Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Fiesta nacional

 

(Argia, 1986-09-14;
moldatuta,
Argia-n bertan, 2005-09-04)

 

      1940. Cruzada bukatu berria. Hamar urte nituen orduan. Eta korrida bat ikusi behar genuela erabaki zuen gure aitak. “Ikusi behar” nuela baino hobeki letorke, agian, “dastatu behar” genuela: “saltsa betean” alegia.

      Eta korrida bat behar bezala dastatzeko, moda zenez, coche de punto-z joan behar omen zen plazara.

      Eta Avenidara joan ginen kotxea hartzera.

      Bina zaldik tiraturik, gaur Bai-Bai kafetegian dagoen espaloiaren ondoan egon ohi ziren kotxe haiek (garai hartan, Raga eta Madrid izeneko kafeen ondoan). Korrida egunetan huraxe zen abiapuntua; eta emakumeak, eskuetan abaniko koloretsuak harturik, peineta nabarmenez eta mantelina dotorez jantzi ohi ziren, Andaluzian bezala edo. Hain zuzen ere, Txofreraino, eta Avenida eta Miracruz kaleetan barreneko kotxe ilara bitxi haren pasaia izaten omen zen korridaren “kolorea”.

      Arratsalde hartan, giro horretan murgildurik heldu ginen plazara. Ortega zuen deitura, gaizki ez banago, toreroetako batek. Beste birekin aritzekoa zen, baina ez naiz haien izenaz oroitzen. Eta berdin zaigu, jakina.

      Eta orduantxe ikusi nuen neure bizi guztian ikusi (eta ikusiko) dudan korrida bakarra.

 

* * *

 

      Pasodoble giro betean, paseillo delakoa egin dute aurrenik. Ez nekike arrazoia azaltzen. Baina torero urretsu, harroputz eta galtzestu haiek, hotz utzi ninduten erabat.

      Gero, zezen bakoitzarekin ekintza zerrenda berbera errepikatzen zelarik, abere eder baten tortura eta hilketa gupidagabea ikusi nuen.

      Pase labur batzuen ondoren, pikadorearen faena gertatu da, oker ez banago. Pikadoreak, zaldi gainetik zezenaren larrua zulatu nahian, bere indar guztiaz akuilu luze bat bultzatuz eta jiratuz, eta bere gorputz guztiaren zama hagaren gainetik erantsiz, lortu egin du azkenean zulaketa hura. Berehalaxe, iturri batetik bezalaxe jalgi da odol gorria, oparo, batera zezenaren sabela inguratuz eta plaza-zorua ere ausarki bustiz. Eta horra hor pasodoble chulo baten airea bazterrak betetzen ari. Jendea, noski, loriaturik.

      Banderilleroen txanda etorri da gero. Ez dakit zenbat izan ziren. Baina haien eginkizuna garbi dago: zezenaren bizkarrean koloretako labana zorrotzak iltzaturik uztea. Eta balantzaka ikusi ditut banderilla horiek; baita zauri berriotan odola erruz isurtzen zela ere. Zezena dagoeneko, odol husten abiatua, eta ahultzen hasia; eta oinazeen oinazeaz, marruka ere bai tarteka. Jendea, artean, ezin pozikago faena zoragarri haiek ikusita. Eta torturaren martxa ona ospatzekotan, beste pasodoble chulapón bat barra-barra.

      Bukatzeko, matadorea; euskara hutsez esateko, hiltzailea. Ezpata luze bat hartu du, zezenaren bizkarrean erdi-erdian sartu (behin, onenean; lauzpabost aldiz, okerrenean), eta odol iturria berriro jalgi da oparo. Zezen handiak, orduan, bere belaunak tolestu ditu, eta lurrera erori da. Helburua lortuta dago: tortura hutsez eta pasodoble airetan hil dute zezen indartsu hura. Odol tatxa eskergak estaltzekotan, hondar pilo batez disimulatu dituzte balentriaren ondoko istil gorriak.

      Ez omen zen gertatu, dena dela, zezen hura behar bezain oldarkorra. Eta, pasodoble giroan zaldi talde batek zezenaren gorputza, oraindik odola zeriolarik, plazatik arrastaka erretiratu duenean, oihu bitxiak entzun ditut han-hemenka: medio toro, medio toro...

 

* * *

 

      Gure aitak ilusio handia zeukan guk korrida bat ikus genezan; eta ezkutatu egin nion neure pena, neure amorrua, neure goragalea.

      Baina sekula eta inolaz ere horrelako astakeriarik berriro ikusiko ez nuela erabaki nuen. Eta halaxe egin dut. Abere xinple, jator eta indartsu bat, festa giro harroputz hartan, eta era gupidagabe hartan, behin eta berriz akabatzea, mingarri iruditu zitzaidan, lotsagarri, izugarri. Eta toreroak gorroto izan nituen horrela lehenengo egunetik beretik, bihotzaren erditik, haur batek gorrota dezakeen bezala; eta bihotzaren erditik ere, zezen gizajoak maitatu. Eta lehenengo egunetik, beraz, Espańa cańí eta gainerako pasodobleekiko, gorroto osoa hartu nuen. Ezintasunean eta aspertuen libertimendu gisa hiltzea zein latza zen ulertu nuen.

      Handik urte batzuetara (frankismo betean ez baitzen zaila!) “festa” (?) lotsagarri horri espainiarrek fiesta nacional deitzen diotela ikasi nuen; eta faxistek sekulako propaganda egiten ziotela. Eta neure burua espainol ez sentituz, lasai gelditu nintzen.

 

* * *

 

      Baina orduantxe ere ikasi nuen, zurturik, euskaldun batzuek (Jose de Arteche idazleak, besteak beste) “festa” (?) hori euskaldun jatortzat zeukatela, pasodobleak eta guzti; eta zezen tortura horren aldeko porrokatuak zirela. Ez nuen hura hastapenean ulertu; baina gero bai.

      Orain, beharrik, zezen-korridak torturatzat salatzen dituzten pintadak agertu dira gure herrietako murruetan; eta han eta hemen zezenen aldeko (eta, hortaz, korriden aurkako) multzoak antolatzen hasi. Poz galanta izan dira niretzat; eta, agian, beste askorentzat. Bazen garaia!

      Donostian, bestalde, zezen-plazarik gabe gelditu gara. Hobe, dudarik gabe.

 

* * *

 

      Abereak, animaliak oro, gure anaia hurbiltzat dauzkat. Zezenak ere bai.

      Beti izan dut, bestalde, zakurren bat etxean: lagunik onenak zaizkit. Eta neure bulegoko horman, aspaldidanik, gure egiaren oroigarri, gorila bikote indartsu eder baten fotoa daukat.

      Beti iruditu zait antropozentrismoa (kristauena bereziki) ez-jakintzaren, itsutasunaren eta giza-harrokeriaren neurri zehatza.

      Zezenzaleek barka nazatela: zezenen arazo honetan, gauza bera.