Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Erraldoikeria aurrera-pausa

 

(Argia, 1982-01-24,
Larresoro ezizenez)

 

      Ipar Ameriketara etorritakoan (eta areago Euskal Herritik etortzean), herrialde honen tamainak harritzen du bereziki. Dena da handia hemen, handiegia gure ustez: distantziak, hirien jende-kopurua, hotzaren hotza neguan, beroaren beroa udan, dena eskerga, dena handiegi. Herrialde hau erraldoi-herri bat balitz bezala. Eta, jakina, hiria eta herrialdea handiegi bazaizkigu, geure burua txikiegi agertzen zaigu ezinbestean. Baina hau, gainera, maila guztietan gertatzen da; eta, beraz, ezer ez izatearen kutsu hori, barne-erraietaraino sartzen.

      Trena, esate baterako, gainbehera doa hemen erabat. Postaletan, esate baterako, gure artean gurdien eta leren fotoak ager daitezkeen bezala agertzen dira; edo, zehazkiago, haurtzaroan ezagutu genituen tranbia famatu haien fotoak bezala. Trenak badaude, jakina; dotoreak gainera, bi pisukoak, benetako talaia itxurakoak beren gainaldean. Baina jendeak ez ditu ia erabiltzen; berehala gertatzen baitira 10 orduko bidaiak, 20koak, 40koak, are 60 orduko bidaiak ere! Nork pasako ditu egun osoak tren beretik irten gabe? Ezin! Hemendik, esate baterako, San Diegora joan daiteke trenez, Mexikoko mugan; edota, iparralderantz, San Frantziskoraino agian. Hortik aurrera, ezin; distantzia horiek egun berean trenez egiterik ez baitago. Trenak, horrela, zahar kutsu harrigarria hartu du; eta Los Angelesko geltokia ez da, itxuraz eta mamiz, Donostiakoa baino inportanteago. Zinez.

      Jendeak hegazkina hartzen du: edozertarako, edonorako, hegazkina hartu behar. Kilometroak hor daude, ordea; eta hegazkinez, arauera merkea izanik ere, bidaiek garesti jotzen dute. Mugitzea, beraz, Europan baino areago, klase-arazo bihurtu da: dirua dutenak mugitzen dira.

      Kotxeak ugari dira, dudarik gabe; eta gasolina merke dago, horko prezioaren erdian edo. Baina trena jo duen gaitz horrek kotxea ere jotzen du distantzia luzeetarako: nola egin berebilez 2.000, 4.000 edo 6.000 kilometro. Hemen abiaduraren muga (orduko 55 milia) oso hertsiki errespetarazten denez gero, bi mila kilometro egiteko 30 edo 35 ordu kontatu behar dira. Eta ahal dutenek hegazkinera jotzen dute. Berebilak, estatu mailan balio du, ez Federazioaren mailan. Donostiatik Bruselara hiru aldiz (joan-etorria, jakina) egitea da Los Angelestik New Yorkera joatea (joatea, alegia, itzulera gabe).

      Aparkatzeko arazoa, dena dela, ez da txantxetakoa. New Yorken erdian, esate baterako, 3,07 dolar balio du zenbait lekutan ordu erdi bakar batez aparkatzeak (600 pezeta orduko). Eta garabiak harrapatuz gero, akabo. Zubi asko eta hiri-autobide asko ordaindu beharrak dira. Kotxeak, hitz batez, garesti jotzen du hirien erdian.

      Los Angelesen, ordea, kotxerik gabe nekez bizi daiteke. Zazpi milioi biztanle dituen hiri honek metrorik ez du; eta tranbia edo trenik ere ez; kostaldetik dabilenak ez du hiria gurutzatzen; eta Santa Monica bulebarrean behera doan burdinbideak aspaldi honetan ez du bere gainean bagoirik jasan.

      Alde horretatik, eta askotan, askoz ere normalago zaigu New York, askoz ere “europarrago”, Kaliforniako hiriburua baino.

      Los Angelesen, esate baterako, etxebizitza gutxi dago, oso gutxi. Gehien-gehienak hemen etxetxo partikularretan bizi dira. Ondorioa, beraz, aise uler daiteke: munduko hiririk zabalena Los Angeles da. Vermont edo Western etorbideek 42 kilometro dituzte, zuzen-zuzenean. Beste hainbeste ditu, bihurguneka bada ere, Sunset Boulevard famatuak. Nire etxetik Santa Monica hondartzara 22 km daude. Griffith Behatokitik (Hollywooden erdian, halere) itsasora, kaira beraz, 52 km daude, zuzenean. Baina Malibu dotoretik, euskaldunen txokoa omen den Chinora, 100 km daude; eta hondartzatik hondartzara Newportetik Malibura joanez gero, 110 km behar dira kontatu.

      Kalez kale, eta argi gorrien aurrean geldituz, hiri horretan barrena ibiltzerik ez zegoela erreparatu zuten. Eta horregatik, hiri barruan batetik bestera ibiltzeko, autobideak daude, pilo bat, kale normalen azpitik hona eta hara.

      Eta kotxerik ez dutenak? Errespeturik ez. Bankuan kontua irekitzeko, adibidez, driver license-a, eskatu zidaten niri (ez pasaportea!); eta kotxerik ez dudanez gero, lanak izan nituen banku-kontua irekitzeko. Hemen “pertsona normalak” kotxea du, eta “gida-baimena” ere bai, hortaz. Gainerakoak? Vade retro!

      Autobusetan, horretara, beltzak eta “latinoak” ikusten dira; autobusetan espainiera da hizkuntza nagusia. Aise! Letreroak eta iragarpenak ere gaztelaniaz maizago autobusetan, ingelesez baino. Nork ez du oraindik “diglosia” hitza entzun? Beste batean mintzatuko natzaizue honetaz, dena dela.

      Hemen, beraz, driver license hori ez duena, susmagarri gertatzen da; “nor ote da mokolo hau, oraindik ere kotxerik gabea? Kontuz!”...

      Kutsadura, horretara, handia da; eta kaleek, oso maiz, garaje-kiratsa dute, azkar, sarkor, azkura eman arterainokoa. Zortzi eta hamar zerrenda dituzten barne-autobideak, kokatu egiten dira maiz goizaldean eta arratsaldean, milaka kotxeak ezin bideratuz.

      Txirotasuna, beraz, inon ez da Los Angelesen baino nabarmenago eta zapaltzaileago gertatzen. Ezta kontrasteak ere. Hemen jende asko baitago lanik gabe, beltzen eta latinoen artean batez ere.

      Prentsak gutxitan azaltzen ditu problemak hemen, jakina. Hala ere zenbait aldiz ezkutatu ezinak dira diru-desberdintasunak; eta lehengoan, horretara, saminki salatzen zuen bertako Times egunkariak, Reagan Gizarte Segurantza eta Irakaskuntza frenatzen ari den momentu honetantxe, eskandalu-iturri gertatzen dela Nancy (haren emazteak) azpil-joko bat erostean 200.000 dolar gastatzea (hogei milioi pezeta, beraz). Reaganen ranch pertsonala, bestalde, hemendik “iparraldera”, berrehun milioi pezetatan erosi zuen berriki...

      Prentsa horren tamaina, bestalde, txundigarria da (nahiz Europa osoaz oso lerro gutxi ekarri, Poloniaz edo ez izatekotan). Bai hemengo Times-ek, bai New Yorkekoak, igandero-igandero, 480 orrialdeko alea ateratzen dute. 480 orrialde handi, koloretan ere bai batzuk. Eta galdera hauxe da: Zer idatz daiteke 480 orrialde betetzeko? Zenbat balio?

      Erantzuna erraza da. Prezioaz, merke; 15 duro bakarrik. Mamiaz, berriz, hona hemen, laburtuz amerikarrek aurkitzen dutena. Berriak, orrialdeen goiko xerrenda xume batez, bakarrik. Zinema-teatroa: 104 orrialde. Telebista: 32 orrialde. Etxe eta lurralde salmenta: 46 orrialde. Liburuen berri: 12 orrialde. Businnes: 24 orrialde. Iragarpen merkeak, letra txiki-txikitan: 126 orrialde. Bidaiak: 20 orrialde. Eta abar. Iragarpenak nagusi, hitz batez; eta hauen jartzaileak, noski, saltzaileak. Ez dut besterik erantsiko.

      Ez dakit xehetasun hauen bidez hemengo kutsua hartzen ote den. Baietz espero dut.

      Erants horri orain autobusetan Jaungoikoari buruz maiz entzuten diren predikuak; erants horri inork ere ezagutzen ez dituzten elizek eta sektek, edozein kaletan erakusten dituzten church dotoreak; erants horri katagorriak parkeotan, eta pelikanoak hondartzan; erants horri eskuzko irrati hiper-dotoreen zalaparta gorgarria (hondartzetan eta autobusetan, patioetan eta parkeetan); erants horri kaleen ikuskari harrigarria: ilundu orduko, erabat hustu direlarik; erants horri ilea mozteak mila pezeta balio dituela... eta, agian, hau zer den sumatzen hasiak zarete. Ez da guretzat egina, ene ustez; niretzat behintzat ez.

      Zinez: hemengo zeru urdina galduagatik ere, nahiago nuke bihar xirimiriaren bustiduran Kontxatik edo Baztandik bueltatxo bat eman. Erraldoikeria hau gaitzi zait, benetan.

      Zuri ez, agian?