Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Idahoko euskaldunekin

 

(Zeruko Argia, 1972-07-02,
Larresoro ezizenez)

 

      Snake River ibaiaren ildotik eta lurralde idorretan barrena joan ondoren, gure Boeing 727ak ekainaren 1ean Boiseko aireportuko lurra ukitu zuenean, eta leihatilatik hangar batean Idaho hitza irakurri genuenean, halako zirrara harrigarri batek astindu zuen gure bihotza: Idaho! (ŕida-ho esan behar). Bagenekien, euskaldun guztiek dakiten bezalatsu, aspaldidanik jo izaten dutela hara gure artzainek eta baserritarrek; baina, besterik ba ote genekien zehatz? Ezetz erantzun beharko.

      Aurten bazegoen Idahon orain arte sekula egina ez zena: euskal folklorez oratutako jai eder bat; eta euskaldun jendetza gaitza espero zen Boisen egun horietarako. Eta halaxe gertatu zen: igandean batez ere, ekainaren 4an, leku guztietatikako euskaldunak bildu ziren hara milaka: Idaho guztitik, Coloradotik, Nevadatik, Oregondik, Kaliforniatik, Mexikotik beretik gure hiru adiskide: ehunka eta milaka kilometro eginda, han ziren gure anaiak, alai eta zalapartatsu, txapelak zabal, euskal itxura ezin ukatua. 50.000 bizi dira gaur Idahon, Nevadan eta Kalifornian; beste milaka batzuk gainerakoetan. Boisen bertan (Idahoko hiriburuan) bost bat mila.

 

 

PUNTAKO EUSKALDUN BAT BOISEN

 

      Pizkunde honen sustraian, besteak beste, gizon isil apal bat: Pete Zenarruza. Idahon sortua (Sun Valleyn haren aita eta ama agurtzeko ohorea izan dugu: 1907an Bizkaitik joanak), gaur 54 urte, artzain ibilia, bizkaieraz lasai hitz egiteko gauza, Zenarruza jauna Idahoko Erresumako Secretary of State (alegia, Erresumako gobernaria edo, nolabait esateko); eta hango euskaldunen buruzagia da. Euskaldun jator gisa hitz gutxitako eta espantuen etsai, daukan postu gorenetik saiatzen ari da, eta lortzen, Idahoko jendea elkartzea eta esnatzea. Hegazkinlari trebe bikaina (geronek izan dugu froga eder bat Stanley Valleyra eta Sun Valleyra haren hegazkintxo horian eraman gaituelarik), gudu-garaian hegazkinlarien irakasle izana, milioi bat mile eginak ditu hegaz. Zenarruzak, beraz, bere hegazkina hartzea eta guk bizikleta hartzea... hor nonbait?

      Gure zain zegoen Zenarruza aireportuan; eta elkarrekin trukatu genituen lehenengo hitzak euskaraz izan ziren. Aireportuan zeuden bizkaitar andere batzuk une hartan; eta euskaraz entzun gintuztelarik, bero-bero eta besterik gabe musuz bete gintuzten. Hizkuntzak ematen duen ahaidetasuna ez baita hutsaren hurrena!

 

 

JAIA

 

      Jaiak berak bi egunez iraun du; baina ostiralean berean (ekainaren 2an) bazegoen lehendabiziko dantza eta kanta-saio bat. Miren Eguzkińe Azaolak eraman zigun, gitarra eskuan eta edertasuna begitartean, kantu berriaren zantzua. Ikusgarrien aurkezpena ingelesez egin zen osoki; eta xehetasun honek eman zigun erdararen arroztasunaren neurri egoki bat. Ingelesez euskal festa batean?

      Igandean euskarazko meza eman zen belardian. Aldarea eta banderak eguzki dirdaitsuak argiturik, bazeukan ikuskari hark sekula ahaztuko ez dugun kutsua. Han bizi den Aita Garatea mintzatu zitzaigun jator eta ausarki; eta Aita Etxebarriaren zuzendaritzapean entzun ziren bazter haietan gure euskal kanturik ezagunenak.

 

 

ITZALEAN ARI IZAN DIREN LANGILEAK

 

      Hori guztia lortzeko, barruki gaitz hartako erakustokiak eraikitzeko, folklore-saioak prestatzeko, jendea biltzeko, karraskan lan-egin behar izan da. Eta gisa da izen batzuk agerraraztea.

      Joe Eiguren ezagutu dugu: egun hauetantxe emana zuen argitara, ingelesez, Euskal Herriari buruzko bere liburu berria. Eigurenek ematen ditu bestalde han euskarazko eskolak. Berriki emaztea galduta, Eigurenek hartu gintuen hasiera-hasieratik adiskide antzean, baita Lekeitioko doinua galanki eman ere.

      Lehenagotik ere ezaguna (orain dela bi urte Euskal Herrian izana) eta Zenarruzaren eta Eigurenen laguntzaile zintzo, Mirenek harrera bihozkorra eman zigun eta festaren eraikieran laguntza aparta eskaini.

      Beste antolatzaile bat, euskaltzale kartsua: Diana Urresti (Daiana, hangoen modura esateko). Andereńo izateko errabian, eta euskaraz horretarako hobeki ez jakiteko nardatua, Dianak txalo jotzea merezi du.

      Julius Bilbao aipa dezadan ondoan: euskaraz gutxi jakin arren, euskaltzale fina da eta nortasun handikoa. Honen aita ere ezagutu dugu, Cascaden duen ostatuan, Boiseko iparraldean. Bai aitarengan bai semearengan Bizkaiko garra atzeman dugu fin.

      Euskaltzale kartsuak Erkiaga, Beristain eta Hormaetxea adiskideak ere, azkeneko hau Boiseko Euskal Etxeko buru.

      Denoi hemendik, lerro hauen bidez, gure zorion-opa eta eskerrik beroenak.

 

 

BI EUSKAL IRRATI

 

      Eskualde urrun haietan, igandero entzun daiteke euskara irratian, eta luzaz. Eta irrati-sail horien buruzagi eta sustatzaile, bi bizkaitar jator. (Bidenabar esan dezadan: Idahoko euskaldunak bizkaitarrak dira % 99... gutxienez!).

      Boisekoan andere bat, Espe Alegria; eta Elkokoan (Nevadan hau, beraz), Lopategi, bertsolariaren anaia. Biek egiten dute lan hori ia inoren laguntzarik gabe. Biek errezibitu gaituzte ezin hobeki, baita antena eskaini ere. Bioi hemendik, txalo eta mila esker anitz.

 

 

EUSKALDUNAK? AMERIKARRAK?

 

      Ia bereizkuntzarik gabe, hau da Idahon aurkitu dugun gertakari-legea.

      Lehenengo belaunean, jatorriz Bizkaiko baserritar, euskaldun hutsak eta bihotza Euskal Herrian, baina heziketarik ez; ingelesa ezagutu ez, edo gaizki, eta bizimodu garratza eta zaila ranch bakarti urrunetan.

      Bigarren belaunean, euskara etxean ikasia eta ingelesa kanpoan, Idahoko euskaldun mordo hau euskaldun dago oraindik; baina ez du Euskal Herrira itzultzeko gogorik erakusten. Ameriketako euskaldunena da. Bizimodu errazagoa izanik (edo guztiz erraza askotan!) belaun honek euskal garra badu, baina oinak han finkaturik.

      Hirugarren belaunean, berriz, euskara galdua da (ez beti halere: hirugarren belauneko euskaldun batzuk ezagutu ditugu). Eta hemen banaketa bat egin behar. Alde batetik, batzuk, gehienak, errotik amerikartuak; baina beste batzuk, gutxi izanik ere, Euskal Herriarekiko grina azkar batek eraginak, euskaldun sustraitzeko amorruan, Euskal Herrira etortzeko gogo nabarmenak eraginak ere badira.

 

 

BIZIMOLDEAZ BI HITZ

 

      Boiseko bizimoduak atsegin ematen du. Boise ez da Chicago, Los Angeles edo New York. Boisek 80.000 biztanle ditu; eta hiri baketsua da. Jendea ez da apartamentuetan bizi, kilometroetan barrena sakabanaturik dauden etxetxo eta txaletetan baizik. Ezagutu ditugun euskaldunek etxe ederrak dituzte, askotan, bizpahiru kotxe eder, errediza eta apaindura bikainak; eta, hitz batez, ekonomiaren aldetik, amerikar bizi-maila erosoan bide daude. Honen ondorioak ezagun dira pentsaeran.

      Boisen ez da beltzik ageri. Indio bakan batzuk (ez baita oso urrun, hegoaldetik, Owyheeko “erreserba”); baita espainolez mintzo diren txikano batzuk ere: beren kazeta iraultzailea kalean saltzen ari zen horietako batekin buruz buru hitz egiteko aukera izan genuen Boisen bertan.

      Elkon, Boisetik 400 kilometrora, gipuzkoar batzuk ezagutu genituen, Elko ez baita Idaho; eta hango joko-grinak eta kabaretismoak harrituta utzi gintuzten. Baina Nevada ez da Idaho; eta Nevadan hori guztia libro da, prostituzioa eta dibortzioa bezala. Elko herri txikia da: 8.000 biztanle; eta hauetako mila bat euskaldunak.

 

 

DATORREN URTEAN BI IKASTOLA FAR WESTEN

 

      Bai, jaunak: hauxe da asmoa. San Frantziskon zabalduko bide da bat; eta Boisen, Miren Rementeria andereńo delarik, beste bat. Udara honetantxe izango dira horretarako harremanak, hain zuzen, gauzak zehatz jartzeko. Bi ikastola hauek Seaska deritzan ikastola-elkartearen menpean ibiliko dira.

      Eta Boisen, neronek ikusi dudanez, badaude beste bi andere, gutxienez, ikastola bana beren gain hartzeko gertu.

      Geroak erranen...

      Egun hauetan dator, Jon Bilbao irakaslearekin, Renoko eta Boiseko ikasle mordo bat, hirugarren belaunekoa. Zertara? Euskara ikastera, Euskal Herria ezagutzera, gurekin anaitasunezko lotura egitera. Uztaritzen eta Arantzazun izango ditugu uztailean eta abuztuan.

      Egingo ahal diegu merezi duten harrera!