Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Usterik gabeko elkarrizketa bat
(Zeruko Argia, 1973-10-21,
Larresoro ezizenez)
Bazkaltegi apal herrikoi batean nagoelarik, bi beltz gazte egokitu zaizkit ondo-ondoan. Europar modura jantzia bata; kolore nabarmenetako alkandora bitxi batez, berriz, bestea. Eta, berariaz ezer aditzeko gogorik batere gabe ere, berehala konturatu naiz egoeraz: bi beltz haiek zerabilten hizkuntza hura ez zela enetzako ezaguna, ezta urrundik ere! Eta galde egin diet:
— Barka ezazue. Zer hizkuntzaz ari zarete? Oso jakin-min naukazue. Ez da arrastorik ere ulertzen.
Irribarre egin dute biek. Eta europar janzkerarenak, oso frantses egokian, honela erantzun:
— Sarakolez ari gaituzu. Senegalen badaude etnia batzuk; eta horietako bat, eta ez zabalena edo inportanteena, gure “sarakole” hau duzu.
— Hara! —nik—. Senegaldarrak zarete, hortaz?
— Ez, bada —beti europar janzkerakoa bien izenean edo mintzo—. Ni neu bai, ni Senegaldarra naiz. Baina ene adiskide hau Gambiakoa da. Badakizu Gambia non den? Ez Zambia gero...!
— Bai, bai, badakit gutxi gorabehera —nik erantzun—. Senegalen hegoaldeko mugaren luzean dagoen erresuma txiki bat da Gambia, oso hertsia. Ez da hori?
— Justu! Horixe duzu Gambia. Ene adiskidea hangoa da.
— Eta, non ezagutu duzue elkar?
— Parisen. Eta paperen aldetik elkarrekiko atzerritar izanagatik ere, hemen gaituzu biok barra-barra geure etxe-hizkuntzaz mintzatzen ari. Ez dugu sekula frantsesez egiten geure artean, jakina...
Kolonialismoaren mugak, betidanik eta non-nahi, funsgabeak, zatitzaileak eta eragabeak direna, nork ez du inoiz entzun? Egia. Nik ere banekien. Baina ustekabeko baiespen horrek mila teoriak baino finkatuago utzi nau iritzi horretan: Afrikan, Asian, Europan, erresumen arteko mugak ez dira ia inon herrien errespetuan markatu, herriez trufatuz eta iseka eginez baizik. Gambia eta Senegalen artekoa ezpal berekoa da.
— Senegalgo etnia nagusia —ekin dio ene lagunak— wolof izenekoa da. Baina, oraingoz bederen, frantsesa da guztion lege-hizkuntza nagusia. Badira liburu batzuk, hori bai, sarakole herriaz; baina eskola eta administrazioa ez dira sarakolezkoak, ez wolofezkoak, frantsesezkoak baizik.
— Eta, ez duzue zelebre aurkitzen zeuen egoera hori guztia?
— Bai, jakina —sarakoleak hitz—. Baina Afrikako mugak eta Europakoak ez dira berdinak. Gambiaren eta Senegalen arteko muga hori, esate baterako, bost axola zaigu guri. Ene adiskide hau eta biok herrikideak gara, eta kitto. Eta oihan haietan beretan, areago. Muga horiek Europatik ikusirik badute axola. Handik beretik, batere ez. Ez daki hango inork non diren ere...
— Benetan hori?
— Noski! Europarrok ez duzue Afrika konprenitzen. Hura oso da diferentea, zinez. Gure artean, esate baterako, inon ez da gertatzen inork norberaren hizkuntzaz besterik ezer ez jakitea. Han denok dakizkigu, geureaz gain, eta gutxi gorabehera bederen, bi, hiru, are lau hizkuntza ere; eta horrela inguruetako etnia guztiak, praktikaren eta egiazko bizieraren mailan, oso loturik daude, gaurko Europan sumatu ere egin ezin daitekeen eran.
— Europa zaharrean horrelako zerbait bazela esan daiteke beharbada. [Bidarteko, Oragarreko eta Barkoxeko baserritar zaharrek askotan dakite gaskoiz].
— Afrikako mendebaldean, konparazio batez —ekin zion ene lagunak— anitzek daki hausa hizkuntza (baita Nigeriatik at ere); eta merkatalgoan eta gainerako harremanetan maiz erabiltzen. Gauza bera, beste lurraldetan, swahili delakoa.
— Nolanahi ere —nik galde— badirudi zuek ez duzuela gutxietsirik gertatzeko beldurrik; eta zeuen hizkuntzaz baliatzen zaretela lasai. Ez da hala?
— Horretan ere, zuek europarrok ez gaituzue ongi ulertzen. Guk ez baitugu europarren alderditik gaizki hartuak, zapuztuak eta gutxietsiak izateko beldurrik. Gure artean, baita ezikasiek berek ere, jasan dugun kolonialismoaren gakoa konprenitzen dute; eta gero eta azkarkiago agertzen dugu geure nortasuna.
— Memmi ezagutzen duzue? Kolonialismo eta inperialismo arazo horietaz, inor ez da sekula mintzatu, ene ustez, Albert Memmi baino zehazkiago eta zorrozkiago. Portrait du Colonisé, L’Homme Dominé, ahantzi ezinezko liburuak dira.
— Ez dut Memmi ezagutzen. Baina kolonialismoa ulertu dut; eta denok dugu ulertu, baita Afrikako xumeenek ere. Apartheid-en arazoa, portugesen zanpaketa lotsagarria, neo-kolonialismoaren jukutriak eta azpikeriak, denok sentitzen ditugu; eta barne-mugimenduz garbiki ulertzen. Ez zalantzarik egin. Europarren laguntza gabe ere bai. Indarra falta dugu. Maok indarra eman dio Txinari, eta Txina gaur errespetatua da non-nahi.
— Ez dizu hori inork ukatuko. Memmi, bestalde, afrikarra da: tunisiarra hain zuzen. Judua bada ere.
— Bai, bai. Haren aditzea badut. Baina guk orain geure muinetik beretik abiatu behar dugu, geure haragiaz nagusitzetik. Ene adiskidea eta biok, esate baterako, mahomatarrak gara teorian, Senegal eta Gambiako % 90 bezala. Eta gainerakoak, teorian beti, kristauak omen. Baina belaun berriak oihanetako leinuen jakindurian eta gure erlijio zahar animistetan bilatzen du izpiritu-hats berria. Kristautasuna eta mahomatartasuna, anaia bikiak dira guretzako: bata eta bestea inperialismoaren bitartez sarraraziak. Ez ditugu ezertarako behar. Gure tradizioan bilatu behar dugu egia. Gure mundua eta zuena ez dira berdinak. Zuen egiak ez digu Afrikan balio.
— Ez zarete zoriontsu, beraz, lurralde hauetan... —nik galde.
— Ezta inondik ere! Afrikara nahi dugu, eta afrikatartu nahi ere bai. Hemen, Europan, dena da hotza, eta norberekeriak, indibidualkeriak, multzo-ideia, herritasuna, eihartu du. Afrikan, berriz, multzo-giroa, talde-gogoa, elkarte-nahia, anaitasuna, bizirik daude oraindik. Hots, hotzak hiltzen du Europa, nor bere burura bildua izateak. Burgesiak, eta nork bere aldetik jokatzeko grinak, ekarri duten hotzak hiltzen zaituzte. Guk ez dugu horrelakorik nahi. Geure herrietan gizartetasuna, multzoen berotasuna eta kidetasuna, nahi eta bilatzen ditugu. Ez hemengo populu koloregabe, hotz eta sustraigabe hauek...
Eta bide beretik jarraitu du oso irmoki. Eta beti mamitsu. Nola ukatuko afalondo horretan sarakole ustekabeko lagun horiek asko eta asko irakatsi zidatenik?