Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Ulun-ek-Mayootik agur
(Zeruko Argia, 1976-04-04,
Larresoro ezizenez)
Nik banekien, jakin, Mexikoko indiarrak ez direla suntsitu, eta ez gutxiagorik ere. Leku askotan irakurria nuen Mexikon badaudela oraindik 30 (edo 40) indiar multzo, hizkuntzak eta guzti.
Mazatlango hondartza gringotuan Ozeano Barearen aldera begira nengoelarik, halaz ere, halako zirrarak ausiki ninduen bat-batean: gure aurretik pasa ziren bi saltzaileek guri ere beren salgaiak ingelesez eskaini ondoren hizkuntza harrigarri batez ekin baitzioten beren elkarrizketari.
żQué hablan ustedes? galdetu genien, eta zapoteco berek erantzun. Oaxacakoak zirela azaldu ziguten; eta eskualde hartan, nahiz espainolez gehienek jakin, zapotekeraz denak mintzo direla esan ziguten. Mexikon jende asko eta asko beltzarana oso izanik ere, oaxacar haiek ez zuten, izan, batere indiar itxurarik.
Gero xehekiago jakin dudanez, zapotekak 250.000 dira gaur. Badira Mexikon otomiak (300.000 lagun), mistekak (200.000 lagun), hiriburu inguruko nahuak (700.000) eta abar. Bai, hala da.
Baina Yucatanen aurkitzen dena beste maila batekoa da, zinez. Yucatanen, Merida hiria kenduta (eta Merida T’Ho da maiaz), dena da maia: leku izen zailak; emakumeen saia zuriak, kolore marraz apainduak; palma hostozko txabola bitxiak; aurpegi borobil ilunak, arkeologia bera, eta jendeen hizkuntza: dena da bat. Maiatasuna nabarmen dago Yucatanen, eta egia idatzi du Mimenzak: El pueblo maya constituye una de las familias raciales más homogéneas del continente americano.
Uxmal zoragarriaren ondoko Munako enparantzan barrena ibili naiz isilik azokako saltzaileei beha, eta ia denak entzun ditut maiaz ari; zaharrak eta gazteak. Dena esan dezadan, eta bitxikeria bat kontatu nahirik, zelai batean dagoen muino bakarraren gainean dagoen herrixkaren izena “Muna” irakurtzean, edozein euskaltzalek konpreni bide ditzake Astarloa eta antzekoak...).
Chichen Itza erakutsi zigun gidaria, espainolez bezain aise ingelesez ari, maia zen jatorriz, Meridako jende asko bezala; eta, azaldu zigunez, maia izana zuen haurtzaroan bere ama-hizkuntza.
Artikulu honetan pentsatuz, “Gora Maien herria” nola esaten den galdetu nion nik; baina haren erantzuna hauxe izan zen Jamás he oído esa expresión, ni nada parecido, en maya… Ezin da sinetsi ere maien egoera. Mila liburutan laudatua, puskatu ezinean kolonizatzaileek zutik utzi zituzten harrizko hiri ederretan gorderik, maien zibilizazioa hila den herri baten antzera presentatzen da gaur Yucatanen, sumertarren eta etruskoen mundu itzalien antzera. Luz y Sonido ikuskari hunkigarrian, Uxmalen, gauza bera, nahiz han kantu batzuk bederen maiaz kantaturik eman. Eta hori Mexikon, Amerika guztian gobernurik “indigenistenaren” menpean, omen.
Hots, maiak, Ulun-ek-Mayoo delakoa (tierra de los mayas hitzez hitz, gidariak azaldu zuenez), hantxe bizi dira gaur. Uxmalen eta Chichen Itzaren eraikitzaileen haurrideak dira haiek.
2.300.000 maia bizi dira gaur Mexikoko alderdian. Denak miseria gorrian, goitik behera ukatuak: ekonomian, politikan eta kulturan (eskolako lehen urtea maiaz egiten denean ere, integrazioa errazago egiteko besterik ez). Yucatango probintzian, ordea, % 74,47 dira maiak; % 44,15 Campechekoan, eta % 42,94 Quintana Rookoan; eta gutxiago Chiapasen (Palenque inguruetan ez da jadanik maiaz hitz egiten) eta Tabascon.
Nola jakin, ordea, maiak ez direla etruskoen anaia bikiak? Zeren eta, Diaz Bolioren iritziz, El ejemplo de la mayor pureza del idioma maya se da hoy en Valladolid (ez naiz txantxetan ari). Valladoliden beraz! Baina nork ote dakike Yucatango vallisoletano horiek Zaci deitzen diotela beren sorterriari, eta Valladolid hori administrazioak darabilela eta ez beste inork?
Ez hori bakarrik, Belize, Guatemala eta Hondurasko erresuma auzoetan ere, badago maiarik erruz, kitxeera dialektoz mintzo. Milioi pare bat, esan didatenez. Ezen hizkuntzalariek sei dialekto bereizten dituzte maien herrialdean: maia bera, huasteko, kitxeera, tzeltal, pokomchi eta mamera.
Guatemalako eta Mexikoko maiek elkar ulertzen ote duten galdetu dut, eta baietz erantzun didate ziplo, nahiz diferentzia batzuk izan. Eta Munako maia gazte batek azalpen zehatz hau eman dit: “Nola duzu izena?” galdetzeko, esate baterako, bikiria khaba esaten dela Guatemalan, eta bixia khaba, berriz, Mexikoko probintzietan.
Baina Uxmal, Chichen Itza, Dzibilchaltun, Palenque, Tulum, Kabah harrigarriak erakusten dituzten maiek berek ez dakite gaur “Aurrera gure herria” nola esan ote litekeen ere!
Maiak piztuko badira, maila guztietan batera dira piztuko. Eta hauxe nekez sumatzen da Tropikoko sargori hartan. Baina nik ez dut dudarik batere egiten: mendeetan barrena maiei espainiarrek debekatu zieten Chichen Itzaren arima piztuko da, eta maia harrigarriak beren buruaz jabetuko dira. Greziarrak, luzaroan menderaturik egon ondoren, piztu ziren bezala. Agian laster.