz ari, kontsumoaren erdigunean bertan esaten baitzioten “utikan” kontsumo zibilizazio harroputz huts honi.

      Beti miretsi ditut egiazko provo-ak, beren buruz provo direnak, alegia; correcto-ak, aprobetxategiak, moldakorrak eta “haizeak nora zapiak hara” moduko gizonak betidanik ere mespretxatu eta mespretxatzen ditudan bezala. Ez ditut kameleoiak maite! Oxford Streeteko talde hura, horretara, oso gogoko nuen. Aitor dut.

      Gure segurantzia giro ustelean, egiazko ostikoak iruditu zitzaizkidan aldizkariaren ekarriak. Azalean, perlaz eta bitxiz ederturik (josirik hobe!) neskatila bat heriotzatik libratzen duen soma famatua txirla batetik edaten ari. Liburuxkaren barruan, berriz, Vishnuisten bilduma txiki bat: irudi batean Krishna txirula jotzen ari; anitz fototan ageri, bestalde, His Divine Grace A.C. Bhaktivedanta Swami Prabhupada jauna, gaur Krishnaren lekuko nagusia ageri denez; orrialde oso bat Yoga eta Bhâgavad-Gita-ren azken argitaraketen berri emateko...

      Ebanjelio hindua den Bhagavad-Gita-ren aipamenak topatu nituen erruz, han eta hemen; eta denok iruditu zitzaizkidan mini-skirt eta takoi nabarmenen Londresen (eta Donostian eta Iruńean) probokazio eta kitzika huts: “Krishna Mugimendua Pertsona Absolutuaren zientzia-hurbilkera bat da... Animalien ekonomia-beharrak gureak bezain inportanteak dira... Prestuki jokatu beharra dago, hurrengo bizian jaiotza on bat izateko... Krishna berbera mintzatu zaio gizonari biblian eta Koranen”... Eta abar.

      Gaurko teknikeriaren salaketa (maya-ren ekarle delako, lilura, alienazio ekarle delako) aurkitu nuen; eta hinduista heterodoxo baina guztiz aparta izan zen Gandhiz oroitu nintzen; bai hartaz, bai gaurko Vinoba Bhave harrigarriaz; bai izpiritu-gidari hindu guztiek, Vedaren eraginaz, gaurtxe arte munduari eta zibilizazio teknikari atxiki dioten mespretxu osoaz.

      Batzuetan Marko Aurelioz oroitu nintzen: “Egintzaz beraz ardura hadi —zioen Krishnak, Vishnu-ren azken gizakundeak— eta ez behin ere egintza horren bitartez izango dituzkean fruituez”...

      Eta Anti-Düring gehiegi eta Bhagavad-Gita gutxiegi irakurtzen direla ulertu nuen; eta honetan ez dagoela zer pozturik, ez zer loriaturik. Gizona eta gizonaren egarriak ez baitira atzo agertu. Eta gaurko hazkurri eta edariek ok egin arte higuinduko baitute laster: sei Krishna-biltoki Alemanian, bost Britainia Handian, lau Frantzian, bat Belgikan, bat Holandan [Herbehereetan], dozenaka Ameriketako Estatu Batuetan...

      Oxford Streeteko gazte multzo hura, horrela, geroaren aitzindari argitsua iruditu zitzaidan, eta ez ihartutako mundu zaharkote baten azken arrastoa. Sanâtana Dharma zaharra xehetasunetan xuxena ez bada ere, egia da funtsean; eta hurrengo ideia-mugimenduaren iragarle batzuk ezagutu nituela segur izan nintzen.

      Gaurko filosofia batzuk, alderantziz, funtsean gezurra direla esan behar da, nahiz xehetasunetan egia izan.

      Oraindik ere horrela, txilinak orroan gailen eta dantza etengabean, talde hura neure barruan gogoratzen dudalarik, sinbolo bat ikusi nuela iruditzen zait: gazte haiek ez ziren Selfridgesera joaten ari, Selfridgesetik itzultzen baizik.